Irlandako Errepublika
Wikipedia(e)tik
- Artikulu hau Europako estatuari buruzkoa da, beste esanahientzat ikus Irlanda
Irlanda Éire |
|||||
---|---|---|---|---|---|
|
|||||
Goiburu nazionala: Ez du | |||||
Ereserkia: Amhrán na bhFiann (Gudariaren Abestia) | |||||
Hiriburua | Dublin 53°26′ N 6°15′ W |
||||
Hiri handiena | Dublin | ||||
Hizkuntza ofiziala(k) | Irlandera, Ingelesa | ||||
Gobernua
Presidentea
Taoiseach |
Demokrazia parlamentarioa Mary McAleese Bertie Ahern |
||||
Independentzia - Aldarrikatua - Onartua |
Erresuma Batutik 1919ko urtarrilaren 21 1921eko abenduaren 6 |
||||
Eremua - Guztira - ur % |
70.273 km² km² (117.) 2,00% |
||||
Biztanleria - Estimaketa (2005) - Errolda (2002) - Dentsitatea |
4.130.000 biztanle (122.) 3.917.203 biztanle 57 biztanle/km² (143.) |
||||
Dirua | Euroa31 (€) (EUR ) |
||||
Ordu eremua - Udan (DST) |
UTC (UTC +0) Bai (UTC +1) |
||||
Interneteko domeinua | .ei | ||||
Telefono aurrezenbakia | +353 |
||||
Herritarra | irlandar | ||||
11999 baino lehen irlandar libera |
Irlandako Errepublika Europa ipar-mendebaldeko Irlandako uhartean dago eta Europar Batasuneko kide da.
Hiriburu eta hiri handiena Dublin (irlanderaz Baile Átha Cliath) du, 1.661.185 biztanlerekin. Beste hiri nagusiak Cork/Corcaigh (380.000), Limerick/Luimneach (93.321), Galway/Gaillimh (71.983), Waterford/Port Láirge (45.775), Ennis/Inis (24.253) eta Kilkenny/Cill Chainnigh (23.967) dira.
Uhartearen iparraldeko seienari Ulster deritzo; horren zati handiena (Ipar Irlanda) izenez ezagutzen da eta gaur egun Erresuma Batuaren menpe dago.
Eduki-taula |
[aldatu] Geografia
Sakontzeko, irakurri: Irlandako uhartea
Irlandako uhartea Britainiar uharteetako bi uharte nagusien artean txikiena da, Britainia Handiaren mendebaldean kokatua.
Uhartearen erdialdeko ordokian, mila metro inguruko mendixka ugari altxatzen da. Horien artean garaiera Carrauntuohill mendia da (irlanderaz Carrán Tuathail), guztira 1.041 metroko garaiera dauka. Bestalde Shannon ibaiak, (Irlandako luzeenak alegia, uhartea 386 kilometrotan zehar zeharkatzen du.
[aldatu] Historia
Sakontzeko, irakurri: Irlandako Errepublikako historia
- 1801eko urtarrilaren 1ean Batasuneko Ituna indarrean sartu zen. Itun honek Irlandako Erresuma ezabatu eta Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batua sortarazi zuen. Garai hartan Irlandako agintariak Londreseko gobernuak izendatzen zituen zuzenean.
- 1845-1849 bitartean Irlandako Gosete Handia izan zen, gehienbat patataren uzta oso txarra izan zelako. Horregatik, irlandar askok erbestera jo behar izan zuten, AEBetara, Britainia Handira edo Australiara, besteak beste. Tragedia honek neurri batean irlandar nazionalismoa berpiztu zuen.
- 1914an nolabaiteko autonomia lortu zen Home Rule delakoari esker. Honek unionistak indartu zituen, bereziki Ulsterren. Britainia Handiak Home Rule hegoaldeko 26 konderrietan aplikatu zuen, geroago Ipar Irlanda izango zena aparte utzita.
- 1916ko Aste Santuan Irlandako abertzaleak Britainia Handiaren aurka altxatu ziren Dublin eta Galwayn. Irlandar Errepublika (Irish Republic) aldarrikatu zuten. Britainia Handiak errepresio gogorra egin zuen altxatuen aurka.
- 1917ko urriaren 25ean Eamon De Varela presidente aukeratu zuten.
- 1918ko hauteskundeetan Sinn Feinek garaipen argia lortu zuen.
- 1919ko urtarrilaren 21ean Irlandako hautetsiak (Britainia Handiko Komunen Ganberarako hautetsiak) Dublinen elkartu ziren Irlandako Parlamentua (Dáil Éireann) osatuz. Honek Irlandar Errepublika aldarrikatu zuen aldebakarrez, baina ez zen nazioartean onartua izan (Leninek gidatutako SESBak bakarrik onartu zuen). Aldarrikapen honek Irlandako Independentzia Gerra sortu zuen.
- 1921eko urriaren 11n Britainia Handiaren eta Irlandako ordezkarien arteko elkarrizketak hasi ziren Londresen.
- 1921eko abenduaren 6an Irlandako ordezkariek Itun anglo-irlandarra izenpetu zuten Londresen. Itun honen bidez Irlandako Estatu Askea(Saorstát Éireann) sortu zen, Britainia Handiko koroaren menpe, baina bestelako gaietan guztiz autonomo izango zen estatua. Protestanteak nagusi ziren iparraldeko 6 konderriak Britainia Handiaren menpe jarraitu zuten.
- 1922ko ekainaren 16an Irlandako Estatu Askeko lehen hauteskundeak egin ziren. Ordurako Sinn Fein bi zatitan banatuta zegoen, batzuk Itunaren alde eta besteak kontra. Hauteskundeetako emaitzek Estatu Askeko herritarrak Itunaren alde zeudela erakutsi zuten, bere aldeko alderdiek garaipen garrantzitsua lortu zuten eta.
- 1922ko ekainaren 18an Eamon de Valerak uko egin zion gobernuan jarraitzeari, Itunaren erabat aurka zegoen eta. Arthur Griffith bihurtu zen behin-behineko gobernuburu.
- 1922ko ekainaren 28an Irlandako Gerra Zibila hasi zen, Itunaren aldekoen eta aurkakoen artean. Dublin eta hiri garrantzitsuenak Estatu Askeko tropek kontrolatzen zituzten, baina hegoaldeko Munster konderrian itunaren aurkakoek Munsterreko Errepublika aldarrikatu zuten.
- 1922ko abuztuaren 22an Irlandako Armadaren komandante buru zen Michael Collins hil zuten segada batean Corkeko konderriko Béal na mBláth herrixkan.
- 1922ko abenduaren 6an Irlandako Estatu Askeko konstituzioa indarrean sartu zen.
- 1923ko maiatzaren 24an Estatu Askeko tropak garaipena lortu zuten. Itunaren aurkakoak porrota jasan behar izan zuten; gainera, galtzaileetako asko heriotzara zigortu zituzten.
- 1926ko martxoaren 23an Itunaren aurka zeudenek Fianna Fail alderdia sortu zuten. Eamon de Valera zen bertako buru.
- 1927ko abuztuaren 27an egindako hauteskundeetan Cumann na nGaedheal alderdiak (Ituna eta Estatu Askea babesten zituenak) garaipen argia lortu zuen.
- 1932ko martxoaren 9an Fianna Failek hauteskundeak irabazi eta Eamon de Valera izendatu zuten gobernuburu. Honek Irlandako Estatu Askearen eta Britainia Handiaren arteko harremanak moteldu nahi izan zituen.
- 1933ko irailaren 3an Cumann na nGaedhael eta beste alderdi batzuek Fine Gael alderdia sortu zuten. Tradizioz Itunaren aldeko zirenak sartu ziren bertan.
- 1937ko abenduaren 29an konstituzio berri bat onartu zen. Konstituzio honen arabera, Irlandako Estatu Askearen ordez Irlanda deituriko estatua jaio zen. Irlandako Presidentea kargua sortu zen arren, ez zen ofizialki errepublika izendatu.
- II. Mundu Gerran neutral mantendu zen.
- 1949ko apirilaren 18an Irlandako Errepublika deskripzioa hartu zuen. John A. Costello Taoiseach-ak (Fine Gael alderdikoa) proposatutako lege aldaketa baten bidez, Errepublika ezarri zen eta Erresuma Batuko monarkak zituen botere guztiak galdu zituen. Erabaki horren ondorioz, Britainia Handiko kolonia ohiek osatutako Commonwealth erakundetik atera zen eta estatu guztiz independente bihurtu zen.
- 1950 inguruan Gaeltacht lurralde gaelikoaren mugak finkatu zituzten.
- 1955ean Nazio Batuen Erakundeko kide bihurtu zen.
- 1960ko ekainaren 1ean Radio Telefís Éireann (RTÉ) irrati-telebista talde elebiduna sortu zuten.
- 1973an Europako Ekonomi Erkidegoan sartu zen.
- 1976ko irailaren 25ean U2 musika talde arrakastatsua izango zena Dublinen sortu zuten.
- 1998ko maiatzaren 23an Ostiral Santuko Akordioari buruzko erreferenduma egin zen, bai Irlandako Errepublikan eta baita Ipar Irlandan ere. Irlandako Errepublikan %56ko parte hartzearekin %94ak babestu zuen Akordioa.
[aldatu] Politika
Irlandako Errepublika edo Éire errepublika demokratiko eta parlamentarioa da. Irlandako presidentea (gaelikoz Uachtarán na hÉireann) estatu burua da, zazpi urtez behin hauteskunde bidez aukeratua. Gaur egun protokoloko funtzioak betetzen ditu gehienbat, baina konstituzioak zeregin berezi batzuk ematen dizkio. 1997tik presidentea Mary McAleese da (Fianna Fail alderdikoa), 2004an berriz aukeratu zuten eta.
Parlamentuak (Oireachtas) bi ganbera ditu: Senatua (Seanad Éireann) edo goi ganbera eta Dáil Éireann edo behe ganbera. Senatuak 60 kide ditu, modu desberdinetan aukeratutakoak (lehen ministroak izendatuta, unibertsitateek izendatuta edo lanbide adarretako ordezkariek izendatuta. Ganbera honek boterea duen arren, gai gehienetan behe ganberak du nagusitasuna.
Dáil Éireann-ek 166 kide ditu (Teachtaí Dála) bost urtez behin aukeratzen da sufragio unibertsalaren bidez. Irlandako hauteskunde sistema berezia Boto Transferigarri Bakarra (Ingelesez Single Transferable Vote) bezala ezagutzen da; bertan, hautesle bakoitzak nahi beste hautagairi eman diezaioke botoa, gustukoenetik hasita zerrendatuz. Botoak zenbatzean kuota bat ezartzen da eserleku bat hartu ahal izateko, eta banan-banan boto gutxien dituztenak ezabatzen joaten dira eta soberakoak bigarren, hirugarren... hautagaiari batzen. Dáil Éireann-i dagokio, besteak beste, lehen ministroa (Taoiseach) aukeratzea, gobernua kontrolatzea eta legeak eta aurrekontuak onartzea. Gobernua gehienez 15 ministrok osa dezakete eta horietatik gehienak Dáil-eko kideak izan behar dira.
2007ko hauteskundeen ondoren, gobernua Fianna Failek, Irlandako Alderdi Berdeak eta Demokrata Progresistek osatu zuten, Bertie Ahernen gidaritzapean. Oposizioko alderdiak Fine Gael, Alderdi Laborista eta Sinn Fein dira.
[aldatu] Banaketa administratiboa
Sakontzeko, irakurri: Irlandako banaketa administratiboa
Errepublika lau probintziatan eta 26 konderritan banatuta dago. Biztanle-dentsitaterik handiena ekialdeko kostaldean eta hegoaldean dugu:
1. Iparraldean, Ulster, hiru konderri Irlandakoak dituela eta sei Erresuma Batukoak.
2. Hegoaldean, Munster (Cork): 1.172.170 biztanle eta 6 konderri.
3. Ekialdean, Leinster (Dublin): 2.292.939 biztanle eta 12 konderri. Probintziarik populatuena.
4. Mendebaldean, Connacht (Galway): 503.083 biztanle eta 5 konderri.
[aldatu] Kultura
[aldatu] Dantzak
Sakontzeko, irakurri: Irlandar dantzak
Irlandak dantza propioak ditu, horien artean irlandar zapatatua da ezagunenetakoa.
[aldatu] Hizkuntzak
Herrialde ofizialki elebiduna bada ere, ingelesa da hizkuntza nagusia ia arlo guztietan.
Irlanderari dagokionez, 250.000 hiztun aktibo bizi dira gaur egun guztira. Hizkuntza nagusia da oso leku gutxitan, eta eremu gutxitu horrek Gaeltacht izena hartzen du. Bertan 85.000 pertsona kontzentratzen direla, batez ere Donegal, Mayo, Galway, Kerry eta Cork mendebaleko konderrietan.
[aldatu] Literatura
Sakontzeko, irakurri: Irlandako literatura
Irlandako idazle ezagunen artean Oscar Wilde, George Bernard Shaw eta James Joyce ditugu, besteak beste.
[aldatu] Musika
Sakontzeko, irakurri: Irlandako musika
Herrialdeak oso estilo desberdineko talde eta abeslariak eman ditu, folk musikatik (The Chieftains edo Clannad) rockera (U2).
Halaber, Van Morrison edo Sinead O'Connor moduko abeslari handiak irlandarrak izan dira.
[aldatu] Ospakizunak
Martxoaren 17a San Patrizioren eguna da (Saint Patrick ingelesez edo Naomh Pádraig gaeleraz), Irlandako patroia izanda herrialdeko festa egun nazionala dena, diasporan ere ospatutakoa.
[aldatu] Inguru naturala
- Carrauntuohill edo Carrán Tuathail mendirik altuena du (1.041 m), Kerryko konderrian dagoena.
[aldatu] Hedabideak
- Radio Telefís Éireann irrati-telebista kate publikoa.
[aldatu] Irlandar ezagunak
Sakontzeko, irakurri: Irlandar ezagunak
Oscar Wilde eta James Joyce moduko idazleak, Enya, Bono eta Van Morrison kantariak eta Peter O'Toole aktorea irlandarrak dira.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
Europa | ||
---|---|---|
Herrialdeak: Albania Alemania Armenia Andorra Austria Azerbaijan Belgika Bielorrusia Bosnia-Herzegovina Bulgaria Danimarka (Faroe Uharteak) Erresuma Batua (Gibraltar Man Uhartea Guernesey Jersey) Errumania Errusia Eslovakia Eslovenia Espainia Estonia Finlandia (Aland Uharteak) Frantzia Georgia Grezia Herbehereak Hungaria Irlanda Islandia Italia Kosovo Kroazia Letonia Liechtestein Lituania Luxenburgo Malta Mazedoniako Errepublika Moldavia Monako Montenegro Norvegia ( - Svalbard eta Jan Mayen Uharteak) Polonia Portugal San Marino Serbia Suedia Suitza Turkia Txekiar Errepublika Ukraina Vatikano Hiria Zipre |
Europar Batasuneko kideak | ||
---|---|---|
Alemania • Austria • Belgika • Bulgaria • Danimarka • Erresuma Batua • Errumania • Eslovakia • Eslovenia • Espainia • Estonia • Finlandia • Frantzia • Grezia • Herbehereak • Hungaria • Irlandako Errepublika • Italia • Letonia • Lituania • Luxenburgo • Malta • Polonia • Portugal • Txekiar Errepublika • Suedia • Zipre Sartzeko negoziatzen ari direnak: Kroazia • Turkia · Mazedonia |