Itun anglo-irlandarra
Wikipedia(e)tik
Itun anglo-irlandarra (gaelikoz An Conradh Angla-Éireannach, ingelesez Anglo-Irish Treaty) Erresuma Batuko eta de facto Errepublika Irlandarra gidatzen zuen gobernuaren arteko ituna izan zen. Irlandako Independentzia Gerraren ostean izenpetu zen; itun honen ondorioz, Irlandako 26 konderrik Irlandako Estatu Askea osatu zuten, Britainia Handiko inperioaren azpian baina barne politika autonomoarekin. Ipar Irlandako sei konderriek Britainia Handiaren menpe jarraitu zuten.
Ituna Londresen sinatu zen 1921eko abenduaren 6an. Britainia Handiaren aldetik David Lloyd George lehen ministroak izenpetu zuen eta irlandarren partetik Arthur Griffith eta Michael Collinsek gidatutako ordezkaritzak. Indarrean sartzeko Dail Eireann Irlandako parlamentuak, Britainia Handiko Komunen Ganberak eta Irlandako Komunen Ganberak onartu behar zuten. Dail Eireannen zatiketa argia gertatu zen; Eamon de Valerak gidatuta, sektore batek uko egin zion ituna berresteari eta parlamentua utzi zuten. Gertakari honek Irlandako Gerra Zibila sortu zuen itunaren aldekoen eta aurkakoen artean.
Daileko tramitea pasatzeko, hauteskunde berriak egin ziren. Itunaren aldekoek irabazi zuten, aurkakoak uko egin zioten eserlekuak hartzeari eta ituna indarrean sartu zen 1922ko abenduaren 6an.
[aldatu] Itunaren edukia
Hauek dira Itun anglo-irlandarraren oinarrizko edukiak:
- Britainia Handiko indar armatuak Irlanda gehienetik alde egin behar dute.
- Irlandako zatirik handiena dominium bihurtuko da inperio britainiarraren baitan, Australia, Kanada, Zeelanda Berria eta Hego Afrikako Batasuna bezala.
- Dominium guztietan bezala, Erresuma Batuko erregea estatuburua izango da eta Gobernadore Orokorrak ordezkatuko du.
- Irlandako legebiltzar (Dail) berriko kideek Estatu Askeari zin egin beharko diote. Horrek bere baitan dakar erregea aitortzea ere.
- Muga batzordeak Irlandako Estatu Askearen eta Ipar Irlandaren arteko muga zehaztuko du.
- Britainia Handiak Irlandako zenbait portu zaintzeko eskubidea du, segurtasun arrazoiengatik.
- Irlandako Estatu Askeak inperio britainiarra mantentzeko gastuetan parte hartu behar du.
- Ituna Irlandako edozein legeren gainetik egongo da, baita 1922ko konstituzioaren gainetik ere.