See also ebooksgratis.com: no banners, no cookies, totally FREE.

CLASSICISTRANIERI HOME PAGE - YOUTUBE CHANNEL
Privacy Policy Cookie Policy Terms and Conditions

See also ebooksgratis.com: no banners, no cookies, totally FREE.

CLASSICISTRANIERI HOME PAGE - YOUTUBE CHANNEL
Privacy Policy Cookie Policy Terms and Conditions
Euskadi Ta Askatasuna - Wikipedia, entziklopedia askea.

Euskadi Ta Askatasuna

Wikipedia(e)tik

ETAren anagrama Altsasuko enparantzan
ETAren anagrama Altsasuko enparantzan

Euskadi Ta Askatasuna, ETA bezala ezaguna, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortu nahi duen talde armatua da. "Bietan jarrai" da ETAren leloa. Bere ekintza arruntenak bahiketa, hilketak eta enpresen aurkako bonbak izan dira. Normalean politiko eta segurtasun indarretako kideak hil ditu; adibidez, zinegotziak, Goardia Zibilak, militarrak, poliziak, ertzainak, epaileak, enpresariak, kazetariak, etab. Baina baita inongo kargurik ez duten lagunak ere.

2003tik 2006ko abenduaren 30a bitartean, hildakorik ez zuen eragin ETAk. Hiru urte eta erdiren ondoren, Madrilgo Barajasko aireportuan ipinitako lehergailuak, 2 hildako eta kalte material izugarriak eragin zituen, ETAk izendatutako "su-eten iraunkorra" apurtuz. Bi aste geroago, ordea, su-etenak indarrean zirauela adierazi zuen. Hilabete batzuen buruan ofizialki hautsi zuen eta indar armatura itzuli zen, azken negoziazio saio baten ondoren.[1]

Eduki-taula

Historia

Sorrera

1952an, Francoren diktadura garaian, Ekin isilpeko talde politikoa sortu zuten Bilboko unibertsitateko ikasle batzuek. Hiru urte geroago, talde hau EGIrekin elkartu eta 1959an Euzko Alderdi Jeltzalearekin harremanak hautsi zituen, Euskadi Ta Askatasuna izena hartuz. Hasiera batean EAJren erosokeriari eta utzikeriari erantzuteko sortu, eta burutu zituen lehen ekintzak euskal kulturaren aldekoak izan ziren nagusiki. Garai hartan, ondoren hartuko zuen izaera sozialista ez zuen oraindik garatu.

1960ko hamarkadan ETAk erakutsi zuen euskal gizartea bizirik zegoela eta, frankismo latza jasan arren, gai zela bere identitate nazionala berreskuratzeko. Garai hartan mugimendu politikoa zen, baina euskararen aldekoa ere bai: “gure helburua ez da botere politiko propioa duen Euskadi bat bakarrik, horrekin ez da nahikoa. Botere politiko hau hizkuntza eta kultura arrotz baten zerbitzura egongo balitz, gure helburuetan porrot egingo genuke”.

Ekinbide armatuaren hasiera

Taldeko zuzendaritzako partaideak Eneko Irigarai, Lopez Dorronsoro, J.L. Alvarez Enparantza Txillardegi, Benito del Valle, J. Manuel Agirre, Patxi Iturriotz eta Julen Madariaga izan ziren. 1960an, Francoren poliziak lehenengo atxiloketak egin zituen eta uztail hartan hasi zen erakundea ekintza armatuak egiten: Francoren gudari ohiez betetako tren bat burdinbidetik ateratzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Ekintzak huts egin arren, atxiloketa ugari izan zen eta Madariaga, del Valle, Irigarai eta Elosegi atzerrira joan ziren. 1961eko uztailaren 18an, Donostian bi Espainiako bandera erre zituzten eta horrek 100 militante baino gehiago atxilotzea eta beste askoren erbesteratzea ekarri zuen, erakundearen barne antolaketa, deseginik geratu zelarik.

Hurrengo urteko maiatzean, ETAk lehen biltzarra egin zuen, eta fronte berezietan egituratu zen erakundea: politikoa, kulturala, langileena eta militarra. Oinarri politiko eta ideologikoak finkatu zituen: Zentralismorik gabeko demokrazia Euskal Herriarentzat, nazioen elkarte federala Europan, militarismoa gaitzestea eta erlijio loturarik gabeko estatua. Ekonomian, sozialismoaren alde agertu zen ETA, nahiz eta oso konkretua ez izan. Biltzarraren ondoren zortzi urtetan aurrera eramateko egitasmoa onartu zen, bi urteko epeetan banatua (zabalkundea egiteko, burkideak prestatzeko, armak eta dirua biltzeko eta ekintzetarako). Urte hartan bertan, bigarren biltzarra egin zen eta kide berri ugari sartu ziren erakundean. 1963an poliziak buruzagiak atxilotu zituenean, EGI erakundeko kide asko sartu zen ETAn.

1965ean laugarren biltzarra egin zen eta 1967an bosgarrena, erakundearen sortzaileak eta kide zaharrenak atzerrian zeudela. Burkide berriek marxismoa bereganatu zuten eta hori zela eta, burkide zaharrekin eztabaidak hasi ziren.

Urte hauetan guztietan euskal erakundeak ikurriñak jarri zituen kableetan, salatariak mehatxatu zituen eta ehundaka plaka frankista hautsi zituen. Ekintza armatuekin hasi zirenean, bere lehen biktimak iritsi ziren. 1968ko ekainaren 7an, Olarraingo (Tolosa) errepide kontrol batean Xabier Etxebarrieta burkidea hil eta Iñaki Sarasketa atxilotu zuen Goardia Zibilak. Honi erantzunez, ETAk Melitón Manzanas polizia hil zuen Irunen. Era honetan, behin betiko erakunde armatua izatera igaro zen. Lehenengo armak Txekoslovakiari erosi zitzaizkion, tanke errusiarrak Pragan sartzen ari ziren garaian.

Lehen zatiketak

1970ean seigarren biltzarra egin zen, eta ETA VI.a (joera troskistakoa) eta ETA V.a (partaide gehienak preso edo atzerrian zituena) bereizi egin ziren. Abenduaren 28an Burgosko prozesua hasi zen: Sei etakiderentzat heriotz zigorrak agindu ziren, baina handik bi egunera, nazioarteko presioak eraginik, Francok zigorrak aldatu behar izan zituen.

Urte haietan zatiketa handiak izan ziren: ETA VI.ekoak Liga Komunista Iraultzailean sartu ziren, LAIA erakundea sortu zen, fronte militarrak LAB sindikatua eratu zuen... 1973an poliziak “Txikia”, ekintza armatuen arduradunetako bat, tiroz hil zuen eta horri erantzunez, ETAk bere historiako ekintzarik garrantzitsuena egin zuen: Luis Carrero Blanco, gobernuko lehendakaria eta Francoren oinordeko izan zitekeena, hil zuen Madrilen. Honela, erakundea frankismoaren aurkako erreferentzia bihurtu zen jende askorentzat: sistemaren erdigunera erasotzeko prest zegoen bakarra zela frogatu zuen.

Hamarkada horietan, erakundeak munduko beste erakunde armatuei elkartasuna adierazi zien: (Kurdistan, Vietnam, Uruguai, Aljeria...) 1972ko maiatzean, modu publikoan, beste bi erakunde europarrekin batera agerraldi bat egin zuen: Askapenerako Frente Bretoia (FLB) eta Irish Republican Army edo Irlandako Armada Errepublikarra (IRA).

ETA-m ETA-pm zatiketa

1974ean eztabaidak izan ziren eta taldea bi zatitan banatu zen: ETA militarra (ETA-m) eta ETA politiko-militarra (ETA-pm). Azken honetan Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur nabarmendu zen eta Bereziak taldea sortu zen (Euskal Herritik kanpora ekintza armatuak egiteko arduradunak). ETA militarrak atentatuak egiten jarraitu zuen. Bitartean, diktadurak polizia-egoera berezia ezarri zuen eta ATE (Anti Terrorismo ETA) taldea sortu zuen.

Kartzelak eta erbestea etakidez beteak zeuden, eta horrela komando bereziak sortu ziren. 1975ean KAS (Koordinadora Abertzale Sozialista) sortu zuen ETA politiko-militarrak, ETAren inguruan sortutako zenbait talde biltzeko asmoz. Irailaren 27an ETA politiko-militarreko Juan Paredes “Txiki” eta Anjel Otaegi fusilatu zituzten FRAPeko (Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoa) hiru kiderekin batera. Hauek izan ziren Francoren gobernuko azken heriotza zigorrak.

Erreformaren aurka eta 80ko hamarkada

1975eko azaroaren 20an Franco hil zen eta urtebete geroago Suárezen gobernuak erreforma politikoaren proiektua aurkeztu zuen. Uztailean Pertur desagertu egin zen; argi ez badago ere, familiaren ustez Bereziak taldeak hil zuena. Orduan hasi ziren ETAren eta Espainiako gobernuaren arteko harremanak.

1977an Espainiako hauteskunde orokorrak iritsi ziren, eta ezker abertzaleak abstentzioa eskatu zuen amnistiaren aldeko manifestazioetan. Ekainean erakundeak inoiz baino eraso gehiago egin zituen: 11 egunetan 34 eraso. Urte hartan aldaketa asko izan ziren: ETA politiko-militarrak su-etena proposatu zuen amnistia osoaren eta legeztatze politikoaren truke, Bereziak taldea ETA militarrera pasa zen eta ETA politiko-militarrak KAS utzi zuen Euskadiko Ezkerraren (EE) alde azaldu zen.

Iparraldean Biltzar Nagusiak egiten zituzten, Biltzar Ttipia edo zuzendaritza aukeratzeko. 8 sail zeuden banaturik: Informazioa, Propaganda, Komando Legalak, Komando Ilegalak, Politika Bulegoa, Ekonomia, Harreman Internazionalak eta Mugak. Berrantolaketaren ondoren, erakundeak komando iraunkor bat bidali zuen Madrila. Lehenengo ekintzan armadako bi kide hil ziren. Erantzuna gogorra izan zen: ETAren barnean mito bat, Jose Miguel BeñaranArgala, hil zuten.

Hegoaldea bitan banatzen zuen Gernikako Estatutua sortzen eta onartzen zen bitartean, erakundeak bere historiako eraso armatu handienak egin zituen. 1978an, ETAk 75 pertsona hil zituen; hurrengo urtean 71, eta 1980an 81 hildako izan ziren. ETA politiko-militarrak Mediterraneo itsasertzeko turismo industriaren kontra eta Lemoizko zentral nuklearraren kontra (Iberduero enpresaren aurka zuzenduz, bereziki) egin zituen atentatuak. ETA militarra, berriz, Espainiako Estatuaren kontrako zuzeneko borrokara bideratu zen. 1981eko estatu kolpea emateko ahaleginaren ondoren, ETA politiko-militarrak su-etena adierazi zuen eta desegiten hasi zen. Erakundearen kontrako iharduerak forma berriak hartu zituen: batez ere Iparraldean militante, lagun eta abertzaleak hiltzeko talde paramilitarrak eratu ziren Espainian (Triple A, GAL, Batallón vascoespañol). 1982an Nafarroa eta EAE banatu ziren eta PSOEk hauteskundeak irabazi zituen. Denbora honetan (1977-1984) ETAk 500 pertsona inguru hil zituen.

Urte hartaz geroztik zenbait burkidek erakundea utzi zuten, Espainiako gobernuak berriro herriratzeko egindako proposamena onartuz. 1986an Maria Dolores Gonzalez Yoyes horregatik hil zuen ETA militarrak. Momentu hartatik aurrera, euskal gizartean ETAren desegin beharra ala jarraitu beharraren eztabaida biziki piztu zen. 1988an EAEko alderdi politiko guztiek (Herri Batasunak izan ezik) ETAren aurkako hitzarmena (Ajuria-Eneko Hitzarmena) sinatu zuten. 1989 urtera arte Espainia eta Frantziako kartzeletan ia 600 preso euskaldun sartu zituzten eta atentatu ugari izan ziren, baita hildakoak ere. Urtarriletik martxora bitartean, ETA eta gobernu espainiarraren arteko elkarrizketak izan ziren Aljeren. Hauek ez zuten aurrera egin eta dena lehen bezala geratu zen.

1992ko erorketatik Lizarrara

1992ko martxoan erakundearen zuzendaritza Bidarten atxilotu zuten eta, ondorioz, barne berrantolaketa berri bat gertatu zen. Beste garai batzuetan baino ekintza gutxiago egin zituzten, 1994an Francisco Veguillas teniente generalaren aurkako atentatua gertatu arte. Hauteskundeetan geroago Euskal Herritarrok eta azkenik Batasuna bihurtuko zen Herri Batasunak 11 eserleku lortu zituen. Hurrengo urtean Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuten Gipuzkoako hiriburuan eta Jose María Aznar PPko presidentea onik atera zen Madrilen eginiko atentatu batetik.

Geroztik Alderdi Popularrak 1996ko hauteskundeak irabazi eta erakundeak atentatu eta bahiketekin jarraitu zuen, hauetako batzuk oso famatuak (Aldaiaren bahiketa luzea edo Miguel Angel Blancoren hilketa).

Lizarra-Garazi eta su-etenaren haustura

Lizarrako Akordioa sinatu zuten 1998an alderdi (EAJ, EA, EH, Zutik, AB, Ezker Batua, ANV...) eta gizarte mugimendu ugarik; denbora batera Donibane-Garazin berretsiko zutena Lizarra-Garaziko Akordioa izena hartuz. Handik oso gutxira, ETAk su-etena deklaratzea erabaki zuen EAJ eta EA alderdiekin akordio batera iritsi ostean. 1999ko hauteskundeetan EHk 14 eserleku lortu zituen. Denboraldi honetan, Aznarren gobernuak Kanariak eta Balearretan zeuden euskal presoak Iberiar Penintsulara ekarri zituen eta ETArekin elkarrizketatu zen. Elkarrizketa bat egin zen, Suitzan, baina porrota jasan zuen; baina erakundeko kideak atxilotzen jarraitu zuen. Gainera, Joselu Geresta Ttotto hilik agertu zen Errenterian egoera argitu gabean.

Erakundeak, EAJek eta EAk hiruron artean sinaturiko akordioak betetetzen ez zituztela egotzita, 1999. urte bukaeran su-etena bukatutzat eman zuen. 2000ko urtarrilean berriro ekin zion ekintza armatuak burutzeari, kanpaina gogorra burutuz: 14 hilabete horietatik aurrera, 45 heriotza baino gehiago eragin zituen taldeak. Urte hauetan, justizia organuek Egin egunkaria itxi zuten (geroago honen ordez Gara sortuko zen).

2003tik gaur egunera arte

ETAko hiru kide Aritxulegin (Oiartzun), 2006ko "Gudari Egunean".
ETAko hiru kide Aritxulegin (Oiartzun), 2006ko "Gudari Egunean".

2003ko otsailean Euskaldunon Egunkaria, euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra, itxi zuten eta 10 langile kartzelaratu zituzten ETArekin zerikusia omen zutelako. Neurri hau begitxarrez ikusi zuen euskal gizartearen gehiengoak: protestak, diru bilketak, manifestazioak... antolatu zituen eta laster sortu zen Berria, Egunkaria ordezkatu zuena.

Batasuna eta ezker abertzaleko hainbat talde (Segi, Askatasuna...) legez kanporatu zituzten, arrazoi desberdinak egotzita, horien artean epaitegietan inoiz frogatu gabeko ETArekiko lotura organiko bat. Batasunak 2003ko maiatzeko herrietako hauteskundeetan parte hartzerik izan. Honek paradoxaz beteriko egoera ekarri zuen, herri askotan boto baliogabeak izugarri izan baitziren, baita gehiengoa lortu ere batzuetan (Oiartzun, Hernani, etab).

2004an, Josep Lluis Carod-Rovira ERCko presidentea ETArekin izan zuen elkarrizketa batzuen ondoren, erakundeak Katalunian kanpaina armatua etetea erabaki zuen. Dena den, Rovirak bere elkarrizketan halakorik eskatu ez zuela esan du, edo, behintzat, Espainia osoarentzako tregua eskatu zuela. 2005ean kargu politikoen aurkako atentaturik ez zuela egingo ere jakinarazi zuen. Bitartean poliziak inoiz baino etakide gehiago atxilotu zituen.

Balmasedako epaitegia ETAren atentatua jasan ondoren (2006).
Balmasedako epaitegia ETAren atentatua jasan ondoren (2006).

Hiru urtez ETAk inor ez hil eta gero, nahiz eta ekintza armatuak ugariak izan (Espainiako administrazioa eta interes turistikoen aurka, Zerga iraultzaile delakoa ordaintzen ez zuten enpresaburuen aurka, etab.), 2006ko martxoaren 24tik aurrera ekintza armatuen etenaldi iraunkorra abiaraztea erabaki zuen, "prozesu demokratiko bat bultzatzeko" asmoz.

Barajaseko aparkalekua atentatuaren ondoren.
Barajaseko aparkalekua atentatuaren ondoren.

Bederatzi hilabete geroago, 2006ko abenduaren 30an, Madrilgo Barajasko aireportuan auto-bonba jarri eta lehertu egin zuen, martxoan hasitako su etena amaituaraziz. Hala eta guztiz ere, erakundeak 2007ko urtarrilaren 9an Gara egunkariari bidalitako agiri batean su-eten iraunkorra mantentzeko asmoa azaldu zuen, hildakorik izateko asmorik ez zuela-eta ordubeteko aurrerapenaz hiru deiren bitartez abisatu ondoren polizia aireportuko aparlekuak desalojatzeko gai ez izatea salatuz. Azkenik, urte bat eta hiru hilabete pasa ondoren, 2007ko ekainaren 5ean, ekainaren 6ko 00:00tatik aurrera su-etena hautsiko zuela jakinarazi zuen "negoziaketa prozesu batean aritzeko behar diren gutxieneko baldintzarik ez dagoela" argudiatuz[2].

2007ko abuztuaren 24ko goizaldeko 3:30etan ETAko ustezko kide batzuek Durangoko Goardia Zibilaren egoitza erasotu zuten. 80 kilo lehergailuz betetako furgoneta batean heltzen ikusi zuten pertsona bat (gizonezkoa iruditu zitzaien), furgoneta kuartelaren ondoan aparkatu eta beste auto batean ihes egin zuen. Furgoneta lehertzean bi goardia zibil zauritu ziren, eta inguruko etxe eta ibilgailu asko kaltetu ziren. Geroago, Zornotzan (Durangotik 12 kilometrora) kotxe bat lehertu zen aparkaleku batean. Ustez Durangon furgoneta aparkatu zuenak ihes egiteko erabili zuena izan zen.

Goardia Zibilaren aurkako ekintza horren ostean, bonba bidezko hainbat atentatu burutu zituen ETAk epaitegien, ertzainetxeen eta PSE-EEko egoitzen aurka, besteak beste. Halaber, Cap Bretonen (Landak, Frantzia) bi goardia zibil hil zituzten.

2008ko martxoaren 7an Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia tiroz hil zuen Arrasaten, autoan zegoela.[3]. Hilketa horrek martxoaren 9ko hauteskundeetarako kanpaina bertan behera utzi zuen.

Gertakaria
Egunotan jazotako gertakari batek artikulu honetan aldaketak eragin ditzake
Orrialde honetako informazioa edozein unetan alda daiteke beraz.


Euskadi Ta Askatasunaren ekintzak

Biktimak
Zibilak 340
Polizia edo militarrak 479
Guztira 819

ETAk hildako lehenengo pertsona Jose Pardines espainiar goardia zibila izan zen, errepide kontrol batean topo egitean. Aurrez antolatutako ekintza armatu batean hildako lehenengoa Melitón Manzanas espainiar polizia izan zen. Ondoren garrantzi eta izen handiko hainbat pertsona hil ditu:

ETAren ekintzetan hildako Espainiar armadako goi agintarien kopurua inongo gudan, Espainiako historia osoan, erahildako kopururik handiena da (Espainiako Gerrate Zibila barne).

Su-etenak

1998ko irailaren 16an, su-eten bat deklaratu zuen taldeak Lizarrako Akordioa sinatzearekin batera; 2000. urtean amaitzeko. 4 urte geroago, 2004ko otsailaren 18an, Kataluniara murrizten zen beste su-eten bat ezagutzera eman zuen talde armatuak. ETAk, 2006ko martxoaren 22an, ekintza armatuen etenaldi iraunkor bat iragarri zuen martxoaren 24tik aurrera "Euskal Herrian burutu beharreko prozesu demokratikoa bultzatzeko xedearekin".

2006ko udan Espainiako Gobernuarekin negoziazioak egingo zituela iragarri zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok. Negoziazioak aurre egiten ez zuela-eta, kale borroka presio moduan izugarri piztu zen azken egunetan eta azkenik, abenduaren 30ean, Madrilgo Barajasko aireportuan ETAk ipinitako lehergailuak, 2 hildako eta kalte material izugarriak eragin zituen. Bi aste geroago, ETAk su-etenarekin jarraitzen zuela esan zuen, "Estatuek Euskal Herriaren aurkako erasoei erantzuteko" prestutasuna erakustearekin batera. 2007ko ekainaren 5ean, Gara eta Berria egunkarietara helarazi zuen komunikatu baten bidez, ekainaren 6tik aurrera su-etena hautsiko zuela jakinarazi zuen.

Erreferentziak

  1. Gobierno-ETA y Batasuna-PSOE mantuvieron negociaciones simultáneas y en el mismo lugar en plena campaña electoral, sin que se llegara al acuerdo.
  2. Su-eten iraunkorra bertan behera uztea erabaki du ETAk, gaur gauerditik aurrera
  3. Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia hil du ETAk tiroz, Arrasaten Berria, 2008ko matxoaren 8a

Kanpo loturak

Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Euskadi Ta Askatasuna


aa - ab - af - ak - als - am - an - ang - ar - arc - as - ast - av - ay - az - ba - bar - bat_smg - bcl - be - be_x_old - bg - bh - bi - bm - bn - bo - bpy - br - bs - bug - bxr - ca - cbk_zam - cdo - ce - ceb - ch - cho - chr - chy - co - cr - crh - cs - csb - cu - cv - cy - da - de - diq - dsb - dv - dz - ee - el - eml - en - eo - es - et - eu - ext - fa - ff - fi - fiu_vro - fj - fo - fr - frp - fur - fy - ga - gan - gd - gl - glk - gn - got - gu - gv - ha - hak - haw - he - hi - hif - ho - hr - hsb - ht - hu - hy - hz - ia - id - ie - ig - ii - ik - ilo - io - is - it - iu - ja - jbo - jv - ka - kaa - kab - kg - ki - kj - kk - kl - km - kn - ko - kr - ks - ksh - ku - kv - kw - ky - la - lad - lb - lbe - lg - li - lij - lmo - ln - lo - lt - lv - map_bms - mdf - mg - mh - mi - mk - ml - mn - mo - mr - mt - mus - my - myv - mzn - na - nah - nap - nds - nds_nl - ne - new - ng - nl - nn - no - nov - nrm - nv - ny - oc - om - or - os - pa - pag - pam - pap - pdc - pi - pih - pl - pms - ps - pt - qu - quality - rm - rmy - rn - ro - roa_rup - roa_tara - ru - rw - sa - sah - sc - scn - sco - sd - se - sg - sh - si - simple - sk - sl - sm - sn - so - sr - srn - ss - st - stq - su - sv - sw - szl - ta - te - tet - tg - th - ti - tk - tl - tlh - tn - to - tpi - tr - ts - tt - tum - tw - ty - udm - ug - uk - ur - uz - ve - vec - vi - vls - vo - wa - war - wo - wuu - xal - xh - yi - yo - za - zea - zh - zh_classical - zh_min_nan - zh_yue - zu -


aa - ab - af - ak - als - am - an - ang - ar - arc - as - ast - av - ay - az - ba - bar - bat_smg - bcl - be - be_x_old - bg - bh - bi - bm - bn - bo - bpy - br - bs - bug - bxr - ca - cbk_zam - cdo - ce - ceb - ch - cho - chr - chy - co - cr - crh - cs - csb - cu - cv - cy - da - de - diq - dsb - dv - dz - ee - el - eml - en - eo - es - et - eu - ext - fa - ff - fi - fiu_vro - fj - fo - fr - frp - fur - fy - ga - gan - gd - gl - glk - gn - got - gu - gv - ha - hak - haw - he - hi - hif - ho - hr - hsb - ht - hu - hy - hz - ia - id - ie - ig - ii - ik - ilo - io - is - it - iu - ja - jbo - jv - ka - kaa - kab - kg - ki - kj - kk - kl - km - kn - ko - kr - ks - ksh - ku - kv - kw - ky - la - lad - lb - lbe - lg - li - lij - lmo - ln - lo - lt - lv - map_bms - mdf - mg - mh - mi - mk - ml - mn - mo - mr - mt - mus - my - myv - mzn - na - nah - nap - nds - nds_nl - ne - new - ng - nl - nn - no - nov - nrm - nv - ny - oc - om - or - os - pa - pag - pam - pap - pdc - pi - pih - pl - pms - ps - pt - qu - quality - rm - rmy - rn - ro - roa_rup - roa_tara - ru - rw - sa - sah - sc - scn - sco - sd - se - sg - sh - si - simple - sk - sl - sm - sn - so - sr - srn - ss - st - stq - su - sv - sw - szl - ta - te - tet - tg - th - ti - tk - tl - tlh - tn - to - tpi - tr - ts - tt - tum - tw - ty - udm - ug - uk - ur - uz - ve - vec - vi - vls - vo - wa - war - wo - wuu - xal - xh - yi - yo - za - zea - zh - zh_classical - zh_min_nan - zh_yue - zu -