See also ebooksgratis.com: no banners, no cookies, totally FREE.

CLASSICISTRANIERI HOME PAGE - YOUTUBE CHANNEL
Privacy Policy Cookie Policy Terms and Conditions

See also ebooksgratis.com: no banners, no cookies, totally FREE.

CLASSICISTRANIERI HOME PAGE - YOUTUBE CHANNEL
Privacy Policy Cookie Policy Terms and Conditions
Jose Antonio Agirre - Wikipedia, entziklopedia askea.

Jose Antonio Agirre

Wikipedia(e)tik

Jose Antonio Agirre
Kargua: Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaria
Agintaldiaren iraupena 1936 - 1960 (1937tik erbestean)
Ondorengoa: Jesus Maria Leizaola
Jaio: 1904ko martxoaren 6a Bilbon
Hil: 1960ko martxoaren 22a Parisen
Alderdi politikoa: EAJ
Lanbidea: Abokatua



Jose Antonio Agirre Lekube, garaiko izen sisteman Agirre ta Lekube'tar Joseba Andoni, (Bilbo, Bizkaia, 1904ko martxoaren 6a - Paris, Frantzia, 1960ko martxoaren 22a) Euzko Jaurlaritzaren lehen lehendakaria izan zen, 1936ko urriaren 7tik 1960a arte.

Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Euzko Gudarostearen buruzagitza hartu zuen beregain eta Euskal Herriaren defentsa antolatzen saiatu zen, konbergentziako gobernu bat osatuz. Gerra amaieran, porrota eta erbesteratuen ihesa kudeatu behar izan zituen. Aliatuei lagunduz, haiekin bat egitea bilatu zuen atzerrian, baina Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, haiek uko egin zioten Euskal Herriari Francoren zapalkuntza kentzeari. Ondoren, Europar Batasunaren sortzaileengandik hurbil ibili zen eta Europako Demokrazia Kristaua antolatzen lagundu zuen partaide gisa esku hartuta.

Eduki-taula

[aldatu] Bizitza

[aldatu] Lehen urteak

Agirreren jaiotetxea Bilboko Zazpikaleetan
Agirreren jaiotetxea Bilboko Zazpikaleetan

Jose Antonio Agirre, Euzko Jaurlaritzako lehen Lehendakaria izan zena, Bilbon jaio zen 1904ko martxoaren 6an, Zazpi Kaleen erdi-erdian, Gurutze kalean, hain zuzen, Juan Santuen Eliza ondoan; bertan bataitu zuten, Euskal Museoaren egungo egoitzatik metro gutxira.

Lehen Hezkuntzako ikasketak Plaza Berrian zegoen Euskal Herriko lehen ikastolan egin zituen. Bigarren Hezkuntzako ikasketak Urduñako jesuiten ikastetxean hasi zituen, eta bukatutakoan, Deustuko Unibertsitatera joan zen Zuzenbidea ikastera.

1920 urtean, aita hil eta familia Algortara aldatu zen. Oso hunkituta utzi zuen aitaren heriotzak, baina hamar anai-arreben artean nagusia izanik (artean 16 urte zituen), bere buruaz jabetu eta familia osoari bihotz eman zion. Horrela, anai-arreba guztientzat aitarena egin zuen eta bizitzaren erronkei aurre egiteko gaitasuna erakutsi. Horiexek dira Agirrek bizitza osoan zehar eta parean egokitu zitzaizkion egoera zailen aurrean praktikan jarri zituen dohainak. Zuzenbideko ikasketak amaitutakoan, familiaren "Chocolates Aguirre" fabrikan hasi zen aholkulari-lanetan. Geroago, beste bazkide batzuekin elkarte bat sortu eta 1920. urtean "Chocolates Bilbaínos S.A." fabrika sortu zuten, lau txokolategileok elkartuta: "Martina Zuricalday", "La Dulzura", "Caracas" eta "Chocolates Aguirre". Bakoitza negozioaren % 25eko partaide-kuotaren jabe zen. Agirre, adin-nagusitasunera heltzean, aholkukari izendatu zuten, eta anaia Juan Mari, handik lau urtera.

Negozioaren funtzionamenduaz arduratu zen Agirre une orotan eta 1933an, eraginkortasunez haren aldaketa teknikoan esku hartu. "Chocolates Bilbaínos S.A." enpresako aholkulari moduan, Leon XIII.aren Rerum Novarum entziklikan jasotzen den Elizaren doktrina sozialari (langileen eta nagusien arteko adostasuna bultzatzen zuena) jarraiki, langileen aldeko erreformak egin zituen Agirrek, hala nola, doako laguntza medikoa enpresan, opor ordainduak, etxebizitza sozialen sustapena, enpresa-etekinen zati bat behartsuenen artean banatzea... Juan Mari anaiarekin (enpresaren zuzendaria zen), fabrikako langileen batzordearekin adostutako arautegi bat ezarri zuten halaber, Administrazio Kontseiluak aho batez onartua: aparteko aurrerapausu sozialtzat hartu zen gerora. Hitz batez, Agirrek enpresa kudeatzeko eredu berri bat eratu zuen eta, garai hartako enpresek erabili ohi zituztenak oso bestelakoak baziren ere, haren ideiekiko zeharo koherentea zen. 1937. urtera arte, "Chocolates Bilbaínos S.A." enpresak, Espainiako sektoreko fabrika nagusietan, bigarren lekua hartu zuen.

Futbolari izan ondoren, Athletic zale porrokatua izaten segitu zuen Agirrek. Gerra garaian, Euskadiko Selekzioaren aldeko sustatzaile nagusietako bat izan zen. Selekzioak Europan eta Amerikan jokatu zuen eta partidetan bildu zen dirua Europan babestuta bizi ziren haurrentzat izan zen.

1926. urtean, Zuzenbide ikasketak bukatu eta Bilboko Garellano kuartelean soldadutza egin zuen. Garaiko gazte askok legez, soldadutza amaitutakoan lanari ekin zion. Hasieran, Esteban Bilbao abokatuaren bulegoan lan egin zuen laguntzaile gisan. Harekin hiru urtez lan egin zuen, baina berehala, bere kabuz lan egiteko grina sortu zitzaion, horrela interesatzen zitzaikion gaiak konpontzeko aukera zuelako. Azkenean, bere bulegoa ireki zuen Iturribide kaleko 2. zenbakian, Antonio Berreteaga lagunarekin batera. Lan-munduaren eta jarduera politikoen inguruko gaiez kezkatu zen, Espainia Miguel Primo de Rivera jeneralaren diktadurapean zegoela.

Garai hartarako, orain arte aipatutako bizitza sozial eta politikoarekiko konpromisoa eta hartan parte hartzeko joera barneratuak zituen Agirrek. Koherente izanik eta Bizkaiko Gazte Katolikoak (orobat, haien lehendakari izan zen) gisako mugimendu eta elkarte frankotan esku hartu ondoren, EAJko kide egin zen, Jesus Maria Leizaola burukidearen eskutik. EAJn sartu ostean, argi eta garbi ikusi zuen zein zen haren ideiak jarduera politikoarekin bateratzeko jarraitu behar zuen bidea. Hasteko, EAJ bi joeratan zatituta aurkitu zuen: Aberri eta Comunión; berak bigarrenari jarraitu zion. Agirrek ez zuen jeltzaleen arteko zatiketa hori onartzen: harentzat, edozein ezberdintasunen gainetik, euskal aberria eta herria baitzeuden. Haren ideien artean argi zegoen jeltzaleen lema (Jaungoikoa eta Lege Zaharra) eta, haren iritiziz, berak izan behar zuen abertzaletasuna ulertzeko bi moduen elkargunea. Helburu hura gogoan zuela, etengabe lan egin zuen Agirrek, lortu zuen arte. Azkenean, 1930. urtean, bi joerok bat egin zuten Bergarako Batzarrean. Hala ere, aurrerago beste talde bat sortu zen: Eusko Abertzale Ekintza, ez-konfesionala, errepublikazalea eta gizarte-izaera sendokoa. Agirre, bere izaera eta sinismen barne-barnekoetan oinarrituta, EAJn segitu zuen, gero eta gai eta mugimendu gehiagotan parte hartuz, hala nola, Euzko Gaztedian eta Euzkadi egunkarian artikuluak argitaratuz.

Ideia integratzaile eta berritzaileon adibide ona dugu 1932an Getxon egin zuten asanbladan erakutsitakoa, Euskal Herritik kanpo jaiotakoak alderdian hartzea proposatu zuenean. Primo de Rivera jeneralaren diktadura amaitutakoan (1930), etapa politiko berriak ireki ziren Espainian; aldi berean, Agirreren bizitza politikoari egoera berri eta garrantzitsuak ekarri zizkion.

[aldatu] Errepublika garaia

1931ko apirilaren 13an, udal hauteskundeak egin ziren Espainian. Errepublikanoek irabazi zituztenez, biharamunean Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten: Eibar izan zen aldarrikapena egiten lehen herria, egun hartako lehen orduetan. Agirre (27 urte zituen) EAJko hautagai izan zen hauteskundetan eta aukeratu egin zutenez, ordezkaritza-erakundeetako jardunbide polikoari ekin zion. Getxoko udalean EAJk gehiengoa lortuta, alkate izendatu zuten. Eibarren apirilaren 14an abian jarritako joerari jarraituz, Espainiar Errepublikari atxiki eta Euzkadiko Errepublika aldarrikatu zuen. Aldi berean, Euskal Herriarentzako Autonomia Estatutua eskuratzeko aparteko kanpaina abiarazi zuen.

Une hartatik aurrera, ahalegin guztiak ere ez ziren helburua lortzeko nahikoa. Gainera, ideien eta gauzatzeko behar ziren baliabideen arteko koherentzia handia erakutsi zuen beti. Horrela, Estatutuaren aldeko alkateen mugimendua antolatu eta eratu zuen. Alkateen mugimenduak Eusko Ikaskuntzari eskatu zion Autonomia Estatutuaren Proiektua idazteko, elkarte hark eta Euskaltzaindiak soilik baitzuten beren eragin-eremua Euskal Herriko lurralde guztietara hedatuta. Francisco Javier Landaburuk, Eusko Ikaskuntzako kide zenak, Arabaren izenean, Autonomia Estatutuaren Proiektua landu zuen.

Alkateen mugimenduaren Batzorde Iraunkorra osatu zuten Azpeitia, Laudio, Zangotza eta Getxoko alkateek eta Hego Euskal Herri osora hedatzen zen Estatutuaren aldeko kanpaina abiarazi zuten. Agirrek berak ere eraginkortasun handiz lan egin zuen. Estatutuaren aldeko kanpaina 1931ko ekainaren 14an amaitu zen. Hego Euskal Herriko 427 udal-hautetsi elkartu ziren; aitzitik, lau hiriburuetako alkateak ez ziren bertaratu.

Gorte Konstituziogileak aukeratzeko hauteskundeak izan ziren 1931ko ekainaren 28an. Agirre abertzalez, karlistaz eta monarkikoz osatutako hautagai-zerrenda bateratuan aurkeztu zen, guztiak ere Lizarran onartutako Estatutu Proiektuaren aldekoak. Bizkaiko eta Nafarroako zerrendaburua izan zen eta lurralde bietan hautetsi zuten. Bietako bati uko egin behar zionez, Nafarroakoari heldu zion.

Lizarran onartu zen Estatutu Proiektuaren alde zeuden diputatuek Euskal Herriko 420 alkateren babespean Madrilgo Gorteetan aurkeztu zuten. Ez zuen oso harrera ona izan, batik bat, Euzkadiren eta Vatikanoaren arteko harreman esklusiboak jasotzen zituelako, Errepublikako Gobernua kanpo utziz. Konsitutuzioa idatzi eta onartzea izan zen 1931ko ekainaren 28ko hauteskundeetatik sortu ziren Gorteen helburu nagusia. Horrek, zalantzarik gabe, izan zuen eragina Madrilen zeuden euskal diputatuen eta Estatutu Proiektuaren beraren bilakaeran. Konsituzioa 1931n onartu zen eta Lizarran onartu zen Autonomia Estatutuaren Proiektuan aldaketak egin behar izan zituzten.

1933ko irailaren 8an, Bilboko Begoñako basilikan Mari Carmen Zabalarekin ezkondu zen. Politika-arloan urte hartan bertan Getxoko Alkatetzari uko egin behar izan zion, diputatu-lanak eta Estatutuaren aldeko ahaleginek denbora guztia hartzen ziotelako.

Estatutuaren proiektuak aurrera segitu zuen: horrela, 1933ko abuztuaren 6an, proiektu berria onartu zen, Nafarroa kanpoan utzi zuena. Hiru probintzietan egin zen erreferendumean amaitu zen prozesua, proiektuak botoen gehiengo esanguratsua lortuta. Urte haren amaieran, hauteskunde orokorrak egin ziren berriz ere Espainian. Agirre Bizkaiko EAJren zerrendan aurkeztu zen eta diputatu aukeratu zuten. Hauteskundeotako emaitzek Errepublikako Gobernuaren joera aldatu zuten, eskuinak irabazi zuelako. Horrek Estatutua onartzeko aukerak zaildu egin zuen.

1934. urtean, gobernu berriaren jarrera azaleratu zen eta eskuinekoen gehiengo parlamentarioa ez zegoen inola ere Estatutu Proiektuaren alde. Eragozpenek, oztopoek eta atzerapenek Gorteetako diputatu jeltzaleen eguneroko politika-jarduera zaildu zuten. Errepresioak ere izan zuen bere tokia uneotan: esaterako, Gernikan Kataluniako parlamentariekin batera egiten ari zen ekitaldi bat bortizkeriaz geldiarazi zuten. Hurrengo egunean, erantzun gisa, Euskadiko udal guztiek dimititu egin zuten; hautetsi batzuk auzipetu egin zituzten eta beste batzuk, berriz, atxilotu.

Gainera, beste gertaera bat ere nabarmendu zen urte hartan Espainiako bizitza politikoari eta Agirre diputatuarenari zegokienez: urrian Greba Orokor bat izan zen, Asturias eta Katalunian eragin berezia izan zuena. Amaiera tragikoa izan zuen: Marokotik heldutako soldaduekin, bortizkeria eta krudelkeriaz erreprimitu zuen greba Francok Asturiasen. Agirre ere harrapatu zuen abertzaletasunaren aurkako errepresioak: diputatu izanik inmunitatea bazuen ere, 17 adiskiderekin batera Larrinagako (Bilbo) kartzelan giltzapetu zuten. Azkar askatu zuten Agirre, baina ez horrela adiskideak, kartzelaldi luzeagoa pairatu behar izan baitzuten. Arlo pertsonalari dagokionez, Agirrerentzat 1935. urtea Aintzane alabaren jaiotzarekin hasi zen eta urte berean "Entre la libertad y la revolución 1930-1935; la verdad de un lustro en el País Vasco" liburua idatzi zuen, borroka eta konpromiso politikoaren harrabotsean bizitako urteei buruz ikuspegi pertsonaletik egindako laburpena. Agirrek bere ideien eta bere herriak bizitako historiaren lekukotasuna uzteko nahia azaldu zuen horrela. Geroago, bere bizipenei buruzko beste bat idatzi zuen, haren nortasuna eta herriaren zerbitzura egin zuen jardunbide politikoa ulertzeko funtsezkoa dena: "De Guernica a Nueva York pasando por Berlín". Etorkizunera eta euskal nazioak barne hartuko zuen Europa batera begira beti, Genovako Naziotasunen Biltzarrera joan zen 1935. urtean, EAJren izenean. Bien bitartean, Aberri Egun jendetsuak ospatu ziren: 1934.ean Gasteizen eta 1935.ean Iruñean.

Euskadirentzat Autonomia Estatutua eskuratzeko saio etengabeek erakusten diete Agirreri eta haren alderdiari, karlista eta monarkikoekin elkarturik segituz gero zailtasun handiak izango zituztela. Horren ondorioz, aliatu politikoak aldatzeko beharra ikusi eta ezkerreko alderdiei hurbiltzen hasi zitzaien; haiekin, gai erlijiosoen ingurukoak ziren alde nagusiak, baina beste gai batzuetan adostasun-maila handiagoa zuten, eskuindarrekin baino.

1936. urteko hauteskundeetan, Espainia erdibituta zegoen politikaz: batetik, ezkerreko alderdiek osatzen zuten blokea zegoen; bestetik, eskuinekoena. EAJk ezkerreko alderdietara jo zuen, Estatutua onart zedin. Norabide aldaketa hori alderdiak hauteskunde-kanpainarako aukeratu zuen leman suma daiteke, hartan pentsamolde tradizionala ezkertiarren planteamenduekin bateratzen baita.

Bizkaiko zerrendako lehen postuan aurkeztu zen Agirre eta berriz aukeratu zuten. Eskuineko ideien inguruan bildutako alderdiek porrot egin zuten hauteskundeotan, ezkertiarrak biltzen zuen Fronte Popularra erraz nagusitu baitzen. Gobernu berriak Kataluniako Estatutua berrezartzea erabaki zuen. Erabaki hark euskal abertzaleei adore eman zien, gauza bera lortzeko aukera ikusi baitzuten. Egoera politiko honetan 1933ko Estatutaren testua berreskuratu eta Gorteetara eraman zuten. Apiriletik uztailera helburu bakarra izan zuten: Estatutuaren onarpena lortzea. Horretarako, Indalezio Prietok zuzendu zuen Estatutuen Batzordea eratu zen Gorteetan.

[aldatu] Gerra Zibila

Agirrek izenpetu agiri bat
Agirrek izenpetu agiri bat

Militarren haserreari buruzko zurrumurruak gero eta sendoagoak ziren 1936. urteko erdialdera. Iragarpen okerrenak egiaztatuz, Afrikako soldaduak Errepublikaren kontra altxatu ziren, Franco, Mola eta Queipo de Llano jeneralak buru zirela. Estatutuen Batzordearen lanak larriki zaildu ziren. Handik aurrera, dena aldatu zen Agirreren bizitzan, baita ibilera politikoan ere, Gerra Zibilean zehar eta geroko erbestealdian une zail eta gogorrak bizi behar izan baitzituen.

1936ko urriaren 6an, Manuel Azañak, Gobernuko Presidenteak, Estatutua onartzeko dekretua izenpetu zuen. Lehenago, 1936ko irailean, Manuel Irujo, EAJko diputatu gisa, Largo Caballero sozialistaren Gobernuan sailik gabeko ministro izendatu zuten, Estatutua onartua izan zedin, halabeharrezko baldintza baitzen horren parte-hartzea. Urriaren 7an, Lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin ziren Bilbon. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinegotziek bozkatu eta Agirre Euzko Jaurlaritzako lehen Lehendakari aukeratu zuten aho batez. Egun hartan bertan, 32 urte zituela, karguaren zina egin zuen Gernikako Batzar Etxean, arbolaren azpian.

Egoera nahasi hartan abiarazi zen Eusko Jaurlaritza. Herria pairatzen ari zen egoera kritikoan oinarrituta, hainbat alderdiz osatutako kontzentraziozko gobernua eratu zuen Agirrek. Lehendakariak Euzko Jaurlaritzaren buru izateaz gain, Defentsako saila hartu zuen; Ogasunaz Heliodoro de La Torre (EAJ) arduratu zen; Justizia eta Kulturaz, Jesús María Leizaola (EAJ); Gobernazio Sailaz, Telesforo Monzon (EAJ); Ramon Aldasoro (Ezkerreko Alderdi Errepublikarra), Merkataritza eta Hornikuntza Sailaz; Alfredo Espinosa (Batasun Errepublikarra), Osasun Sailaz; Santiago Aznar (PSOE), Industria Sailaz; Juan de los Toyos (PSOE) Lan, Proiektu eta Komunikazio Sailaz; Juan Gartzia (PSOE), Gizarte Laguntza Sailaz; Gonzalo Nardiz (EAE), Nekazaritza Sailaz; eta Juan Astigarribia (Alderdi Komunista), Lan Sailaz.

Gerrak baldintzatu zuen gobernu hura. Anarkistak izan ezik, gainerako alderdi guztiekin osatu zen, denon ahaleginen bidez askatasunaren alde lan egiteko. Gobernuaren helburu nagusia gerran garaile ateratzea zen, eta aldi berean, ahal zen neurrian, herriaren normaltasuna mantentzea.

Fase hartan, Gobernuaren testuingurua hain berezia izan zen, ezen Gobernu autonomiko moduan jokatu beharrean, Gobernu independente gisa jardun baitzuen.

Gerra-garaiko egoerak eta beharrek gerra-politika egitera eraman zuten Eusko Jaurlaritza. Hala ere, ez zion legez eratutako gobernuari dagozkion proiektuak garatzeari utzi, zeren eta askatasunak, eskubide demokratikoak eta erlijio-eta kontzientzia-askatasuna aldarrikatu baitzituen. Defentsa antolatzea izan zen Eusko Jaurlaritzari suertatu zitzaion lehenengo beharra eta, horren ondorioz, indar militar bat sortu zuten: Euskal Armada (Eusko-Gudarostea). Ehun milatik gora gizonek osatu zuten; artean, gudariak eta milizianoak. Lehenengoak EAJko soldadu boluntarioak ziren, eta bigarrenak, alderdi politikoek eta sindikatuek antolatutako miliziak. Ideologien araberako batailoietan antolatu ziren: sozialistak, komunistak, abertzaleak eta anarkistak. Armada profesionala ez izateak agerian utzi zituen, besteak beste, gai militarren inguruko prestakuntza eta trebakuntzarik ezak eta arma eta munizio eskasiak.

Ezer gutxi egin zezakeen armada hark frankisten aurrean; izan ere, Italiaren eta Alemaniaren laguntza izan baitzuten, horrela lehiakideei soldaduak edo armak ematea debekatzen zuen nazioarteko blokeoa hausten zuten arren. Dena den, nahikoa denbora eutsi zion Euskal Armadak fronteari. Errepublikako Gobernuak ere oso gutxi lagundu zuen; oso arma gutxi eta desegokiez osatutako arma-kargamentu bakar bat bidali zuen.

Polizia sortzea Estatutuan jasotako beste eskumen bat zen. Euzko Jaurlaritzari zegokion lurralde autonomoaren tutoretza juridikoa eta ordena publikoa mantentzea. Mugak, armen merkataritza eta lurraldez gaindiko eta kanpoko gatazkak, berriz, Gobernu Errepublikarraren esku zeuden. Ordena publikoa mantentzea ezinbesteko egintza bihurtu zen Euzko Jaurlaritzarentzat. Horretarako, Ertzaintza sortu zuten, bost konpainiatan egituratutako boluntario-taldearekin, konpainia bakoitzean 107 gizon zirela. Eusko Jaurlartizak Getxoko hainbat eraikin erabili behar izan zituen haiek kokatzeko. Polizia Motorizatua (Ertzaña Igiletua) ere sortu zen. "Bizia, azkarra eta gaur egungo baliabideez hornitua" izan behar zuen. Hasiera batean, mila gizon inguruk osatu zuten taldea, tartean motor-gidariak, mekanikariak eta mantentze-lanetakoak. Picaza komandanteak, haien buru zenak, hiru konpainiatan elkartu zituen: Transmisore, Motor eta Auto Konpainietan. Laugarren bat ere eratu zen, Francisco Oribe komandantearen ardurapean, hornikuntzaren erantzule eta Eusko Jaurlaritzaren bitarteko zena. 1937ko udaberrian, Bizkaiaren aurkako erasoaldia hasi zenean, kuartel nagusien eta Dibisio eta Brigaden arteko bitarteko-lana hartu zuen bere gain Polizia Motorizatuak.

Haurrak Euskal Herritik atera eta Europako herrietara, Sobietar Batasunera eta beste hainbat lekutara eramatera behartu zuen Eusko Jaurlaritza.

Gertaerok Euskal Herriaren eta Agirre Lehendakariaren izaera, balioak eta printzipioak proban jarri zituzten. Egun haietan, Mussolinik, Kanpo Gaietarako Ministro Galeazzo Ciano kontearen bitartez, bizitzak eta ondasunak errespetatzearen truke amore emateko eskatu zion Agirreri, baina hark, herriarenganako zuen konpromisoari irmo eutsiz, ezezko biribila eman zion.

Gero eta zailagoa zen fronteari eustea. 1937ko ekainaren 19an, Francoren armadak Bilbo menderatu eta euskal soldaduek eta Eusko Jaurlaritzak Turtziozera alde egin behar izan zuten eta handik Kantabriara. Agirreren asmoa soldaduak Kataluniara eramatea zen eta han frankisten aurka borrokatzea, Errepublika eta Eusko Jaurlaritza defendatzeko, baina azkenean ez zuen hori erabaki. Juan Ajuriagerrak, 1937ko abuztuaren 24an, EAJren izenean, Santoñako Ituna izenpetu zuen Manzini italiar jeneralarekin. Horrela, euskaldunek armak eta gerra-materiala italiar armadari ematearen truke, gudarien bizitza errespetatu eta Euzko Jaurlaritzaren atzerriratzea lortuko zuten. Italiarrek ez zuten akordioa bete eta Agirrek Santanderretik alde egin behar izan zuen atzerrira, euskal armadaren Negus izeneko hegazkinean Miarritzerantz. Harekin batera Telesforo Monzon eta Heliodoro de La Torre erbesteratu ziren.

[aldatu] Erbestea

Une hartatik aurrera, Euzko Jaurlaritza erbesteratutik, buru-belarri egin zuen lan Agirrek, Euskal Herriaren eta mundu osoko askatasun-eskubideen alde. Erbestealdiko Euzko Jaurlaritzak Parisko Marceau kaleko 11. zenbakian jarri zuen egoitza. Bi egiteko nagusiok izan zituen: milaka errefuxiatu eta atzerriratuei laguntza ematea eta Bigarren Mundu Gerra garaian aliatuei laguntzea, amaitutakoan, Aliatuek Francoren aurka egingo zutelako itxaropenaz; hala ere, hura ez zen inoiz gertatu. Orduan, Agirre Lehendakariak dena eman zuen, abian zegoen Estatuen Europari aurre egiteko, Herrien Europa sortu nahian.

Alemaniak Polonia indarrez hartu zuen 1939an. Erresuma Batuak eta Frantziak gerra deklaratu ziotenean hasi zen Bigarren Mundu Gerra. 1940ko maiatzean, Alemaniak Frantziari eraso egin zionean, Belgikan (La Panne herrixkan) zebilen Agirre: Encarna arreba eta Cesáreo de Asporosa laguna alemanen bonbardaketan hiltzen ikusi zituen. La Pannetik Bruselara joan zen. Han, alemanengandik ezkutaturik eta ihesi ibili behar izan zuen. Halako batean, Lluis Companys Kataluniako Generalitateko Presidentearen atxiloketaren berri izan zuen: naziek Frantzian preso hartu zuten eta Francoren soldaduei eman ondoren, Montjuïc mendian fusilatu zuten. Une haietan, Agirre bera ere Franco jeneralaren heriotza-zigor pean zegoen.

Bruselan, jesuiten San Frantzisko Xabier ikastetxean babesa hartu zuen eta handik Anberesera joan zen trenez. Anberesen Panamako Guardia Jaén kontsularen laguntza izan zuen, Jose Álvarez Lastra panamar abokatu aberatsaren izenpeko pasaportea eman baitzion. Agirre Lehendakariak Amerikara lehenbailehen ihes egin nahi zuen, baina itxaron egin behar izan zuen. Gestapok anaia atxilotu zuen Anberesen.

Ustekabean, Berlinera (Nazien Alemaniako hiriburura) joatea erabaki zuen 1941ean, eta han, lau hilabetez, Reich-aren Kantzelaritzatik oso gertu bizi izan zen; familia, aldiz, Lovainan zuen. Maiatzaren 20an, berarentzat eta familiarentzat suediar bisa lortu eta, azkenean, 1941eko maiatzaren 23an Suediarantz abiatu zen itsasontzi batean. Trelleborg-era heldu eta Goteborgerako bidea hartu zuen. Ez zen erraza izan Rio de Janeirorako txartela eskuratzea, baina 1941eko uztailaren 31n, Vasholm merkataritza-ontzia hartu eta Amerikarantz irten zen. Brasildik Uruguaira, eta handik, Agirre izenarekin eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakari moduan jadanik, Buenos Airesera jo zuen. Ameriketako Estatu Batuak Bigarren Mundu Gerran sartu zirenean, Buenos Airesetik New Yorkera abiatu zen. Han, Columbiako Unibertsitateko irakasle-lana eskaini zioten, Euskal Kultura eta Historia irakasteko.

1942. urtean, hauek ziren Agirre Lehendakariaren helburuak: Eusko Jaurlaritza berrelkartzea eta Aliatuekiko harremanak sendotzea. Bizitako gorabehera guztien ondoren, maiatzean, "De Guernica a Nueva York pasando por Berlín" liburua kaleratu zen. Geroago, "Historia del País Vasco" idazteari ekin zion, baina ez zuen amaitu: lan haren 520 orrialde heldu zaizkigu, idazmakinaz idatziak.

Udazkenean, Hego Amerikan zehar ibili zen eta euskaldunen bizitoki ugari bisitatu eta Euskal Herriaren orainari eta geroari buruzko hitzaldiak eman zituen. Nazioarteko bazter guztietara eraman nahi zuen euskaldunon ahotsa. 1945. urtean, San Frantziskon, Nazio Batuak sortzeko lehen Konferentzian esku hartu zuen. Agirrek nazioartean eta Bigarren Mundu Gerrako aliatuen garaipenean zituen itxaropen guztiak.

[aldatu] Azken urteak

Agirre Lehendakariak New York eta Euzko Jaurlaritzaren Parisko egoitzan lehentasunezko jomuga bat izan zuen: atzerrian bizi ziren euskaldunak. Behin eta berrriz bisitatu zituen amerikar kontinenteko ia herrialde guztietako euskaldunen komunitate nagusiak, sakabanaturik zegoen jendea mobilizatu eta antolatzeko. Baikor beti, berak ere bete ezin izan zuen itxaropenaz blaitzen zituen guztiak esaldi famatu harekin: "datorren urtean etxera". Frantziara joan eta izaera kristau-demokrata zuten Nazioarteko Talde Berrien (NTB) sorreran eta garapenean esku hartu zuen 1947an, baita Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Elkartean ere. 50.000 bazkide baino gehiago izan zituen hark, besteak beste: Verdier eta Griffin kardinalak edo F. Mauriac eta J. Maritain politikariak.

Agirre Lehendakariak askatasunean, justizian, bakean eta tolerantzian oinarritutako europar ordena politiko berri bat zuen buruan eta horrela bihurtu zen Europaren ideia eta kristau-demokrazia jaio berriaren sustatzaile nagusi. Nabari azaltzen da ordurako zuen ikuspegi europazalea, artean halako erakundeen ideia zehaztu eta antolatu gabea besterik ez bazen ere. Haren eginkizun politikoak eta nazioarteko kristau-demokraziaren mugimenduaren alde egin zuen lanak egoera ezin hobean jarri zuten Agirre Lehendakaria, II. Mundu Gerraren ostean sortu ziren korronte europazale berrietan parte hartzeko.

Europako integrazioaren lehen urratsen lekuko izan zen, Europako Herriak sortzeko 1951 eta 1957ko hitzarmenak sinatzean. Argi eta garbi zegoen harentzat Euskadi ezin zela Europatik kanpo egon, Europan parte hartu ezean, Euskadik dena galduko zuela betiko.

1949. urtean, bere lagun A. De Gasperi eta Winston Churchill-ekin (batzarraren ohorezko presidentea) batera, Bruselako Europar Biltzarrean esku hartu zuen, ohorezko lehendakariorde gisa.

1955ean, berriro ere, Hego Amerikara joan zen, euskaldun guztien gogoa eta kemena pizteko.

Euskal Herria nazioartean ezagutaraztea izan zen Agirrek beti izan zuen nahia. 1956ko irailaren 23tik urriaren 1era, Lehen Euskal Mundu Biltzarra egin zen Palais D'Orsayen. Hasierako egunak bat etorri ziren Estatutuaren onarpenaren 20. urteurrenarekin. Lehendakariak hasierako ekitaldian egin zuen hitzaldian Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzan emandako 20 urteak (1 boterean eta 19 erbestealdian) aztertu zituen. Bere akats eta porrotak onartu zituen, besteak beste, Franco nazioartean sartzen utzi izana. Handik aurrera, Agirre desengainatua sentitu zen eta Aliatuek baztertua politikoan. Lehen Euskal Mundu Biltzarrera alderdi politikoetako, sindikatuetako eta kulturaren arloko ordezkariak bertaratu ziren. Lau gairen inguruan antolatu zen Biltzarra: Politikaz, Gizarte eta Ekonomiaz, Kulturaz eta Aisialdiaz. Biltzarraren ondorioz, "Euskal Kulturaren Alde" (EKA) Batzordea sortu zen. Talde hark, euskal kulturaren sustapenaren inguruan, euskara babesteko programa eraginkor bat lantzeak lehentasuna hartu zuen. Honako hauek izan ziren, besteak beste, batzordekideak: Jose Miguel Barandiaran, Jesús María Leizaola, Josu Solaun, Telesforo Monzon, Gonzalo Nardiz (diruzaina) eta Jokin Zaitegi (lehendakaria)

[aldatu] Heriotza

Bularreko angina batek jota, 1960ko martxoaren 22an, 56 urte zituela, zendu zen Agirre Lehendakaria. Zeharo hunkitu zituen euskaldun eta mundu osoko demokrata guztiak Agirreren heriotzak. Gorpua Parisetik Donibane Lohitzunera eraman eta han, Monzondarren etxean, hil-kapera jarri zuten. Hilaren 28an, hileta-elizkizunen ondoren, ehortzi egin zuten. Francoren debekua hautsi eta Euskal Herri osoak eman zion azken agurra, gizarte-estamentu guztiak bertan ordezkaturik zirela, “euskal balioen enbaxadore onenari, porrot eginda ere duintasuna erakutsi zuen borrokalari handiari, askatasunaren etsaiak beste areriorik izan ez zuen lagunari”.

[aldatu] Kanpo loturak

Nabarmendutako artikuluak
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Jose Antonio Agirre


aa - ab - af - ak - als - am - an - ang - ar - arc - as - ast - av - ay - az - ba - bar - bat_smg - bcl - be - be_x_old - bg - bh - bi - bm - bn - bo - bpy - br - bs - bug - bxr - ca - cbk_zam - cdo - ce - ceb - ch - cho - chr - chy - co - cr - crh - cs - csb - cu - cv - cy - da - de - diq - dsb - dv - dz - ee - el - eml - en - eo - es - et - eu - ext - fa - ff - fi - fiu_vro - fj - fo - fr - frp - fur - fy - ga - gan - gd - gl - glk - gn - got - gu - gv - ha - hak - haw - he - hi - hif - ho - hr - hsb - ht - hu - hy - hz - ia - id - ie - ig - ii - ik - ilo - io - is - it - iu - ja - jbo - jv - ka - kaa - kab - kg - ki - kj - kk - kl - km - kn - ko - kr - ks - ksh - ku - kv - kw - ky - la - lad - lb - lbe - lg - li - lij - lmo - ln - lo - lt - lv - map_bms - mdf - mg - mh - mi - mk - ml - mn - mo - mr - mt - mus - my - myv - mzn - na - nah - nap - nds - nds_nl - ne - new - ng - nl - nn - no - nov - nrm - nv - ny - oc - om - or - os - pa - pag - pam - pap - pdc - pi - pih - pl - pms - ps - pt - qu - quality - rm - rmy - rn - ro - roa_rup - roa_tara - ru - rw - sa - sah - sc - scn - sco - sd - se - sg - sh - si - simple - sk - sl - sm - sn - so - sr - srn - ss - st - stq - su - sv - sw - szl - ta - te - tet - tg - th - ti - tk - tl - tlh - tn - to - tpi - tr - ts - tt - tum - tw - ty - udm - ug - uk - ur - uz - ve - vec - vi - vls - vo - wa - war - wo - wuu - xal - xh - yi - yo - za - zea - zh - zh_classical - zh_min_nan - zh_yue - zu -


aa - ab - af - ak - als - am - an - ang - ar - arc - as - ast - av - ay - az - ba - bar - bat_smg - bcl - be - be_x_old - bg - bh - bi - bm - bn - bo - bpy - br - bs - bug - bxr - ca - cbk_zam - cdo - ce - ceb - ch - cho - chr - chy - co - cr - crh - cs - csb - cu - cv - cy - da - de - diq - dsb - dv - dz - ee - el - eml - en - eo - es - et - eu - ext - fa - ff - fi - fiu_vro - fj - fo - fr - frp - fur - fy - ga - gan - gd - gl - glk - gn - got - gu - gv - ha - hak - haw - he - hi - hif - ho - hr - hsb - ht - hu - hy - hz - ia - id - ie - ig - ii - ik - ilo - io - is - it - iu - ja - jbo - jv - ka - kaa - kab - kg - ki - kj - kk - kl - km - kn - ko - kr - ks - ksh - ku - kv - kw - ky - la - lad - lb - lbe - lg - li - lij - lmo - ln - lo - lt - lv - map_bms - mdf - mg - mh - mi - mk - ml - mn - mo - mr - mt - mus - my - myv - mzn - na - nah - nap - nds - nds_nl - ne - new - ng - nl - nn - no - nov - nrm - nv - ny - oc - om - or - os - pa - pag - pam - pap - pdc - pi - pih - pl - pms - ps - pt - qu - quality - rm - rmy - rn - ro - roa_rup - roa_tara - ru - rw - sa - sah - sc - scn - sco - sd - se - sg - sh - si - simple - sk - sl - sm - sn - so - sr - srn - ss - st - stq - su - sv - sw - szl - ta - te - tet - tg - th - ti - tk - tl - tlh - tn - to - tpi - tr - ts - tt - tum - tw - ty - udm - ug - uk - ur - uz - ve - vec - vi - vls - vo - wa - war - wo - wuu - xal - xh - yi - yo - za - zea - zh - zh_classical - zh_min_nan - zh_yue - zu -