Barañain
Wikipedia(e)tik
Barañain |
|||
---|---|---|---|
Nafarroa | |||
|
|||
Izen ofiziala | Barañain | ||
Antolaketa
Estatua
Autonomia Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Iruñeko merindadea Iruñerria |
||
Posta-kodea | 31010 |
||
Koordenatuak | Koordenatuak: | ||
Garaiera | 434 m | ||
Eremua | 1,40 km2 | ||
Biztanleria | 22.295 (2005) | ||
Dentsitatea | 15.925 bizt/km2 | ||
Distantzia | 4 km Iruñeara | ||
Euskaldunak | %9,78 (2001) | ||
Herritarra | barañaindar | ||
Alkatea | Jose Antonio Mendibe (UPN) | ||
www.baranain.com | |||
Barañain Nafarroako udalerria da, Iruñerrikoa. Itsasoaren mailatik 400 bat metrora aurkitzen da, eta (2005ean, 22.595 biztanle).
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta klima
Baraiango udalerria Nafarroa erdialdean kokatzen da, Iruñatik hiru kilometrora. Iruñerriko gune metropolitarreko udalerririk jendetsuena da, hiruburuaren atzetik. Barañain, Elortz eta Arga ibaien artean eratutako lautada batean kokatzen da. Udalerriaren iparralde eta hegoaldean, aipaturiko bi ibaietarantz hurbildu ahala maldak nagusitu egiten dira. Barañainek Oltzako zendearekin egiten du muga mendebaldean, Iruñarekin iparralde eta mendebaldean, eta Zizur Nagusiarekin hegoaldean.
Klima eta landaredia trantsiziozko klima bati dagozkionak dira, mediterraniar eta atlantiar klimaren tartekoa. Urteroko bataz-besteko prezipitazioa 800mm ingurukoa izaten da. Tenperaturei dagokienez, bataz-bestekoa 12,5ºC-koa da, 19,5ºC udan eta 4,4ºC neguan. Erliebe laua dela eta, ipar-ekialdeko haizeek erraz astintzen dute udalerria.
[aldatu] Historia
Gaur egungo izenaren aurretik, udalerriak bestelako izenak izan ditu, Baraynin, Baranien eta Baranyain besteak beste. Izen guztiek dena den, esanahi bera dute, "Gune Lauean". Historiaurreko hainbat aztarna aurkitu dira herrian, besteak beste silexko harriak. Beraz, orain dela milaka urte ere baziren Barañainen gizakiak. IV. mendearen bukarean, hiri erromatar bat eraiki zen Barañaingo lautadan. Nekazaritzan oinarriturik, hiri hau buruaskia izan zen.
Erdi Aroko hirien gainbehera gertatzean, lautadako bizilagun bakarrak behe-mailako kolonoak ziren. Hauek ez zuten ez etxerik ez ondare propiorik, eta ez zeukaten auzotasun-eskubiderik. 1244. urtean Agustindarren komentua zen Barañaingo eraikin nagusia eta ia bakarra. Eztebe eliza, antzinako herri zaharraren erdigunean kokatua, XVI. mendean eraiki zen. 1723. urterako hamabost etxe ziren Barañainen, etxe horietako batzuk Jesusen Konpainiaren eta Iruñeko San Lorentzoko parrokia-elizaren jabetzakoak ziren.
Arga ibaiaren uren indarra aprobetxatu nahiean, 1802. urtean uharka eta errota bat eraiki ziren. Garai hartan, (eta XX. mendearen erdialderarte) Barañaingo ekonomia nekazaritzan oinarriturik zegoen, garia, garagarra, artoa, dilistak eta abarren landaketan alegia. Horrez gain, nekazaritzarekin erlazionaturiko artisauak eta ehundegiak ere baziren.
Barañaingo udalerria Zizurreko Zendeako hamazortzi kontzejuetako bat izan zen 1984. urterarte. Kontzeju hauek txikiegiak ziren udalak osatzeko, eta elkartu egiten ziren gai amankomunak elkarren artean defendatzeko. 1960ko hamarkadan hasita, Iruñarako emigrazioa masiboa hasi zenean, udalerriaren itxura erabat aldatu zen. 100 biztanle baino ez zituen herrixka zena, 22.000 biztanletik gorako herri bilakatu zen.
Azkenik, Iruñerriko beste kontzeju batzuekin gertatu bezala, Barañainek independentzia eskuratu zuen. 1984. urteko abenduaren 28an banatu zen Zizurko Zendeatik. Bereizketa hori 1984. urteko otsailaren 8ko 696/84 Erret Dekretuaren bidez onetsi zen.
[aldatu] Hirigintza
Barañain udalerria txikia izan arren (130 hektareako azalera baino ez dauka), XX. mendean zehar garatutako hirigintza eredu desberdinek adibide adierazgarrien lekuko izan da. Hiru zonalde bereiz daitezke, lehena, udalerriaren lehen garapenarekin bat datorrena. Udalerriaren ekialdean, 1960ko hamarkadaren amaieran garatzen hasi zena, dentsitate handia eta dorreak dira nagusi. Zonalde hau Iruñako Mendebaldea auzoaren eta Barañain artean dagoen biribilgunean hasi eta Ipar plazan bukatzen da.
Bigarren zonaldea, Gaztainondo eta Lur Gorri plazen artean kokatzen da. Garapen berantiarrago bati dagokio, duela hogei bat urte hasitakoa. Lehen zonaldearekin alderatuz, Barañaingo gune hontan dentsitate ertainagoak, eraikin baxuak eta txaletak nagusi dira. Garai hontan, garapenkerian gertatu ez bezala, bizilagunen ongizatea kontuan hartuz, aurreko garaian egin ez ziren hainbat hobespen burutu ziren herriaren hirigintza ereduan, horrela Barañaingo lakua eta parkea egin ziren. Hirugarren zonaldea oraindik eraikitze prozesuan dago, "Plangintza Partziala" deritzon proiektuaren bitartez.
Aipatu beharra dago, Barañain, hirigintza plangintza orokor bat izan zuen Espainiar estatuko lehen udalerrietako bat izan zen. Horrela, kaleak eta etorbideen aurretiazko plangintzari esker, Iruñerriko udalerri batzuetan gertaturiko hirigintza kaosa saiestu zen.
[aldatu] Biztanleria eta demografia
Biztanleriaren bilakaera | ||
---|---|---|
Errolda urtea |
Biztanleria | |
|
||
1960 | 100 | |
1970 | 2.473 | |
1975 | 5.722 | |
1980 | 7.293 | |
1985 | 11.769 | |
1990 | 16.189 | |
1995 | 19.759 | |
2000 | 20.871 | |
2005 | 22.595 | |
2007 | 21.089 |
XX. mendearen erdialderarte Barañain herrixka bat izan zen. Inoiz ez zuen 100 biztanle baino gehiago izan. Euskal Herriko hiriburuetan gertaturiko metropolizazio prozesuaren barnean, Iruñako hazkunde demografiko handiak eraginda, Barañainek bere herrixka izaera galdu zuen. Ehundaka etxebizitza berri eraiki ziren 1960ko hamarkadatik hasita. Eraikuntza horrek gaur egun arte iraun du. Dena den, azken urteetan eraikuntzak beherantz egin du, eraikitzeko orubeak gero eta urriagoak direlako.
Toki falta da Barañainek hazteko gaur egun duen arazo nagusietako bat. Etxebizitza berriak eraikiko dira Lagunak futbol taldearen zelaien ondoan, eta Elortz ibaiaren eta Barañaingo lautadaren artean dauden lur malkartsuagoetan. Azken hori, Iruñako Etxabakoitzko auzoaren garapenarekin batera egingo da.
Gaur egun, Barañain Nafarroako hirugarren udalerria da biztanleriari dagokionez. Dena den, udalerriak oraindik ere, hiriburuaren lo-auzo izaera izaten jarraitzen du, gune metropolitarreko industriaguneetan lan egiten duten biztanleen bizitokia delako.
[aldatu] Hauteskundeak
Barañaingo alkatea Floren Luki da 2007ko maiatzeko hauteskundeez geroztik. Hauteskundeetan, UPNk hamar zinegotzi lortu zituen, Nafarroa Baik sei zinegotzi, PSNek 4, eta Ezker Batuak zinegotzi bakarra. Floren Lukik Nafarroa Bai, PSN eta Ezker Batuko zinegotzien botua jaso ondoren eskuratu zuen alkatetza. 2008ko apirilaren 25ean, PSNk eta UPNk alkatearen aurkako zentzura-mozioa aurkeztu zuten eta alkatea kargutik kendu zuten. Ondorioz, UPN alderdiko Jose Antonio Mendibe da Barañaingo alkate berria.
Barañainek azken legegintzaldietan izandako alkateak honakoak izan dira:
2008-2011 | José Antonio Mendive | UPN-PP |
2007-2008 | Florencio Luqui Iribarren | NaBai |
2003-2007 | Josu Senosiáin | PSN-PSOE |
1999-2003 | Joaquin Olloqui | CIB |
1994-1999 | Juan Felipe Calderón | UPN-PP |
1987-1994 | Gregorio Clavero | PSN-PSOE |
1984-1987 | Gregorio Clavero | PSN-PSOE |
[aldatu] Jaiak eta ospakizunak
Barañainek ekaineko azken astean ospatzen ditu bere jaiak, herriko patroi den San Pabloren egunaren inguruan.
[aldatu] Herri senidetuak
- Caimito de Guayaraba, Kuba