Urea
Wikipedia(e)tik
Urea CO(NH2)2 formula duen konposatu kimiko organikoa da, koloregabekoa, uretan eta alkoholean disolbagarria dena. Ugaztunen gernuan aurkitzen da (giza gernuak 20 gramo/litroko urea du). Odolean eta linfan kopuru askoz txikiagoan ere agertzen da.
1828.urtean urearen sintesia laborategian lortu zuen Friedrich Wohler kimikari alemaniarrak. Urea izan zen modu artifizialean sintetizatutako lehenengo molekula organikoa. Gaur egun, urea lortzen da amoniako eta karbono dioxido erabiliz tenperatura altuetan (200º C).
Urea giza zein ugaztunen proteinen katabolismoaren produktua da. Gibelean sortu, giltzurrunetan iragazi eta gernuaren bidez kanporatzen da. Janarien bitartez hartutako nitrogenoa da katabolizatzen dena: proteinen amoniakoaren pilaketa toxikoa da, eta iraitzi behar da. Gibelean gertatzen den urearen zikloaren bitartez aminoazidoen amoniakoa karbono dioxidoarekin konbinatzen da urea sortzeko, ATP gastatuz. Beste animalia batzuek (hegaztiek, adibidez) proteinen amoniakoa ez dute urea moduan iraizten, azido uriko moduan baizik.
Giltzurrun-gutxiegitasunak urearen kontzentrazioa odolean areagotzen du, uremia bat agertuz.
Ureak erabilera industrialak ditu: plastikoak egiteko, adibidez. Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen da ere, ongarrien eta pentsuen osaketan parte hartzen baitu.