Jose Luis Alvarez
Wikipedia(e)tik
Datu pertsonalak | ||
---|---|---|
Izen osoa | Jose Luis Alvarez Enparantza | |
Ezizena | Txillardegi | |
Jaiotza data | 1929ko irailaren 27a | |
Donostia (Gipuzkoa) |
Jose Luis Alvarez Enparantza, ezagunagoa Txillardegi ezizenez, (Donostia, Gipuzkoa, 1929 - ) hizkuntzalari, idazle eta politikari antiguotarra da. Txillardegi bezala ezaguna den arren Igara, Usako eta Larresoro izengoitiak ere erabili izan ditu idazlanetan. Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Tierra Vasca, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile izan da. Branka aldizkariaren sortzailea. Bat soziolinguistikako aldizkariko zuzendaria izan da, 10 urtez (1992-2002).
Hizkuntzalaritza arloan lan egiten du batez ere, eta egun irakasle da EHU-n. XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herrian eragin handienetakoa izan duen pertsona da. Bere eragina hainbat arlotan ikus dezakegu:
- Hizkuntzalaritzan, euskara batuaren sorreran lagundu zuen, eta doktorego tesia euskal azentuari buruz egin zuen.
- Literaturan berrikuntza nabaria ekarri zuen "Leturiaren egunkari ezkutua" eleberriarekin, euskal nobelagintza modernoaren sorreratzat har daitekeelarik. Beraren bidez iritsi zitzagun orduan modan zegoen existentzialismoa.
- Ekin eta gero ETAren sorreran parte hartu zuen, pisu ideologiko handia izan zuelarik bertan. Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu du.
Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa da eta Udako Euskal Unibertsitateko kide, sorreratik.
Euskaltzaindian, hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko: 1980. urtean (Patxi Altuna aukeratu zuten); 1987. urtean (Juan Mari Lekuona); eta 1987. urtean (Ibon Sarasola).
Eduki-taula |
[aldatu] Bizitza
Jose Luis Alvarez Enparantza Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an. Bere gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten erakutsi. Etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an euskara ikasten. Frankismoa gazte gaztetik bizi izan zuelarik Euskal Herriaren egoera latzaren kontzientzia hartzen joan zen, eta handik aurrera bere bizitzako ardatz izango dira euskara eta Euskal Herria.
Bilbora joan zen Ingeniaritza ikastera eta bertan ikaskide batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, gerora ETA izango zenaren aurrekaria. Talde honen helburua euskal arazoetan (euskara, historia, politika...) kontzientzia eta formazioa lortzea zen; abertzaletasun klasikoarekin kritikoak ziren eta frankismo itogarriaren aurrean PNVk agertzen zuen jarrera pasiboa salatzen zuten. EGIrekin elkarlanean egon eta gero, PNVtik erabat banandu eta Ekinekoek erakunde berri bat sortzea erabaki zuten: Euskadi Ta Askatasuna. Hain zuzen ere, ETA sigla Txillardegik berak asmatu omen zuen. Txillardegi ETAko zuzendaritzako parte izan zen, Kultura adarrean.
1958tik 1960ra bitartean, Gipuzkoako Diputazioan euskal literatura eskolak eman zituen. 1961n erbesteko bidea hartu zuen, lehenik Frantziara eta gero Suitzara. Erbestean izan arren ETAn jarraitu zuen (zuzendaritza utzi zuen arren) eta kulturgintzan murgilduta jarraitu zuen. Beste zeregin askoren artean, Baionan Euskal Idazkaritza sortuko du beste euskalari batzuekin batera. Elkarlan honetatik, ortografian eta morfologian oinarrizko arau batzuk adostuko dira euskara baturako eta 1965ean agiri batean argitaratu. Lan talde horrek aurkeztutako proposamen gehienak, geroago Euskaltzaindiak onartuko zituen Arantzazuko Biltzarraren ondoren, eta hortaz Txillardegi aurrerabide honen eragile nagusienetakoa izan zen. 1967an ETA utzi zuen V. Biltzarra eta gero, ildo politikoarekin desadostasunak zirela eta. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen eta koalizioaren izenean senatari hautatu zuten.
1976. urtean, unibertsitatean hasi zen lanean, hizkuntzalaritzan espezialista gisa. Hala bada, Bordeleko Unibertsitatean, EUTG eta Deustuko Unibertsitatean, irakasle izen zen, 1976tik 1983 arte. 1983-84 ikasturtetik aurrera, Zorroagako Fakultatean soziolinguistikako irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean, katedratiko emeritu izendatu zuen EHUk.
Bide armatua egortua zegoela iritzita, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuen. 2007ko maiatzaren 25ean, Txillardegik alderdia utzi zuen, Aralarrek ETAren biktimen aldeko ekitaldi ofizial batean parte hartu zuenean eta urte hartako udal-hauteskundeetara Ezker Batuarekin batera koalizioan joatea erabaki zuenean. 2008ko urtarrilean, EAE-ANV alderdiko kideekin batera agertu zen hedabideen aurrean, Espainiako hauteskundeetarako hautagai-zerrenda erregistroan aurkeztera joan zirenean.
[aldatu] Lanak
[aldatu] Narrazioa
- Kosmodromo (1984, Haranburu)
[aldatu] Nobela
- Leturiaren egunkari ezkutua (1957, Euskaltzaindia): Berrargitalpenak, Leopoldo Zugaza 1977 eta Elkarrek 1983an
- Elsa Scheelen (1969, Lur): Berrargitalpena Elkar 1978
- Peru Leartzako (1960, Itxaropena): Berrargitalpena Elkar 1979
- Haizeaz bestaldetik (1979, Egilea editore): Berrargitalpena Elkar 1988
- Exkixu (1988, Elkar)
- Putzu (1999, Elkar)
- Labartzari agur (2005, Elkar)
[aldatu] Saiakera
- Huntaz eta hartaz (1965, Goiztiri): Berrargitalpena Elkar 1983
- Hizkuntza eta pentsakera (1972, Gero-Mensajero)
- Sustrai bila. Zenbait euskal koropilo (1970, Irakur Saila)
- Euskal Herritik erdal herrietara (1978, Egilea editore)
- Euskal gramatika (1978, UEU)
- Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981 (1984, Elkar)
- Soziolinguistika matematikoa (1994, UEU): Xabier Isasirekin elkarlanean
- Euskal Herria helburu (1994, Txalaparta)
- Lingua Navarrorum (1996, Orain)
- Euskararen aldeko borrokan (2004, Elkar)
[aldatu] Hizkuntzalaritza
- Euskara batua zertan den (1974, Jakin)
- Oinarri bila (1977, Egilea editore)
- Euskal Gramatika (1978, Ediciones Vascas)
- Euskal fonologia (1980, Egilea editore)
- Euskal dialektologia (1983, Egilea editore)
- Euskal azentuaz (1984, Elkar)
- Elebidun gizartearen azterketa matematikoa (1984, UEU)
[aldatu] Autobiografia
- Gertakarien lekuko (1985, Haranburu)
[aldatu] Historia
[aldatu] Kanpo loturak
- Gipuzkoako Kultura. [1]
- Zubitegia. [2]
- Imanol Galfarsororen hitzaldian. [3]
- "Txillardegik Aralar utzi du, desadostasunengatik" Berrian [4]
- Argian elkarrizketa, 2007-9-30
Jose Luis Alvarez 'Txillardegi'ren lanak | ||
---|---|---|
Hizkuntzalaritza: Euskal gramatika • Euskal fonologia • Elebidun gizartearen azterketa matematikoa• Euskal dialektologia • Euskal azentuaz • Soziolinguistika matematikoa |