Bizkaiera
Wikipedia(e)tik
Mendebaleko euskara euskalkia da, tradizionalki bizkaiera izena hartu izan duena. Mendebalekoa izendapena zehatzagoa da, euskalki honek daukan mugaz gaindiko izaera kontuan hartuta. Izan ere, Bizkaian ez ezik, Gipuzkoako Debagoiena eta Debabarrenan eskualdeetan eta Arabako Aramaio eta Legutio herrietan ere erabiltzen baita. Gainera, arabera zena euskalki honen barruan sailkatzen da, eta Burgos eta Errioxako euskararen arrastoek mendebaleko euskararekin bat egiten dute.
Berba egiten den lurraldea, gutxi gorabehera erromatar berriemaileek aipatutako Caristii (Karistioak) euskal tribuaren lurraldearekin bat dator. Dena dela, egungo euskalkien eta antzinako tribuen arteko lotura ez dute aditu guztiek onartzen. Koldo Zuazo euskalariak[1], egungo euskalkien sorrera Erdi Aroan kokatzen du, antzinaroan izan zitekeen errealitatetik oso urrun. Bere ustez, mendebaleko euskararen hainbat ezaugarri Gasteiz hiritik hedatu ziren[2]. Hirigune honetan sortutako berrikuntzak Araban, Bizkaian, Deba ibarrean eta Errioxan zabaldu bide ziren, eta ahulago, Urolaldera, Goierrira eta Nafarroako mendebaleko hiru ibarretara: Burunda, Ameskoak eta Lana.
Eduki-taula |
[aldatu] Hedadura
Koldo Zuazo eibartarraren arabera ere ("Euskalkiak. Herriaren lekukoak". Elkar 2004), mendebalekoa dugu euskararik hedatuena, eta bi azpieuskalki bereizten ditu: Sartaldekoa (Uribe-Kosta, Mungialdea, Txorierri eta Nerbioi ibarra, Zeberio, Arratia eta Orozko) eta Sortaldekoa (Lea-Artibai, Durangaldea, Aramaio, Debagoiena eta Debabarrenako Mallabia, Ermua, Eibar eta Soraluze).
Tarteko hizkeratzat hartzen ditu, alde batetik, Busturialdea, Otxandio eta Legutiano (Sartaldekoa eta Sortaldekoaren artean) eta bestetik Debabarrenako Elgoibar, Deba, Mendaro eta Mutriku (mendebaleko eta Gipuzkera edo erdialdeko euskararen artekoa).
[aldatu] Ezaugarriak
Bizkaiera.net Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizikai Alkarteak abiatutako webgunea da. Bertan, informazio zabala ematen dute mendebaleko euskararen ezaugarri gramatikalei buruz, baita datu historikoak, literaturari buruzkoak, bibliografia interesgarria eta eredu estandarraren inguruko proposamenak ere. Hori da, hain zuzen ere, guztiz osatzeke dagoen lana: eredu batu finkoa, idazterako orduan zalantzarik emango ez duena. Azpieuskalkiei dagokienez, beste sailkapen bat erabiltzen dute webgune horretan.
Mendebaleko euskarak bereizgarri batzuk ditu , besteak beste jarraian deskribatuko ditugunak, beti ere lehen aipatutako Koldo Zuazoren liburuaren arabera.
[aldatu] Fonologia (ahoskera)
- Hitz askotan, U vs. I : hUri/hiri, hUrUn/hirin, Ule/ile, Urten/erten/irten, Uger egin/igeri egin, Uzen/izen... Ez dakigu bi aldaeretatik zein den zaharrena.
- -a amaieradun hitzei a artikulua eranstean: -a + a > -ea. Neska + a > neskea. -ea horretatik, hizkeren arabera -ia, -ie, -i edo -e sortzen dira: neskia, neskie, neski, neske.
- Lau txistukariak bitara ekartzea: s,z > s eta tz, ts > tz. Gipuzkoako iparraldeko herri askotan ere hala gertatzen da.
- Hitz askotan, gainerako euskalkietan E dagoenean, mendebalean A dago: bArri vs. berri, andrA vs. andre, Alkarte vs. elkarte.
- K > G: erabaGia vs. erabakia, jaGi vs. jaiki.
- ITZ > ITX (batzuek ITT): (h)aritz > areTX, (h)aitz > aTX, gaitz > gaTX.
- IZ > IX: (h)aize > aXe, gaizean > goXean, eleiza > eleXa.
[aldatu] Izen Morfologia
- Soziatiboa: -GAZ singularrean eta -KAZ pluralean. Laguna(ga)z eta lagunakaz. Pluraleko -kaz hori, sartaldean sortaldean baino gehiago entzuten da. Sortaldeko hiztun batzuek -kin bakarrik erabiltzen dute, singularrean zein pluralean.
- Destinatiboa: -RANTZ(A) sartaldean eta -RUTZ sortaldean.
- Aditz izenak mugimenduzko aditzen osagarri direnean eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, -TEN mendebal gehienean. Afalten goiaz = Afaltzera goaz, eitxen noie = egitera noa.
- Partitiboa esapide batzuetan: kalerik kale, etxerik etxe, mendirik mendi vs. kalez kale, etxez etxe, mendiz mendi.
- Sarritan, ONETAN, 'honetan' nahiz 'hauetan' adierazteko erabiltzen da, azentua gorabehera; pluralean oneitan ere entzuten da. Onék eta ónek, onégaz eta ónekaz, aretara eta áretara, singularra eta plurala hurrenez hurren.
- Izenordainak zehaztugabeak: ZEOZER, NONOR, NONOZ lakoak, eta horietatik ZEOZELAN, NONOGAZ, NONONDIK mendebaleko berrikuntza da. Dena den, EDOZELAN, EDONOR eta EDONOIZ ere mendebalean esaten da.
- Izenordain indartuak: NEU, (H)EU, ZEU, GEU, ZEUOK vs. NERONI/NIHAUR, HERORI/HIHAUR, ZERORI/ZUHAUR, ...
- Erderazko -ción > -IÑO: erlazINOA, konfesINOA vs. erdialdeko euskaran konfesioa, ekialdean eta Iparraldean konfesionea.
[aldatu] Aditz Morfologia
- NOR-NORI-NORK saileko adizkietan eutsi erroa: deutsat 'diot', deust 'dit', deusku 'digu',... Aldaera askorekin.
- Antzinako idatzietan *ezan erroa ohikoa zen, baina egungo mendebaleko euskaran egin-ek ordezkatu du: daigun 'dezazun', leikezu 'dezakezu', ekarri eixu 'ekar ezazu', e.a.
- *edun-eko orainaldiko adizkietan, -o- eta -au-: nik dot, hik don, zuk dozu, hak dau, guk dogu, zeuok dozue, hak dabe (<*daue).
- *edun-eko iraganekoetan, -eu- > -eb-: nik neban, hak eban (hark), hak eben (haiek) baina hiztun gehienek zuk zenduan, guk genduen, zuek zenduen.
- NOR-NORI: jat(a), jak/n, jako, jaku, jatzu, jatzue, jake. Hasierako j-, Sartaldean y-, erdialdean dx- eta Sortaldean gaztelaniazko j-ahoskatzen dute.
- *io aditzeko formak Mendebalean honela dira: dinot, dinozu, dino, e.a. Beste euskalkietan ez bezala, NOR-NORI-NORK sailekoak gorde ditu: zuk neri dinostazu.
- Partzizipioak erdarazko mailegu berrietan:
- a) -ado > -au: pentsau, akabau, amenazau, e.a. baina barkatu/parkatu, bukatu, bekatu/pekatu, e.a.
- b) -ido > -idu: korrejidu, sentidu, mobidu/mogidu, e.a.
[aldatu] Hiztegia
Hiztegia ezberdina izan daiteke eskualdetik eskualdera, baita herri batetik bestera ere kasu askotan. Hemen hitz ezagun batzuk baino ez ditugu komentatuko. Hiztegia.net webgunean, "Herriz herri" atalean, tokian tokiko hiztegi batzuk kontsultatzeko modua dago. Azken urteotan esparru hau gehien landu duen ikertzailea, Iñaki Gaminde bilbotarra, azpimarratu beharko genuke.
|
|
|
[aldatu] Literatura
[aldatu] Historia
XVI. mendean, Esteban Garibai (1533-1599) historialari arrasatearrak jasotako balada eta eresiak mendebaleko euskararen lekuko zaharrenetakoak dira. Joan Perez de Lazarraga arabarrak 1567 urte aldean idatzitako eskuizkribu bat 2005ean Madrilgo antigualeko liburudenda batean aurkitu zuten. Aurkitu eta berehala, Patri Urkizuk edizio bat prestatu zuen eta "Dianea eta Koplak" izenburuarekin argitaratu. Hego Euskal Herriko euskarazko idazlan literario zaharrena da, eta bere euskara egungo mendebaldeko euskararen oso antzekoa. XVIII. mendean, Pedro Ignazio Barrutia (1682-1759) Arrasateko eskribau aramaioarrak idatzitako "Acto para la nochebuena" ("Gabonetako Ikuskizuna"), ezagutzen den Hegoaldeko teatro-lan zaharrena da.
Mendebaleko euskara literatur euskalki moduan XIX. mendetik aurrera hasi zen gorpuzten, bereziki Juan Antonio Mogel eta Pedro Antonio Añibarroren lanetatik abiatuz. Mogelek Markinako euskara hartu zuen eredu bezala, eta Añibarrok berriz Arratiakoa.
XX. mendean, Jaime Kerexetak bizkaierara Biblia itzuli zuen 1976an.
[aldatu] Idazleak
Bizkaierazko idazle aipagarrien artean, historian zehar, hauexek ditugu ezagunenetarikoak:
- Juan Antonio Mogel (1745-1804): "Peru Abarka"ren egile apaiz eibartarra.
- Pedro Antonio Añibarro(1748-1830): Areatzan jaiotako idazle frantziskotarra.
- Txomin Agirre (1864-1920): Ondarroarrak bere lan nagusi biak euskalki desberdinetan idatzi zituen: "Kresala" bizkaieraz eta "Garoa" gipuzkeraz.
- Ebaristo Bustintza "Kirikiño" (1866-1929). Idazle eta kazetaria.
- Estepan Urkiaga "Lauaxeta" (1905-1937): Xabier Lizardi eta Nikolas Ormaetxea garaikideekin batera, euskal poesia irauli eta berritu zuen laukiztarra.
- Eusebio Erkiaga (1912-1993).
[aldatu] Hiperbizkaiera
"Hiperbizkaiera" terminoa Koldo Mitxelenak asmatu zuen, XX. mende hasieran Bizkaiko idazle garbizaleak erabiltzen hasi ziren euskara eredua izendatzeko. Idazle haiek mendebaleko euskarak gainerako euskalkiekin dituen ezaugarri komunak saihesten ahalegintzen ziren, horiek euskara giputzetik "kutsatutako" forma arrotzak zirelakoan. Hala, soilik Bizkaian (edo Bizkaiko txoko batzuetan) erabiltzen ziren adizkiak eta hitzak aukeratzen zituzten: Gura (latinezko gula(m)-etik), mendebalekoa ere baden nahi-ren ordez; jagon, zaindu ohikoagoaren ordez; eragon, Orozko eta Zeberion bakarrik erabilitako aditza, jardun-en ordez, besteren artean.
Joera horren hasiera, Juan Mateo Zabala bilbotarrak 1848an argitara emandako Verbo regular del dialecto vizcaíno gramatika-lanean dagoela dirudi. Geroago, Resurrección María Azkueren Euskal Izkindea-Gramática Euskara lanak, aranazaleei garbizalekeriaren bidea ireki zien, nahiz eta gero Azkuek berak bide hura gaitzetsi. Juan Mateo Zabalak, bizkaiera bizitik aditz forma "erregularrenak" aukeratzen zituen, horiek forma zaharrenak zirela iritzita. Beraz, Zabalari gintzazan lako formak giñean lakoak baino hobeak edo "jatorragoak" zirela begitantzen zitzaion, batzuk besteak baino erregularragoak zirela-eta. Azkuek berriz, urrats bat gehiago eman eta forma horien biziaz harago egin zuen eraikuntza, hau da, inoiz izan gabeko aditz formak asmatu zituen. Azkuek eraikitako jatorrizko euskaran, izan-en orainaldiko adizkiak honako hauek ziren: ni nai, i ai, a dai, gu gaiz, zu zaiz, arek daiz.
Ia beti, hiztunek analogiaz sortutako adizki berriagoak ziren jatortzat hartzen zirenak, eta muturrera eramandako joeretan, herriak darabiltzan adizkiak baztertu eta berriak asmatzen ziren. Hala, ordura arte bizkaiera idatziaren tradizioan erabat arruntak ziren ditut, ditudaz, ditugu, dituez eta antzekoen ordez, hiperbizkaierazaleek adizki analogikoak hobetsi zituzten: dodaz, doguz, dozuz, eta abar. Era berean, Mendebaleko literaturan erabat orokorra zen ditu(z) formari, herri gutxi batzutako dauz berrikuntzak hartu zion tokia testu idatzietan, ia erabat ordezkatzeraino.
Egungo egoeran, mendebaleko euskararen eredu literarioa bultzatu eta zabaldu nahi duten taldeen barruan, oriandik bizirik dirau euskara honen ezaugarri bereziak nabarmentzeko gogoak. Batzutan, batasunaren kalterako.
[aldatu] Elkarteak
Labayru Euskal Kulturaren erakundeak Mendebaleko euskera era akademikoan lantzen du 1970etik, informazio zabal-zabala eskainiz, eta horren inguruko ikastaroak ere antolatzen ditu. Egoitza Nagusia eta Hizkuntza Arloa Bilbon dauka, eta Etnografia Arloa eta Euskal Biblioteka Derion.
Mendebalde Kultura Alkarteak euskalkiaren inguruan era espezifikoan lan egiten du, helburuak hauexek izanda, haien hitzetan:
"Euskal Herriko mendebaldeko euskereak, bizkaiera izenaz ezagutzen danak, euskera batuari eskaini leikion ondarea ikertzea eta indartzea, honan euskera bera ikertu eta indartuz; bestetik, mendebaldeko euskerearen corpusa eta estatusa jagotea, jorratzea eta bultzatzea".
1997tik urtero jardunaldiak antolatzen dituzte, gai nagusi baten inguruan, urtez urte ezberdina dena. Bilbon dauka egoitza elkarteak.
[aldatu] Hedabideak
[aldatu] Irratiak
- Bizkaia Irratia: Programazio guztia euskera hutsean dago eta "bizkaiera batuan", ezaugarri bi hauek dituen irrati bakarra izanda. Egunero emititzen dute etengabean irrati-saioekin edo musikarekin.
- Arrakala Irratia. FM 106 (Lekeitio).
- Arrate Irratia. FM 87.7 (Eibar).
- Arrasate irratia FM 107.7 (Debagoiena).
- Bilbo Hiria Irratia FM 96.0 (Zenbat Gara elkartea - Bilbo).
- Itsuki Irratia. FM 107.3 (Bermeo).
- Matrallako Irratixa FM 102.8 (Eibar).
- Radixu Irratia FM 105.5 (Ondarroa).
[aldatu] Aldizkariak
- Anboto aldizkari elektronikoa eta Anboto irratia FM 107.1 (Durangaldea).
- Bizkaie aldizkari elektronikoa: 2001. urtetik on-line, Bizikai Kultura Alkarteak burututako ekimena da. Bizkaierari buruz baino bizkaiera hutsean egindako astekaria da eta informazio orokorra jorratzen du. Bilboko Txurdinaga auzoan dute egoitza.
- Drogetenitturri aldizkaria (Ermua).
- Eta kitto! aldizkaria (Eibar).
- Pil-pilean aldizkaria (Soraluze).
[aldatu] Telebistak
- GOITB telebista (Debagoiena).
- Urdaibai Telebista (Gernika).
[aldatu] Egunkariak
- Goiena. Debagoiena (Gipuzkoa).
[aldatu] Blog komunitateak
Euskal Herrian gaur egun dauden blog komunitate euskaldun nagusiak Deba Ibarrean daude, Eibar.org eta Goiena.net. Bertan informazioa Mendebaleko euskaraz partzialki edo osoki ematen dute blogista batzuk. Hauetaz gain, Deustuko Unibertsitatean, Filosofia eta Letren Fakultatean, badago beste komunitate bat. Azkenik, Mendebaldeko blogari euskaldun isolatuak ere egon badaude.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ http://etgz.files.wordpress.com/2008/01/berriazuazoeuskalkienjatorri.pdf Koldo Zuazo, "Euskalkien jatorriaz eta bilakaeraz", Berria 2007-XII-9
- ↑ http://www.uztaro.com/index.php?modulo=artikulua&arg1=22&arg2=597 Koldo Zuazo, "Euskara Araban", Uztaro 21. zkia.
[aldatu] Kanpo loturak
- Badihardugu Euskara Elkartea. Deba Ibarreko Euskara Elkartea
- bizkaiera.net
- labayru.com
- Bizkaiera hiru.com webgunean
- Mendebalde Kultur Alkartea
- Bizkaiera hiztegitxoa
- Koldo Zuazo, "Euskalkien jatorriaz eta bilakaeraz", Berria 2007-XII-9
- Bizkaierazko euskalduntzeari buruzko erreportajea ARGIAn (2006-10-1)
- Getxoko bizkaiera ikasleei buruzko erreportajea ARGIAn (2008-04-20)
- Koldo Zuazoren, "Euskara Araban", Uztaro 21. zkia