Otomandar Inperioa
Wikipedia(e)tik
Otomandar Inperioa (Otomandar turkiera zaharrean: دولت عالیه عثمانیه Devlet-i Âliye-yi Osmâniyye, Azken Otomandarrean eta egungo turkieraz: Osmanlı Devleti edo Osmanlı İmparatorluğu) 1299tik 1922 arte turkiarrak buru zituen inperioa izan zen, etnia eta erlijio anitzekoa. Boterearen erpinean (XVI. eta XVII. mendeetan, hiru kontinentetan zehar hedatzen zen: hego-ekialdeko Europan, Ekialde Hurbilean eta Iparraldeko Afrikan; mendebaldean Gibraltarko itsasartetik ekialdean Kaspiar Itsasoraino, iparraldean Austriako mugatik egungo Somaliaraino. Hogeita bederatzi probintzia, Moldavia, Transilvania eta Valakia haren mendeko printzerriak gehitzeke, izatera iritsi zen.
[aldatu] Historia
Seljuk etxea turkiarren adar bat zen, zein IX. mendean Kaspiar Itsaso eta Aral itsasoaren iparraldean kokatuta zeuden. X. mendean, seljukarrak mendebaldera mugitzen hasi ziren, Anatolia aldera. Manzikert (Malazgirt) batailaren ostean 1071n, hor finkatu ziren tribu horiek. Horren ondorioz, Anatoliako seljuk sultanerria osatu zen, Asiako erdialdea bereganatuta zeukan seljuk inperioaren adar independentea. 1243an, seljukar armadak mongoldarrek garaitu eta suntsitu zituzten. Astiro, inperioa desegin zen. Kinka horretan, Osman I.a buru zuen turkiar estatua garatu zen, Otomandar Inperioa eratu arte, seljukar eta bizantziarren hutsunea betetzeko.
Otomandar Inperioak mendebaldea eta ekialdea lotu zituen 623 urteko historian. Konstantinopolis (egungo Istanbul) hiriburua, aurreko mediterranear inperioen (Erromatarrena eta Bizantziarrena) ondorengo musulmana zen otomandarra. Honela, otomandarrek erromatar eta islamdar ohituren ondorengotzat jotzen zuten euren burua.
XVI. eta XVII. mendeetan, munduko estaturik boteretsuenetakoa izan zen, Balkanetan zehar aurrera eginez. Alabaina, XVIII. eta XIX. mendeetan inperioaren gainbehera gertatu zen. Lehen Mundu Gerran, 1914an, alemaniarren alde egin zuten otomandarrek. Porrotarekin, aliatuek inperioa desegin zuten Sèvresko Itunaren bidez.