Ludwig Mies van der Rohe
Wikipedia(e)tik
Ludwig Mies van der Rohe (Aachen, 1886ko martxoaren 27 − Chicago, 1969ko abuztuaren 17) arkitekto alemaniarra zen.
Mies van der Rohek forma garbiak eta planoak erabiltzen zituen bere proiektuetan eta beira, altzairua eta konkretua (hormigoia) sarri agertzen dira. Bere lanak oraingo beirazko fatxadadun eraikin handien (etxe-orratzen) oinarri izan dira. Berea da Less is More (Gutxiago Gehiago da) goiburua.
[aldatu] Bizitza eta pentsamoldea
Egiazko izena Ludwig Mies zuen. 1921 urtean aitaren abizenari amaren ezkonaurreko abizena gehitu zion "van der" tarteko ipiniz, artistikoago bihurtzeko. Horrela bilakatu zen Ludwig Mies van der Rohe.
Aachen sorterrian (gaztelaniaz Aquisgrán, frantsesez Aix-la-Chapelle) familiako enpresan hasi zen lanean, Berlinen Bruno Paul-en arkitektura agentziara joan zen arte. Urte batzuk geroago Peter Behrens arkitektoaren agentzian lan egin zuen 1908 eta 1912 artean. Azken honen eraginpean, eraikuntza teknika aurreratuetan eta prusiar klasizismoan oinarritutako arkitektura garatu zuen. Begiko zituen ere errusiar konstruktibismoaren eta holandar De Stijl taldearen estetika. Garai horretan hasi zen proiektu berritzaileak egiten altzairua eta beira erabiliz eta, era berean, Karl Friedrich Schinkel.arkitekto klasikoaren zenbait ideia mailegatuz. Behrensen lantegian ere Walter Gropius ezagutu zuen, Bauhaus eskolaren fundatzaile izango zena. 1912 eta 1914 artean Berlinen lan egin zuen, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen arte.
Miesek G aldizkarian parte hartu zuen 1923 urtean argitaratu zenean. 20 eta 30 hamarkadako arkitektura-filosofian emari handikoa izan zen, Deutscher Werkbund delakoak babestutako Weissenhof proiektuaren eta Berlingo eta Dessauko Bauhaus eskolako zuzendari (1930-33) izan baitzen. Nazismoaren gorakada dela-eta, Mies Estatu Batuetara erbesteratu zen 1938 urtean.
Mies Chicagon kokatu eta Chicago's Armour Institute of Technologyko (orain Illinois Institute of Technology edo IIT) arkitektura sailean lan egin zuen, unibertsitateko campusa berrantolatzearen truke. Bere lanik ezagunenetako batzuk bertan daude, hala nola Crown Hall arkitektura eskolako egoitza.
1958 urtean Nazioarteko estiloaren gaina den Seagram Eraikina eraiki zuen New Yorken. Forma garbiko paralelepipedo beltza da Park Avenue hiribidetik atzeratua, trabertino zurizko sarrera espazio handi bat utziz. Fatxada beirazko kortina-horma da eta apaingarri gisa bertikaltasuna handitzeko altzairuzko profilak ditu kanpoaldean.
Ezaguna Less is More (Gutxiago Gehiago da) eta God is in the details (Jainkoa detaileetan dago) hainbatetan esan zuelako, Miesek espazio neutro eta kontenplaziozkoak egiten saiatu zen, ekaien (materialen) eta egituraren egiazkotasuna erabiliz. Azken lanak arkitektura unibertsal sinplifikatuaren bila emandako bizitzaren emaitza dira.
[aldatu] Lan garrantzitsuak
- 1911: Wohnhaus Perls, Berlin-Zehlendorf
- 1926 : Monumentua Rosa Luxemburg und Karl Liebknecht-en omenez, Berlin
- 1927 : Etxebizitzak Weißenhof siedlung-ean, Stuttgart, Alemania
- 1928-30 : Villa Tugendhat, Brno, Txekia
- 1928-29 : Villa Lange eta Villa Dr. Esters, Krefeld, Alemania
- 1929 : Alemaniar Pabilioia Erakusketa Unibertsalean, Bartzelona (Europako maisulana)
- 1931 : Verseidag fabrika, Krefeld, Alemania
- 1946-50 : Farnsworth Etxea, Plano, Illinois, AEB
- 1932-33 : Lemke bungalowa, Berlin-Hohenschönhausen
- South Side unibertsitate eraikinak, Chicago, AEB
- 1946 : Alumni Memorial Hall
- 1950-51 : Lake Shore Drive Apartamentuak, Chicago
- 1954-58 : Seagram Eraikina, New York (AEBko maisulana)
- 1956 : Crown Hall, Chicago
- 1959 : Federal Building
- 1966 : IBM Eraikina
- 1965-68 : Neue Nationalgalerie (galeria nazional berria), Berlin