Sabino Arana
Wikipedia(e)tik
Sabino Arana Goiri, berak idatzi bezala, Arana ta Goiri'taŕ Sabin, (Abandoko Elizatea, gaur egun Bilbo, 1865eko urtarrilaren 26a- Sukarrieta, Bizkaia, 1903ko azaroaren 25a) Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzailea izan zen. Euskal nazionalismoaren hainbat sinbolo sortu eta hedatu zituen, ikurrina tartean, eta euskararentzako grafia berri bat asmatu zuen.
Eduki-taula |
[aldatu] Hastapenak
Aitak karlistadan izan zuen parte hartzea dela eta, Arana familia Baionan erbesteratua bizi izan zen. 18 urte zituela, euskal aberri baten izateaz jabetu, Luis anaiaren laguntzaz, eta euskara ikasten hasi zen. 1892. urtean "Bizcaya por su Independencia" liburua idatzi zuen. Haren pentsamoldearen oinarriak euskal arrazaren garbitasuna, katolizismoa eta hizkuntzaren garbizalekeria izan ziren eta ideia multzo hori Jaungoikoa ta Lagi Zaŕak (JEL) leloan laburbildu zuen. Aranak Bizkaiaren independentzia eskatzen zuen, beste gainerako euskal herriekin batera "Euzkadi" izeneko nazio federalean batzeko. Horretarako, euskal abertzaletasunari ikur eta esaera multzo bat eman nahi izan zion.
[aldatu] Ikurrina
Sakontzeko, irakurri: Ikurrina
Ikurrina irudikatu zuen eta Luis Arana Goiri anaiak marraztu. Hasieran Bizkaia independentearentzat pentsatu zuen, baina herrialde guztietan zabalduz joan zenez, azkenean euskaldun guztien bandera bilakatu da.
[aldatu] EAJ
Sakontzeko, irakurri: Euzko Alderdi Jeltzalea
1895. urtean Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuen. Politikagintzan hamar urtez bakarrik jardun eta gero, 38 urterekin hil zen. Espainiako Bigarren Errepublika garaian, Aberri Eguna Pazko Igandean ezarri zuen EAJk, zeren tradizio abertzalearen arabera, Sabino Aranak euskal aberriaren berri ona egun honetan jaso omen baitzuen.
[aldatu] Euskara
[aldatu] Hizkuntza eredua
Hizkuntzarentzako ortografia eredu bat proposatu zuen, Lecciones de Ortografía del Euzkera Bizkaíno lanarekin. Gaztelaniatik aldentzeko nahiak eta garbizalekeriak bultzaturik, latin hizkuntzetatik hartutako mailegu guztiak, berriak nahiz zaharrak, euskal hiztegitik desagerrarazi nahi izan zituen. Horretarako, berak edo bere ingurukoek asmatutako hainbat neologismo ("aranismo" edo "sabinismoak") zabaldu zituen; haietatik asko erlijio arlokoak ere baziren: txadon (etxe-done, 'eliza'), gotzon (goi-gizon, 'aingeru'), gotzain (gogo-zain, 'apezpiku'), deun (santu), bilebagi (zirkunzisio), uŕutizkin (telefono), izpaŕingi (egunkari) eta oŕlegi (berde), beste askoren artean.
Neologismo gehienok denborarekin galdu egin ziren eta gaurko hiztunek ez dituzte erabiltzen. Hala ere, batzuek bizirik diraute, batez ere terminologia politikoan: aberri (aba, hebreeraz 'aita' eta herri) , abertzale, lehendakari, abesti, abizen (aberri-izenetik eratorria), sendi (senide-tik eratorria), idatzi (izkribatu eta eskribituren ordez).
Euskararen batasunaren auzian, euskararentzako eredu bakar bat hitzartzearen aurka agertu zen. Bere ustez, euskalkiek, herrialde bakoitzean (Euzkadiko estatu federatu bakoitzean) hizkuntza estatusa izan behar zuten, bata bestearengandik bereizirik. Resurrección María Azkue eta Arturo Campión bezalako euskalariak ez zetozen iritzi horrekin bat, eta gaia garai hartako eztabaida nagusien artean egon zen. EAJren iritzi ofiziala denbora luzean Aranaren berbera izan bazen ere, Arana zendu ondoren jeltzale asko izan ziren Azkueren ikuspegia onartu zutenak, hala nola Seber Altube euskaltzaina.
[aldatu] Izendegia
Sakontzeko, irakurri: Sabino Aranaren izendegia
Arana zendua zela, 1910ean Luis Eleizaldek "Deun Ixendegi Euzkotarra" argitaratu zuen, Aranak argitaratu gabe utzi zuen lanean oinarrituta. Liburuan izendegi kristau guztia euskaratu nahi da, ustezko euskal arau fonetikoei jarraituz. Arlo horretan, Sabinoren proposamenek arrakasta handia lortu zuten denborarekin. Izan ere, gaur egun izenik erabilienen artean ditugu Kepa, Iñaki edo Josu, beste batzuen artean.
Haren izendatze eredua, ordea, ez da gehiegi zabaldu izan. Deiturei "-taŕ" amaiera erantsi zien, bi deiturak "eta" batekin batuz, katalanez bezala, eta izena azken tokian utziz. Hau da, haren izen osoa Arana ta Goiri'taŕ Sabin zen.
[aldatu] Ikus, gainera
- Abertzaletasuna
- Nazionalismoa
- Jeltzale
- Sabino Arana Fundazioa