Bartzelonako Nazioarteko Aireportua
Wikipedia(e)tik
Bartzelonako Nazioarteko Aireportua - El Prat Kataluniako aireporturik handiena da, eta estatuko bigarrena. Bartzelona hiritik 10 km-ra kokatua dago, honen hego-mendebaldean, El Prat de Llobregat udalerrian. 2005 urtean 27.131.448 bidaiarik erabili zuten aireportu hau eta 307.798 operazio burutu ziren, Europako 9. garrantzitsuena izanik. Batez ere Espainia-barruko hegaldiak burutzen dira, nahiz eta Europa barruko hegaldiak ere ugariak diren, eta kontinentearteko hegaldiak ere egiten diren. Bartzelona eta Madril arteko zerbitzuak, Puente Aéreo deitua (aireko zubia), 4.571.073 bidaiari garraiatu zituen 2005ean, Europako bi hiriren arteko aire-bide garrantzitsuena izaki.
Aireportu hau erabiltzen duten konpainia nagusiak Iberia eta Spanair dira. Azken honen eta Vuelingen operazio-base nagusia da, eta Iberiaren bigarrena. Beste konpainia askok ere erabiltzen dute, beraien artean Air Europa, Air Fance, KLM eta Lufthansa.
Lur hartzeko hiru pista ditu, bi paraleloan (7L/25R eta 7R/25L) eta beste bat zeharkakoa (2/20). 7R/25L pista 2004 urtean zabaldu zen. Hiru terminal ditu, A, B eta C, 114 fakturazio-mahai eta 24 ontziratze-plataforma. Terminal berri bat eraikitzen dabil, 2008 urterako prest egongo dela espero dena. Errepidez eta trenez komunikazioak hobetzen ari dira eta metroaren 9 linea ere bertara iritsiko da.