Txomin Artola
Wikipedia(e)tik
Txomin Artola (Hondarribia, Gipuzkoa, 1948-) abeslari euskalduna da.
Gaztaroan Troubles rock talde batean ibili ondoren folk musika berpizte mugimendua barrutik bizi izan zuen. Bi eragin nabarmen aitortu izan ditu bere musikagintzan: Ipar Amerikakoa, Bob Dylan, Simon & Garfunkel eta antzekoen eskutik, eta Ingalaterrako folk musika, John Renbourn, adibidez, 21 urterekin han egin zuen egonaldi baten ondorio. Musika herrikoa ere landu du.
Lehen disko, Olaxta, 1975ean atera zuen, bere aita Fernando Artola Bordari olerkariak arrantzaleei jarritako olerki eta bertsoak musikatuz. Lan monografikoa da, ondoren egin zituen beste batzuen antzera, hala nola Walt Whitmani eskaini zion Belar hostoak edota Gotzon Alemani eskaini ziona,'Ttakun ttakun. Oso ezagunak egin dira bere kanta asko, adibidez Txakurren partia, askok Txuriko bezala ezagutzen dutena, edo Goizeko euri artian.
Bere ahotsa gozoa da, lasaia, modulazio leuna onartzen duena, eta haren musika gitarra jokoetan oinarritua izan da, beti ere hausketarik eta estridentziarik gabeko giroa osatuz.
Hainbat musika taldeko partaide izan da: 1977ean "Haizea" sortu zuen beste lau lagunekin , 1994. urtean Josean Martin, Alan Griffin eta Josean Goikoetxearekin Alboka osatu zuen. Amaia Zubiriarekin batera atera zuen "Folk-lore sorta" hiru diskak. Urbil bere semearekin ere atera zuen 1997an "Hondarribian" diskoa. Azken urteotan kantagintza utzita dago.
[aldatu] Diskografia
- Olaxta (1975)
- Haizea (1977)
- Belar hostoak
- Ttakun ttakun
- Orbela
- Txuriko
- Berriz arte
- Bilduma
- Folk lore sorta I
- Folk lore sorta II
- Folk lore sorta III
- Alboka (1994)
- Banako (1994)
- Zurartean
- Hondarribian (1997)Urbil bere semearekin Banako recods