Sionismo
Wikipedia(e)tik
Sionismoa (Sionetik eratorria, Jerusalemen izen biblikoetariko bat) herri juduaren askapen nazionalerako mugimendua da. Mugimendu hau Israelgo estatuaren sorrera ulertzeko ezinbesteko giltzarria da.
XIX. mendeko Europan jaio zen, garai hartako mugimendu nazionalistetan inspiratua. Theodor Herzl kazetari eta idazle judu austriarrak "Estatu Judua" bere lanean adierazi zuenez, juduak herri "asimila ezina" dira, eta hau dela eta bere estatua eduki behar dute, bi mila urtetako erbestealdiari amaiera emanez. Estatu hau Argentinan edota Ugandan sortzen saiatu ziren arren, antzinako erreinu juduak zeuden Palestinan ezartzea erabaki zuten, garai hartan Otomandar Inperioaren esku.
Europako komunitate juduen artean ideia hauek zabaltzearen arrazoia, juduak Europan gero eta deserosoago aurkitzen zirela da: Errusiako tsarra haur juduak bahitu eta herrixka juduak erasotzen zituen antisemita suharra zen, eta geroagoko nazismoaren eta arrazismoaren goraldia ere kontutan hartu behar da.
Agintari turkiarrek erraztasunak jarri zizkieten juduei Palestinan ezartzeko, diru asko mugitzen baitzuten, oso aberatsa ez zen lurralde hartan.
Lehen Mundu Gerra amaitzean, Palestina Britania Handiaren eskuetara igaro zen. Talde erradikal sionistek borroka armatuari ekin zioten britainiarren aurka, hauek oldeka zetozen etorkin judutarren etorrera murriztu nahi baitzuten. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, estatu judu bat sortzea erabaki zen, Palestina bi zatitan banatuz.