MacGuffin
Wikipedia(e)tik
MacGuffin bat (batzuetan McGuffin idazten da) kontakizun batean erabiltzen den baliabidea da, istorioan garrantzia gutxi edo batere izan ez arren, pertsonaiek argumentuan aurrera jarraitzeko balio duena.
Alfred Hitchcock zuzendari eta produktoreak egin zuen teknika ezagun, baita hitza bera ere, 1939an Columbiako Unibertsitatean emandako hitzaldi batean. Honela esan zuen Hitchcockek: "Estudioan izen bat daukagu, 'MacGuffin' esaten diogu. Edozein istorio sortzen duen elementu mekanikoa da. Lapur-istorioetan ia beti lepoko bat izaten da eta espien istorioetan paper multzo bat".
[aldatu] Deskribapena
MacGuffina beste narrazio baliabideetatik desberdintzen duena zera da: ez duela axola zehazki zer den. Istorioan motibazio bat sortzen duen bitartean nahikoa da. Istorioko pertsonaiek MacGuffinaren garrantzia onartuko dute eta horren arabera egingo dituzte ekintzak, baina ez du istorioan garrantziarik izango.
Oso baliabide erabilia da filmetan, thrilleretan bereziki. Ohikoa da MacGuffina filmaren hasierako elementu nagusia izatea, ondoren, protagonisten motibazioak eta arazoak agertzen doazen neurrian garrantzia galtzen joateko. Batzuetan filmaren amaierarako ahaztuta geratzen den elementua da.
[aldatu] MacGuffina euskal literaturan
Rafa Egigurenen Chevrolet tropikala nobela izan liteke MacGuffinak euskal literaturan eman duen erakusgarri nabarmenenetako bat. Migel Salaberria protagonistaren erlojua, Ernesto Guevararen txapela edo emakume kubatar batek erosteko eskatzen dion irratia, besteak beste, MacGuffinaren definizioan sartzen dira.
Harkaitz Canok Linterna Gorria aldizkarian eskaini zuen elkarrizketa batean azaldu zuenez, Berria egunkarian idazten zituen zutabeetan askotan erabiltzen zuen baliabide hori. Idazle donostiarrak azaldu zuenez irakurlea erabili duzunaz ez konturatzea da baliabidearen sekretua.