Izurri pneumoniko
Wikipedia(e)tik
-
Oharra: Wikipediak ez du aholku medikorik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo sendagilearengana.
Izurri pneumonikoa izurri mota bat da, Yersinia pestis bakterioak sortutakoa. Izurri bubonikoaren konplikazioa izan daiteke, baina baita gaitz autonomoa ere, izurri bubonikarik gabe hartutakoa.
Bi bidetik harrapa daiteke:
- beste gaixo batek kutsatuta: aire bidetik kutsatzen da. Izurri pneumonikoa kutsakorra da oso. Bakterioa gaixoaren biriketan dagoenez, eztula egiterakoan kanporatu egiten da, gripearen edo pneumoniaren antzera. Gaixoaren espektorazioek tanta kutsakorrak dituzte, tanta bakoitzean milioika bakterio patogeno egonik.
- izurri bubonikoaren ondorioz: tratatu ezean, izurri bubonikoa izurri pneumonikoa bihurtzen da. Mikrobioak buboietatik odolera pasatzen dira eta biriketara irits daitezke.
Gaitzaren inkubazio epea oso laburra da, batez ere kutsapenaren ondorioz harrapatu denean: 1-2 egun artekoa, bakterioak aire bidetik gorputzean sartu direnetik.
Buruko mina, sukar handia, ahultasuna eta pneumoniaren seinaleak (disnea -arnasa hartzeko zailtasuna-, eztula eta odolezko espektorazioak) dira sintomarik ohikoenak.
Gaixotasun larria da, pronostiko txarra duena (hilgarritasun tasa: %95). Tratamendu antibiotikoa lehenbailehen hasi behar da heriotza saihesteko. Estreptomizina eta kloranfenikola dira antibiotiko erabilienak.
Izurri pneumonikoa, izurri bubonikoarekin batera, Erdi Aroan agertutako Izurri Beltzaren eragilea izan zen. Pandemia horrek Europako bazterrak astindu zituen XIV. mendean, milioka hildako eraginez.