Anschluss
Wikipedia(e)tik
Anschluss (alemanez anexioa), Anschluss Österreichs bezala ere ezaguna, Alemania Naziak 1938an egin zuen Austriaren bereganatzea da.
1938ko martxoaren 12ko gertaera hauek Adolf Hitlerek urteetan desiratutako Alemaniaren zabalkundearen lehen pausuak izan ziren. Ekintza honen ondoren beste batzu etorri ziren: Versaillesko Itunagatik Nazioen Ligaren aginpidean zegoen Sarreko eskualdearen itzulera, Txekoslovakiaren inbasioa 1939an eta azkenean, Poloniaren inbasioa, Bigarren Mundu Gerra ekarriko zuena.
Anschlussaren aurretik, tentsio politiko handiko garaia zen Austrian Alemaniaren presiogatik, zeinak alderdi Nazionalsozialistaren legeztatzea eta gobernuan parte hartzea eskatzen zuen. Austriaren independentzia mantentzeko azken saiakera batean, Kurt Schuschnigg kanzelariak erreferendum bat deitu zuen, independentzia edo Alemaniarekiko batasuna determinatzeko. Alemaniak Schuschnigg presionatu zuen boterea alderdi Naziari uzteko. Estatu kolpe hau Austriako Alderdi Nazionalsozialistak ondo planeatua zuen, eta hau dela eta ez zegoen erresistentziarik egon Wehrmachteko indarrek Austria inbaditu zutenean Anschluss behartzeko. Apirilaren 10ean erreferendumak Alemaniarekin batasuna onartu zuen %99,73 baiezko botorekin.
Anschlussak nazioartearen erantzun eskasa izan zuen: Lehen Mundu Gerrako aliatuek protesta diplomatikoak soilik egin zituzten, Anschlussaren aurkako inolako neurri zehatzik hartu gabe, nahiz eta berez aliatuak Versaillesko Ituna betearaztearen arduradun ziren, zeinak Austria eta Alemaniaren batasuna debekatzen zuen. Austriak 1945eko apirilaren 27an berreskuratu zuen independentzia.