Zumarraga
Wikipedia(e)tik
Zumarraga |
|||
---|---|---|---|
Gipuzkoa | |||
|
|||
Izen ofiziala | Zumarraga | ||
Antolaketa
Estatua
Autonomia Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Gipuzkoa Urola Garaia |
||
Posta-kodea | 20700 |
||
Koordenatuak | Koordenatuak: | ||
Garaiera | 356.9 m | ||
Eremua | 19,42 km2 | ||
Biztanleria | 9.944 (2005) | ||
Euskaldunak | %46,36 (2001) | ||
Distantzia | 53 km. Donostiara | ||
Sorrera | 1661 | ||
Herritarra | zumarragar | ||
Alkatea | Anton Arbulu Ormaetxea (PSE-EE) |
||
www.zumarraga.net | |||
Zumarraga Gipuzkoako Urola Garaia eskualdean kokaturik dagoen herria da, 10.324 biztanlekoa. 18,23 km² ditu eta itsasoaren mailarekiko 356.9 metroko garaiera du. Donostiatik 53 kilometrora dago.
Urola ibaiak banantzen ditu Zumarraga eta Urretxu. Honez gain, Antzuola, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Legazpi ere mugakide ditu.
Eduki-taula |
[aldatu] Festa eta ospakizunak
- Ekainaren 24a, San Joan bezpera: Euskadiko plazan eta inguruko baserrietan San Joan bezperaren sua pizten da.
- Uztailaren 2a, Santa Ixabel: Herriko jai garrantzitsuenak. Erromeria ospatzen da Antioko baselizaren inguruan. Goizean ezpata dantza dantzatzen da ermitan. Eguerdian bazkari herrikoia egiten da inguruetan, gehienetan koadrilan. Eta 8rak aldera herrira jaitsiera egiten da.
- Uztailaren 10a, San Kristobal: Geltokietako auzoko jaiak, asto lasterketak ospatzen dira.
- Abuztuaren 15a, Amabirjinaren eguna, ezpata dantza dantzatzen da parrokian.
- Abenduaren 13a, Santa Lutzi: Urretxu-Zumarragan antolatzen den urteko feriarik garrantzitsuena. Hainbat lehiaketa eta erakusketa antolatzen da, besteak beste, ganadua, errezil sagarrak, ardoa eta kapoiak.
[aldatu] Historia
Zumarragari buruzko lehenbiziko datuak 1366an agertu ziren, tronua eskuratu nahi zuen Enrikek, XIV. mendearen erdialdean Pedro I.a bere anaiordearen kontrako gerra zibilean ari zelarik, Zumarragako Monasterioa Lazkaoko Jaunari eman zionean. Geroago, inguru honetako biztanleek Ahaide Nagusi horren pean jasaten zuten kontrol zorrotzetik askatu nahirik, 1383ko abenduaren 11an, Urrutia izeneko tokian, egungo Eitzako auzotik hurbil alegia, konkordia-eskritura bat sinatu zuten Urretxu hiribildu sortu berriarekin. Agiri horren baiezpena Joan II.ak eman zuen 1385ean, eta Enrike III.ak berretsi zuen. Hala eta guztiz ere, 1405ean indarrik gabe laga zituzten erabaki horiek, eta herri biek Seguraren jabetzapean geratu behar zutela dekretatu zuten; eta halaxe izan zen 1411 arte. Zehazterik ez dugun garai batean herria Areriako Alkatetza Nagusian sartu zen, eta bertan mantendu gainera 1660 arte. Zumarragak, 1661ean, hiribildu titulua jaso zuen.
Hasiera batean Zumarraga gune sakabanatuz eraturiko herria zen, Zumarragako Andre Mariaren, gaur egun Antio izenez ezagutzen dugun horren inguruan diren baserriez funtsean. Baina urrunegi omen, eta XVI. mendearen bigarren herenean zehar parrokia haran hondora, ibarrera jaisteko eskaria egin zieten herritarrek eliz agintariei. Garbi noiz izan zen ez dakigun arren, Eitzako hiri izaerako gune nagusia sortu zen, Santa Engraziaren baselizaren, egungo San Gregorioren inguruan hain justu, eta San Kristobalgo baselizaren inguruan ere ba omen zen beste gune bat.
Herriaren historian zehar bada hainbat une edo gertaera berezi, hala nola: lehenbiko Udal Ordenantzak, 1526koak; lehenbiziko Antolaketa Plana, Estibanz arkitektuarena, 1860koa; ura ekartzeko lehenbiziko lanak, 1861ekoak; Hiltegiaren inaugurazioa eta hamabostean behin, ostegunez, egiteko merkatua jartzea 1865ean, inguruko baserrietako produkzioaren irtenbidetzat; Udaletxe berriaren inaugurazioa 1866an, 1986an birmoldatu zutelarik estetika irizpide zeharo berrizaleen bidetik; Hilerri berriaren inaugurazioa 1875ean, 1984an kriptara itzuliz birmoldatu zutela; 1890ean Eskola Berriak inauguratu izana; eta 1930ean Esteban Orbegozo, S.A. enpresa herrian kokatu izana, lanpostu asko eta asko sortu baitzituen, 50eko hamarkadan zehar etorkin saldo handiak erakarriz herrira, demografi hazkunde izugarria eraginez -biztanle kopurua laukoiztu egin baitzen-, 1977an helduz 12.619 biztanleko kopurura. Une horretatik aurrera, krisialdi ekonomikoak alderanztu egin zuen joera, eta berezko hazkundea baino handiagoko emigrazioa hasi zen, egungo 10.324 biztanleraino jaitsiz kopurua.
Aipamen berezia merezi du trenbideak, Zumarragaren historian erabakiorra gertatu den elementua baitugu, hiru geltoki desberdin izatera heldu gara eta. 1864an inauguratu zuten Norteko Trenbidea -gaurko RENFE-, Madril-Paris lineaz; 1889an inauguratu zituzten Ferrocarriles Vascongados haiek, Zumarraga-Maltzaga lineaz; eta azkenik, 1926an, Urolako Trena, "Gure Trena" ospetsua, Zumarraga-Zumaia lineaz. Elementu honek, Vicente Larreak egin (1986) eta udaletxean kokatuta dagoen eskultura batean alegoria gisa azaltzen denak alegia, Euskal Herriko komunikaziogunerik garrantzitsuenen artean jarri zuen herria, Gaztelako Goi Ordokia Gipuzkoako kostaldearekin eta Bizkaiarekin lotzen baitziren bertan. Gaur egun bakar-bakarrik RENFEren lineak segitzen du lanean.
Zumarraga izan zen Migel Lopez de Legazpiren jaioterria. 1897az geroztik bere estatua herriko plazan duen horrek Filipinar Irlak kolonizatu zituen XVI. mendean, eta oraindik ere zutik dago haren jaiotetxea, duela urte batzuk eginiko birmoldaketa lanen ondotik. Legazpi Dorretxea edo Jauregi Haundia izenak ematen dizkiogu.
[aldatu] Kultura
Larunbatero herriko plazan azoka ospatzen da. Bertan eguneko produktuak saltzen dira, hala nola, erropa, denetariko janariak e.a.
Urtean bitan Butak 21 elkarteak zineklub zikloak antolatzen ditu. Film ez-komertzialak ematen dituzte bi ostiralean behin gauetan.
[aldatu] Eraikinak
- Antioko ermita. Zumarragako parrokia izan zen XVI. mendean Andre Maria eliza eraiki zen arte. Harriz eta zurez egindako eraikin honek harlanduzko sei zutabe ditu, eta horiexek eusten diote zapaiari. Bi pisu ditu eta goikoa egurrezkoa da. Tronpeta itxurako leihoak ditu, gezileihoak, gotiko estilokoak. Bisita gidatuak antolatzen dira turistentzako.
- Legazpi dorretxea. Urdaneta hiribidean dago kokatuta. Jauregia hau harriz, egurrez eta zementuz egina dago. Gipuzkoako dorretxerik handiena da hiru pisurekin. Bertan Miguel Lopez de Legazpi bizi izan zen, nahiz eta gaur egun herriko musika eskolaren egoitza den.
[aldatu] Eskulturak
- Itziar eskultura, Jorge Oteizak bere emaztearen omenez egindakoa. 3 mm zabaleko den altzairuzko irudi abstraktu bat da eta trintxeran dago kokatuta.
- Txistulariei omenezko eskultura. Txistulari baten irudia da eta, hau ere, trintxeran dago.
- Trikitilariei omenezko eskultura. Brontzez eginiko bi trikitilariren irudia da eta Elizkaleko biribilgunean kokatuta dago.
- Eitzako frontoian dagoen Pelotaria.
- Miguel Lopez de Legazpi konkistatzailearen eskultura. Euskadi enparantzaren (herriko plaza) erdian dago.
- Ignacio Busca Sagastizabalen bustoa Zumarragako alkate izandako musika konpositore honen izena daraman auzoan dagoen bustoa.
- Goruntz "Pirulo" izenarekin ezagutua, Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina; hamar metro garai eta diametro desberdinak ditu, Zumarraga eta Urretxuren lotune dugun Kalebarren-Areizaga enparantzan kokatua.
- Aizkolariari omenaldia 2,45 metroko garaiera duen eskultura hau galdatutako brontze patinatuz landua dago eta hamabost zentimetroko idulki batean, brontzezko oinarri baten gainean, kokatzen da, Agurtzane Iturberen diseinuaren arabera. Aginaga auzoan kokatuta dago.
- Jira-Bira: Lurrak gure Lurrean Ezkio-Itsasoko Pott zeramika lantegian egindako eskultura multzoa. 6 metroko garaiera duten bi figura estilizatuk osatzen dute, eta horietako bakoitza ardatz bertikal batean txertatutako piezetan banatzen da. Eitzako errotondan kokatua.
- "Bizitzaren Aingerua" eta "Heriotzaren Aingerua" Kanposantuan kokatua.
[aldatu] Zumarragar ezagunak
- Migel Lopez Legazpikoa (1502-1572), Filipinen konkistatzailea eta Manilaren fundatzailea.
- Secundino Esnaola Berrondo (1878-1929): Músikaria. Orfeón Donostiarraren hirugarren zuzendaria. Bere lan ezagunenak: Uso txuriya, Loa, loa, Amak ezkondu ninduen, Pello Joshepe, Gernikako arbola, Euzko Izkuntza, Dringilin dron eta Rapsodia Vascongada...
- Pello Lizarralde (1956-), euskal idazlea.
- Josu Jon Imaz (1963-), EAJ-ren burua.
- Iñaki Urdangarin (1968-), eskubaloi jokalaria eta Espainiako Cristina infantaren senarra.
- Aitor Gonzalez (1975-), txirrindularia.
[aldatu] Mendiak
- Beloki. Herritik ikusten den mendia da. Tontorrean burdinez egindako gurutze handi bat du, bere kanpaitxoarekin. Gailurretik Urretxu eta Zumarragako panoramika paregabeaz gozatu daiteke.
- Izazpi. 973 m.-ko mendia. Berez mendiaren tontorra Ezkio-Itsason kokatuta dago. Tontorretik itsasoa, ikus daiteke egun argitsuetan, paisaia zabalaz gain. Eguraldia lagun bada, baita Pirinioak ere.
- Samiño. 932 m.-ko mendia.
- Argixao. 605 m.-ko mendia.
[aldatu] Zerbitzuak
[aldatu] Kanpo loturak
- Zumarragako udala webgune ofiziala
- Goierriko hitza Eskualdeko berriak egunero
- Lenbur Fundazioa Urola Garaiko burdinaren kultura eta natur eta kultur ondarea bultzatzea ditu helburu.
- Zumarragari buruzko bloga
- Otamotz, Zumarraga Urretxun, euskaraz eginiko aldizkaria.
Gipuzkoako udalerriak | ||
---|---|---|
Abaltzisketa • Aduna • Aia • Aizarnazabal • Albiztur • Alegia • Alkiza • Altzaga • Altzo • Amezketa • Andoain • Anoeta • Antzuola • Arama • Aretxabaleta • Arrasate • Asteasu • Astigarraga • Ataun • Azkoitia • Azpeitia • Baliarrain • Beasain • Beizama • Belauntza • Berastegi • Bergara • Berrobi • Bidegoian • Deba • Donostia • Eibar • Elduain • Elgeta • Elgoibar • Errenteria • Errezil • Eskoriatza • Ezkio-Itsaso • Gabiria • Gaintza • Gaztelu • Getaria • Hernani • Hernialde • Hondarribia • Ibarra • Idiazabal • Ikaztegieta • Irun • Irura • Itsasondo • Larraul • Lasarte-Oria • Lazkao • Leaburu • Legazpi • Legorreta • Leintz Gatzaga • Lezo • Lizartza • Mendaro • Mutiloa • Mutriku • Oiartzun • Olaberria • Oñati • Ordizia • Orendain • Orexa • Orio • Ormaiztegi • Pasaia • Segura • Soraluze • Tolosa • Urnieta • Urretxu • Usurbil • Villabona-Amasa • Zaldibia • Zarautz • Zegama • Zerain • Zestoa • Zizurkil • Zumaia • Zumarraga |