Zamakolada
Wikipedia(e)tik
Zamakolada 1804 urteko uztailean Bizkaian izan zen herri-altxamenduari deitzen zaio. 1801ean Simon Bernardo Zamakola eskribauak portu berri bat egiteko proiektua abian jarri zuen. Hortik dator Zamakolada izena.
Abandoko lurretan kokatuko litzatekeen portu hau, Bakearen Portua izenarekin. Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean aurkeztu zuen proiektua, Batzarren kontrolpean egongo zelarik. Behin hemen onartuta, Madrilen portua egiteko baimena lortu zuen, baina Godoyk, Karlos IV.aren ministro zenak, bizkaitarrek soldadutza egiteko baldintza ezarri zuen. Alabaina, soldadutza egitea Euskal Foruen kontrakoa zen eta hasiera batean batzarkideak guztiz konforme egon ez arren, azkenean onartu egin zen. Herritarrak, ordea, ez zeuden ados, batez ere bizkaitar gazteak. Eskakizunak sortutako haserrea jaurerri osora zabaltzen joan zen.
Zamakola eta bere jarraitzaileak Diman babestu ziren, geroago Nafarroara ihes egiteko. Kontuan izan behar da XVIII. mendearen bukarerarantza Bilboko jaun eta aberatsek ia monopolio erregimena zutela bizkaitar hiriburuko portuan. Abandon portu berri bat irekitzeak gainbehera ekarriko zion. Hori dela eta matxinatuak Bilbon sartzean askok lagundu zieten. Altxamendua herri gehiagotara zabaldu zen: Barakaldo, Portugalete... Hainbesteko matxinada sortu zen non gerra egoera deklaratu zen probintzian, 1807 arte iraungo zuena, Napoleonen inbasioa arte. Donostia eta Iruñetik irten ziren tropak irailaren 21ean iritsi ziren Bilbora.
Esan beharrik ere ez dago Zamakolaren proposamena ez zela burutu, baina altxatuen aurkako errepresioa ere gogorra izan zen, atxiloketak, isunak, etab. egon zirelarik. 400 bizkaitar baino gehiago epaitu zituzten, 100.000 biztanlera heltzen ez zen lurralde batean. Batzuk, ironikoki, soldadutza egitera behartu zituzten. Dena den, ez zen heriotz-zigorrik ezarri matxinadan bertan ere ez baitzen inor hil.