Bilboko portua
Wikipedia(e)tik
Bilboko portua, Bilboko itsasadarrean hedatzen da, Bilboko Zorrotzaurre auzotik, Zierbenako udalerrira doan tartean. Euskal Herriko porturik garrantzitsuena da, eta Espainiar estatuko laugarrena, urtero izandako kontenedore eta merkantzia trafikoan.
2005. urtean 33,2 milioi tona mugitu ziren portuan.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
Bilboko portua, Bilboren sorrerarekin batera agertu zen, XIV. mendean. Hasierako portua Zazpikaleen ondoan kokatzen zen. San Antongo zubiaren alde bietan. Merkataritzaren garapen eta hazkundearekin batera, portuaren garrantzia handituz joan zen. Bilboko portua beti aritu zen inguruko elizateetako portuekin lehian. Lehia horren adibide, XIX. mendearen hasieran gertaturiko Zamakolada.
Hiriaren leku faltarekin batera, portuak Abandoko elizateak Ibaizabal ibaiaren ondoan zuezkan lurrak bereganatu zituen, Bilbok elizatea bereganatzean XIX. mende bukaeran. Horretarako Areatzako zubia eta gaur egun Euskalduna Jauregia kokatzen den gunea garatu zen.
[aldatu] Industri hazkundearen portua
XIX. mendeko industria iraultzak, portuaren garraio eta azpiegiturak berriztea suposatu zuen. Horretarako foru aldundiak eta ekintza pribatuak eginiko inbertsioek, zortzi trenbide eraiki zituzten. Trenbideok mehategiak portuarekin lotzen zituzten. Azpiegituren eraikitzearekin batera, altzairugintza garatuz joan zen. 1876. urtean portuan aritzen ziren lau fabrika zeuden.
Portuarentzat gero eta zailagoa zen eskari handiari aurre egitea, eta horrela portuaren lurraldea itsasorantza zabaldu zen, Bilbo ondoko udalerrietara zabalduz. Gauzak horrela, 1872. urtean Bilboko portu eta itsasadarraren Obren Junta sortu zen (gaur egungo Bilboko Portuaren Agintaritza.
1902an Kanpoaldeko portua eraiki zen, Evaristo Txurruka ingeniariak gidaturiko lanetan. Ordurako portuak 18 kilometro kai eta hiru gune desberdinez osaturik zegoen. Itsasadarrean barrurago aurkitzen zen gunean, portu komertziala zegoen. Erdialdeko gunean portu industriala. Eta kanpoaldeko portuan, itsasontzi handientzako kaiak aurkitzen ziren.
Luzero puntako eta Galea puntako kaiak eraiki ziren, portuaren kanpoaldeko gunea zein zen argi ezarriz. Galea puntako kaia amaitu gabe geratu zen, Getxoko familia burgesek, portua eskuinaldera zabaltzearen aurka agertu eta gero. Gaur egun kaia oraindik ere amaitzeke dago.
Portuaren hazkundea etengabekoa izan zen 1970eko hamarkadako krisialdirarte. Bilboko portua, Espainia mailako porturik garrantzitsuena zen, kontenedore eta merkantzia gehien mugitzen zituena.
Orduan Bilboren gainbeherarekin batera, portuaren gainbehera ere etorri zen. Bilboko itsasadarraren barrualdeko guneek zuten degradazioa izugarria zen. Enpresa eta ontziala askoren itxierak eta kutsadurak, gune metropolitarraren bizimodua asko okertu zuten.
[aldatu] Bilboko Superportua
Gainbehera egoera hartan, Bilboko portuaren zabalkunde eta berritzeko proiektu baten bila hasi zen ordurako Bilboko Portu Agintaritza zenak. Itsasadarraren barruko guneak berriztu eta bertako iharduera industrialak kanpoaldeko portura eramateko helburuarekin. Horrez gain, agintaritzak portura enpresa berriak erakartzeko asmoa zeukan.
Superportua eraiki beharreko gunea itzela zen, kanpoaldeko portua eta Luzero punta kokatzen den gunearen artekoa alegia. Itsasoari dozenaka hektarea "irabazi" beharra zegoen, eta ingurugiroarentzako kalteak direla eta talde ekologistek gogor gaitsetsi zuten proiektua, euren artean Abra Defentsa Batzordea.
Superportu berriaren lanak 1991. urte hasieran hasi ziren, Zierbenako portuaren ondoan. Zierbenako portuaren ondoko harrobi batetik ateratako 50 tona kare harri baino gehiago eraibili da portuaren kai eta materialak eraikitzeko. Pixkanaka portuak itsasoari lekua kenduz joan zen. 1993. urterako Zierbena udalerria "inguraturik" geratu zen, Superporuaren kai berriek inguratuta.
Bi urte beranduago, 1995. urtean, Zierbenako kaia ia eraikita zegoen, 3,15 kilometroko luzerarekin, Superportuko kairik luzeena delarik. Zoritxarrez, 1996ko Otsailaren 3an egondako enbatak, kaiaren zati handi bat desegin zuten. Hamairu metroko olatuek kaiaren puntan zegoen 110 tona altxatzeko gai zen Manitowoc garabi bat ere erabat apurtu zuten.
Urte bereko Ekainerako kaia berreraikitzeko lanak hasiak ziren. Horrekin batera Zierbena eta mende hasierako kanpoaldeko portuaren artean itsasoari lurra irabazteko lanak zirauten. Kanpoaldeko portutik mendebaldera, 1,4 kilometroko luzerako kai berri bat eraiki zen.
Portu berriaren lehen fasea 1999. urtean inauguratu zen. Ondorengo urteetan portu berriaren guneak zabalduz joan dira. 2003. urtean Bahia de Bizkaia izeneko bi zentral elektriko zabaldu zituzten, 500 milioi euroko inbertsioaren ostean. Horrez gain, Getxoko udalerrian, Ereagako hondartzaren ondoan, kirol portu berria eraiki da, denda, jatetxe eta bestelakoekin.
[aldatu] Etorkizuna
Etorkizunari begira, portuaren handitze prozesua ez da oraindik amaitu. Hurrengo urteetan obrak aurrera jarraituko dute, aurrikuspenen arabera hemendik 10 urterarte ez da portua guztiz osaturik egongo.