Merkurio (planeta)
Wikipedia(e)tik
- Artikulu hau Merkurio planetari buruzkoa da, beste esanahientzat ikus Merkurio
|
Merkurio Eguzkitik hurbilen dagoen planeta da eta Eguzki-sistemako bigarren txikiena (−0.4 - 5.5 artekoa du bere ageriko handitasuna).
Erromatar mitologiako Merkurio jainkoaganik izan zuen bere izena, eta jainkoaren buruaren eta xapela hegaldunaren irudikagarri da Merkurio planetaren izar-sinboloa: ☿ (Unicode). Izan ere, bi izen izan zituen Merkurio planetak haraitzina, gizakumeak Eguzkiaren alde batean eta bestean ageri ziren planetak bat zirela ohartu ziren arte: Hermes zeritzan arratsaldean eta Apollon, aldiz, goizean. Ustezko planeta biok bat zirela, Pythagorasek ohartarazi omen zuen.
Eduki-taula |
[aldatu] Ezaugarri fisikoak
[aldatu] Atmosfera
Merkuriok atmosfera oso xumea du, tenperatura altuengatik eta planetaren grabitazio-indar txikiarengatik. Hain mehea da, molekulek Merkurioren azalarekin talka gehiago egiten dutela beraien artean baino. Atmosfera honetako molekulek nahiko denbora gutxi irauten dute planetan: potasio edo sodio molekula baten bizia Merkurion hiru ordutakoa da, gero espaziora doalarik. Hala ere, partikulak berriztu egiten dira hainbat modutan. Adibidez, eguzki-haizeak garraiatutako partikula kargatuak Merkurioren magnetosferak harrapatzen ditu azalerantz bidaliz eta berrizte-prozesu honetan parte hartuz. Badaude beste modu batzuk ere, hala nola meteoritoen talkak edo izotzaren lurruntzea.
[aldatu] Tenperatura
Merkurio oso planeta beroa da. Azalean batazbesteko tenperatura 452 K-koa da (179 ºC), baina egunetik gauera tenperatura 90 K (-183 ºC) eta 700 K (427 ºC) bitartean mugitzen da. Tenperaturen diferentzia hau, planeta guztien artean handiena, orbitaren eszentrikotasun handiagatik areagotua da (Eguzkira distantzia 46 eta 70 milioi km artekoa da). Gainera, errotazioa orbitarekin sinkronizatua dagoenez, perihelioan beti puntu berdinak daude Eguzkira zuzenduta, "polo beroak" bezala ezagutuak.
[aldatu] Gainazala
Merkurioren gainazala kraterez betea dago eta Ilargiaren antzeko itxura dauka, barne-aktibitaterik ez duelarik.
Planeta honen eraketaren ondoren meteorito-talka ugariko periodo bat izan zuen. Denboraldi horretan Merkurioren barne-aktbitateak magma jaurtikitzen zuen, lautadak sortuz, nolabait Ilargiko itsasoen bezalakoak.
Ehundaka metro eta kilometro diametroko kraterrez gain, badaude beste egitura geologiko nabarmen batzuk ere. Bat Caloris Planitia da, planeta honen egiturarik handiena, 1300 km-ko diametroa duen sakonunea. Aintzinako talka izugarri batek eragina da. Hain izan zen izugarria, laba erupzioak eragin zituela inguruan 2 km-ko altuerako mendiak osatuz, eta lurrikarak planetaren beste aldean gainazalaren haustura eragin zuen, "eremu kaotikoa" deitzen den tokian. Caloris izena (bero latinez) polo bero baten dagoelako datorkio.
Beste ezaugarri esanguratsu bat malkarrak dira, 500-1.000 m-ko altuerakoak eta ehundaka km-ko luzerakoak. Horietariko bat Rupes Discovery delakoa da, 350km-ko luzerakoa eta 1000 m-ko altuerakoa, eta bi krater zeharkatzen ditu, 35 eta 55 km-ko diametroa dutenak.
[aldatu] Geologia
Merkurioko geologia Eguzki sistemako barneko planetetatik ezezagunena da. Horrela izatearen arrazoiak ezberdinak dira: Eguzkira dagoen distantzia eskasa eta horrek sondentzako dituen zailtasunak, eta egun-gau zikloak Merkurion 58 lurreko egun irauten dituela. Horregatik Mariner 10 NASAren sateliteak 1974 eta 1975an eginiko hiru bidaietan egunargia zen zonaldea bakarrik ikusi ahal izatea eragin zuen. 2001an Messenger satelitea Merkurioren orbitan jarriko da, informazio handia bidaliz.
[aldatu] Historia geologikoa
Orain dela 4.000 milioi urte Merkurio sortu zenean hainbat kometa eta asteroideren talka jasan zuen, ahalik eta orain dela 3.800 milioi urte hau eten zen. Garai horretan talka ugari jasan zituen eta horietako batzuek Caloriseko Arroa sortu dute, magmak gero bete zuena, eskualde leunak sortuz. Planeta behin hoztua eta txikiagotua gainazalan arrakalak sortu ziren, krater eta lautaden gainean ikusten direnak. Mantua nahikoa uzkurtu zenean bulkanismo garaia bukatu zen eta jada ez zen laba gehiago atera gainazalera. Baliteke orain dela 700 edo 800 milioi urtetik ez izatea jarduera bolkanikorik.
[aldatu] Barne egitura
Merkurioren dentsitatea Ilargiarena baino % 60 handiagoa da. Horrek barnean burdinezko nukleo handi bat duela adierazten du. Nukleo honek bolumenaren % 42 osatzen du (Lurrean nukleoaren bolumena % 17koa da). Nahiz eta proportzioan Lurrak baino burni-nukleo handiagoa izan, dentsitatea Lurrarena baino pixkat txikiagoa da, Lurrak 20 aldiz masa handiagoa duelako barneko nukleoa asko konprimatuz eta bertan dentsitatea igoz.
1.800 km-ko erradioko nukleoa inguratuz 600 km-ko mantua dago, eta ondoren, gainazala.
[aldatu] Errotazioa
Errotazio-periodoa orbita-periodoarekin sinkronizatua dago; Merkuriok bi orbita burutzen dituenean, hiru errotazio egiten ditu. Horregatik, perihelioan beti puntu berdinak daude Eguzkira zuzenduak, "polo beroak" bezala ezagutzen direnak, 0º eta 180º meridianoetan kokatuak.
Zenbait puntutan, ikusle batek Eguzkia zeruan igotzen ikusiko luke, gero alderantziz mugituko litzateke sartu arte eta gero berriz igoko litzateke, dena egun berean. Fenomeno hau abiadura orbitalagatik da: perihelioa baino lau egun lehenago abiadura orbitala eta errotazio-abiadura bedindu egiten dira, Eguzkia zeruan geldi dagoela dirudielarik. Perihelioan abiadura orbitala handiagoa da eta Eguzkia alderantziz mugitzen ari dela dirudi. Ondoren, lau egun geroago, berriz mugimendu arrunta hartzen du.
[aldatu] Orbita
Merkurioren orbita oso eszentrikoa da. Eguzki-sisteman, Plutoiek bakarrik dauka eszentrikotasun handiagoa. Perihelioan Eguzkitik 46.000.000 km-ra dago, eta afelioan 70.000.000 km-ra. Merkurioren orbitak prezesio bat ere jasaten du.
[aldatu] Esplorazioa
Merkuriora hurbildu den espazio-ontzi bakarra Mariner 10 izan da. 1973an jaurtia, Artizarraren grabitatea erabili zuen abiadura orbitala doitzeko horrela Merkuriora hurbildu ahal izateko 1974 eta 1975 urteetan. Zunda honek hiru gerturatze egin zituen, hurbilena 327 km-ko altuerara besterik ez. Zoritxarrez, hurbilketa guztietan planetaren eremu berdina zegoen argituta, eta gainazalaren % 45a bakarrik aztertu ahal izan zen. Mariner 10 ontziak azalean tenperaturak ere neurtu zituen eta magnetosferaren existentzia baieztatu zuen.
2004ko Abuztuaren 3an MESSENGER espazio-ontzia bidali zuen NASAk, Merkuriora 2008 urtean heltzeko asmoz, hiru hurbilketa eginez eta ondoren, 2011 urtean, planeta hau orbitatuz urte batez.
[aldatu] Kanpo loturak
Astronomia - Eguzki-sistema | ||
---|---|---|
Planetak: Merkurio • Artizar • Lurra • Martitz • Jupiter • Saturno • Urano • Neptuno Planeta ipotxak: Pluton • Eris • Ceres Bestelakoak: Eguzkia • Asteroideen eraztuna • Kometak • Kuiper-en eraztun • Oort-en hodeia Planeten satelite nagusiak: Lurra: Ilargia Jupiter: Io • Europa • Ganimede • Calisto Saturno: Saturnoren eraztunak • Titan • Mimas • Enzelade • Tetis • Rhea • Dione • Iapeto Urano: Miranda • Ariel • Umbriel • Titania • Oberon Neptuno: Triton • Nereida • Proteus |