Azido erribonukleiko
Wikipedia(e)tik
Azido erribonukleikoa (sarri ARN edo RNA laburtua) azido nukleiko mota bat da, nukleotido monomeroz osatua, DNA eta erribosomen arteko mezulari eginkizuna duena. Aminoazidoak erabiliz proteinak ekoizteko eginkizuna ere badu.
Eduki-taula |
[aldatu] Azido erribonukleikoaren egitura
Oro har, adenina, guanina, zitosina eta urazilo (timinaren ordez) dituen erribonukleotido-katea bakar batek eratzen du. Kate laburragoa da eta forma lineala du, partzialki toles daitekeen arren. Ohikoa ez bada ere, birus batuen ARNa katea bikoitzekoa izan daiteke, gripearen edo HIESaren birusen kasuetan bezala.
ARN mota guztiak ADN sekuentzien kopiak dira; ARNaren kokapena, funtzio eta motak elkarri lotuak daude.
[aldatu] ARN erribosomikoak (ARNe edo rRNA)
Proteina-konplexu bat osatzen du erribosomak eratuz; hau da, proteinak sintetizatzen diren organuluak.
[aldatu] ARN mezularia (ARNm edo mRNA)
Hari bakarreko kate lineala da; ADNaren informazio genetiko a zitoplasmara eramaten du, proteinen sintesia egiteko. Nukleoan sortzen da gene jakin baten sekuentzia kopiatzerakoan. Aipatzekoa da, ARNm eratzen ari den bitartean, ADNan adenina bat aurkitzen denean, timinaren ordez beti uraziloa sartuko dela ARN katean.
Aurrerago zitoplasmara pasa eta erribosmekin elkartuko da, non proteinara itzuliko da. ARN mota honek, hortaz, gene bakoitzean, hots ADNan kodifikatutako mezua, “proteina-produkzio zentroraino” darama, hartatik datorkio mezulari izena.
[aldatu] ARN transferentziazkoak (ARNt edo tRNA)
Hirusta egitura dauka; zati batzuetan oinarriak elkartu eta besteetan, berriz, bukleak sortzen dira, elkartzerik ez dagoenez gero. Ez-ohiko oinarriak dituzten nukleotido batzuk ditu eta, izenak berak adierazten duenez, zitoplasmako zati disolbagarrian dago. Zitoplasman aminoazidoak erakarri eta erribosometara eramaten ditu: leku egokian uzten ditu, ARNak proteinak sintetizatzeko duen sekuentziaren arabera. Oinarri jakin batzuk kontuak hartuz, ARNt molekula bakoitza aminoazido zehatz batera elkartzen da. Zelulan duen egiturak boomerang edo “L” alderantzikatu baten itxura hartzen du.