Oihana Alkorta
Wikipedia(e)tik
Oihana Alkorta (Getaria 1977ko azaroaren 14- Orio 2007ko maiatzaren 17) musikari eta abeslaria zen.
Besteak beste, Benito Lertxundik Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ateratako diskoan hartu zuen parte eta Kilometroak 2004 zela-eta plazaratu zen diskoan ere hartu zuen parte Alkortak, Airean idazten dizkizut abestiarekin. Orion, Zarautzen, Usurbilen eta inguruko herrietan kontzertu ugari emandakoa zen, eta Orioko Herri Ikastolaren 25. urteurreneko ekitaldietan ere hartu zuen parte; urteurreneko abestia ere egin eta jo zuen ospakizun ekitaldietan.
Kilometroak 2004aren haritik Urola Kostako Hitzak Alkortari egin zion elkarrizketan aipatzen zuenez, «Demetrio maisuak musikarako ahots ona nuela esan zidan, eta honek asko lagundu zidan». Era berean, Ikastolako errekreoak zituela gustuko azpimarratzen zuen, baina hori bakarrik: «Koruko klaseak ere gogoko nituen».
2007ko maiatzaren 16an auto istripua izan zuen A-8 Autobidean. Zauri arinak izan arren, anbulantzian sartu zuten, eta ospitalerantz zihoazela, bidean, kamioi batek jo zuen anbulantzia eta kolpearen eraginez zauri larriak izan zituen Alkortak. Donostia Ospitalean 24 orduz zaintzan egon ondoren, 2007ko maiatzaren 17an hil zen. Istripuaren irudiak jaso zituen autobideko kamera batek, eta hedabideetan behin eta berriro zabaldu zituzten irudiak. Bai irudi horiek eta, bereziki, Oihana Alkortaren heriotzak, zirrara sortu du Orion zein Zarautzen, azken herri honetan ere ezaguna baitzen, taberna bateko zerbitzaria izateagatik, eta azkenaldian bertako biztanlea zelako.
Benito Lertxundi musikari oriotarraren hitzetan, Oihana Alkorta «pertsona sentibera zen. Nik uste dut asko sufritzen zuela; alde batetik, aita itsasoan galdu zuen; eta, bestetik, adiskide min bat ere galdu zuen. Kilometroetarako egin genuen disko kolektiborako idatzi zuen abestia bera ere oso sentibera izan zen... Horrelako une batean oroitzapenetan murgiltzen zara eta benetan gogorra egiten zaizu hau guztia».