Brontze
Wikipedia(e)tik
Brontzea kobrea eta eztainua oinarritzat dituzten zenbait aleazioen izena da. Eztainuaren proportzioa %3 ingurukoa izaten da. Honez gain beste zenbait metal gehitzen zaizkio, betiere material nagusia kobrea den arren: besteak beste, zinka, aluminioa, antimonioa edo fosforoa gehitzen zaizkio, lortu nahi diren propietateen arabera. Brontzeak kobreak baino ahalmen mekaniko hobeak izaten ditu.
Kobre eta zink metalak oinarritzat dituzten aleazioei letoi esaten bazaie ere, askotan hauek eztainua ere dutenez, ez dago oso argi bien arteko muga non dagoen, baina oro har, aleazioak zinka baino eztainu gehiago badu brontze deitzen zaio.
Gizakiak sistematikoki ekoizten hasi zen lehen aleazioa izan zen, Brontze Aroan hain zuzen. Aplikazio ugari ditu, korrosioa eta marruskadura jasaten dituzten piezetatik hasi, eta musika instrumentuetaraino (kanpaia, gong-a, piano korda...). Milaka urtetan armagintza eta erremintagintzarako material nagusia izan da eta historian zehar bitxigile eta eskultore ugarik erabili izan dute. Aurrekoaz gain, brontzezko txanpon eta piezak antzinako ekonomietan oinarrizkoak izan ziren eta garrantzitsuak dira baita gaur ere.