Ultramore
Wikipedia(e)tik
Argi ultramorea (UV) argi ikusgaiak baino uhin-luzera laburragoa eta X izpiek baino luzeagoa daukan erradiazio elektromagnetikoa da. Gizakiaren begiak espektro elektromagnetikoan identifikatu ahal duen azken kolorea morea denez, hurrengo uhin-luzerari ultramore deitu zitzaion.
Argi ultramorea Lurrak Eguzkitik jasotzen duen erradiazioaren osagaia da. Eguzkiak azala erretzen digunean, UV izpiak dira horren erantzule nagusia. Dena den, argi ultramoreak efektu gehiago dauzka, bai onuragarriak zein kaltegarriak.
Eduki-taula |
[aldatu] Aurkikuntza
1801ean Johann Wilhelm Ritter fisikari alemaniarrak behatu zuen moreaz gaindiko izpi ikusezinek zilar kloruroz blaitutako papera belzten zutela. Izpi honi "izpi desoxidatzaile" deitu zien, alde batetik beren erreaktibotasun kimikoa nabarmentzeko, eta bestetik espektro ikusgaiaren beste aldean zeuden "bero-izpietatik" bereizteko. Laster "izpi kimikoak" terminoa gailendu zen eta horrela deitu zitzaien 19. mendean zehar. Azkenean, hitz horiek baztertu egin ziren eta ultramore eta infragorri terminoak sustatu ziren.
[aldatu] Azpitipoak
Argi ultramoreak espektro elektromagnetikoan betetzen duen tartea azpiataletan zatitu daiteke:
Izena | Laburdura | Uhin-luzera nanometroetan | Energia fotoiko |
---|---|---|---|
Hurbilekoa | NUV | 400 nm - 200 nm | 3,10 - 6,20 eV |
UVA, uhin luzea edo argi beltza | 400 nm - 320 nm | 3,10 - 3,87 eV | |
UVB, uhin ertaina | 320 nm - 280 nm | 3,87 - 4,43 eV | |
UVC, uhin laburra edo germizida | 280 nm azpitik | 4,43 - 6,20 eV | |
Urrutiko edo hutseko UV | FUV, NUV | 200 nm - 10 nm | 6,20 - 124 eV |
Muturreko UV edo sakona | EUV, XUV | 31 nm - 1 nm | 40 - 1.240 eV |
Fotolitografian, laser teknologian, etab., ultramore sakon terminoa 300 nm azpitik dauden uhin-luzeretarako erabiltzen da.
[aldatu] Argi beltza
Argi ultramoreari argi beltz deitzen zaio lagunarteko hizkeran, giza begiak ezin baitu ikusi. Zenbait animaliak, besteak beste hainbat txorik, narrastik eta erlea bezalako intsektuk, argi ultramore hurbilean ikus dezakete. Fruta, lore eta hazi asko gehiago nabarmentzen dira ultramoreen uhin-luzeran argi ikusgaian baino. Eskorpioiek kolore hori berdexka daukate ultramoreez argiztatzen badira. Hegazti askok ultramoreekin soilik ikus daitezkeen ereduak dauzkate lumajean, eta hainbat animaliaren jariakinak, hala nola txakurrenak, katuenak edo gizakienak, errazago ikusten dira ultramorearen bidez.
[aldatu] Ikus, gainera
Espektro elektromagnetikoa
gamma izpiak • X izpiak • ultramoreak • argia • infragorriak • mikrouhinak • irrati uhinak |
|||||||||
ultramorea | morea | urdina | berdea | horia | laranja | gorria | infragorria |