Skinhead
Wikipedia(e)tik
Skinhead edo Kaskamotza 1960ko hamarkadan Britainia Handian sortutako gazte mugimenduko kideak izendatzeko terminoa da. Gaur egun skin mota ugari dago, ezker muturrekoetatik (RASH edo Redskins) eskuin muturrekoetara. Hala ere, skin mugimendua askotan azken honekin eta nazismoarekin lotu ohi da.
[aldatu] Historia
Skinhead mugimendua Britainia Handian sortu zen, 1960ko hamarkadako krisi ekonomikoaren testuinguruan. Mugimenduko kideak langile auzoetako gazteak ziren, asko eta asko immigrante jamaikarren seme-alabak. Mugimendua kulturala zen batez ere, eta estetika eta musika jakin bat entzutean oinarritzen zen. Zehazki, mod mugimendu estetikoaren erradikalizazioa ziren, eta ska, rocksteady eta reggae musika entzuten zuten.
1970eko hamarkadan, baina, elementu faxistak (National Front alderdi ingelesa, adibidez) skin mugimendua bereganatzen saiatu ziren, skinhead-ak betirako zatituz.
Gaur egun joera oso desberdinak daude skinhead izenaren atzean. Alde batetik, skin antifaxistak daude, komunistak zein anarkistak bilduz. Hauek RASH (Skinhead Gorri eta Anarkistak) edo SHARP (Aurreiritzi Arrazialen Aurkako Skinheadak) taldetan bildu ohi dira. Lehenek jarrera ideologiko antikapitalista argia defendatzen duen bitartean, bigarrenek antifaxismoa eta antirrazismoa azpimarratzen dute. Bestetik, skin arrazista edo neonaziak daude. Skin antifaxisten ustez hauek ez dira skinheadak, skin mugimendua etnia nahasketatik (ingelesen eta jamaikarren seme-alabak) sortutako langile mugimendua baita, eta bonehead deitzen diete neonaziei. Skin neonazien nazioarteko talde nagusiak Hammerskins edo Blood & Honour dira.
[aldatu] Musika
Skinhead mugimenduarekin Oi! musika lotu ohi da, punkaren eboluzio gisa hartu ohi den musika estiloa.