San Petri basilika
Wikipedia(e)tik
San Petri basilika Vatikano Hiriko eraikin garrantzitsuena da. Katolikoentzat eraikin erlijioso garrantzitsuena da munduan, bai tamainagatik (193 metroko luzera eta 44.5 metroko altuera dauka), bai bere esanahiagatik ere.
San Petri ez da katedrala, baina bertan egiten ditu Aita Santuak bere elizkizun garrantzitsuenak. Hala ere, Aita Santuaren katedrala Erromako San Joan Laterangoa da.
Margherita Guarducci arkeologoak 1965ean egindako ikerketen arabera, basilikaren azpiko aldean hilobiratuta dago San Petri, Jesusen apostoluetako esanguratsuenetakoa eta tradizioaren arabera historiako lehen Aita Santu izan zena.
[aldatu] Historia
San Petri basilika mende askotako lanaren emaitza da. San Petri hil eta hilobiratu zuten lekuan egindako lehen oroigarritik hasi eta gaur arte aldaketa ikaragarriak izan ditu.
324. urtean, Konstantino enperadoreak lehen basilika eraikitzeko agindu zuen. XV. mendean basilikak zuen egoera kezkagarriaren aurrean, Aita Santuak botatzea eta berri bat egitea erabaki zuen. Julio II.aren garaian hasi ziren basilika berria egiten, 1506ko apirilaren 18an. 1526an amaitu zen, Paulo V.aren agintaldian, eta Aita Santu honen izena dago basilikaren sarreran idatzita. Garaiko artista askok lan egin zuten bertan, besteak beste, Bramante, Raffaello Sanzio, Michelangelo, Giacomo della Porta, Gianlorenzo Bernini eta Carlo Maderno.
Bramantek egin zuen basilikaren lehen diseinua, gurutze grekoaren oinplanoaz. Hala ere, lanak hasi berritan hil zen, eta Raffaellok jarraitu zuen lan horretan; honek gurutze latindarraren oinplanoaren arabera eraikitzen jarraitu zuen. Michelangelok berriro gurutze grekoaren oinplanoa hartu zuen, eta berak diseinatu zuen Pedroren hilobiaren gainean dagoen kupula erraldoia, Giacomo della Portak haren gauzatzea aurrera eraman zuelarik. Guiseppe Cesarik egin zituen kupula barneko margoak, santuen hierarkia eta Jainkoaren zentraltasuna irudikatuz.
Kupularen oinarrian ondoko esaldi hau dago idatzirik:
- TU EST PETRUS, ET SUPER HANC PETRAM AEDIFICABO ECCLESIAM MEAM ET TIBI DABO CLAVES REGNI CAELORUM
- (Zu Pedro zara, eta harri horren gainean eraikiko dut nire Eliza, eta zuri emango dizkizut Zeruetako erreinuko giltzak)
Gaur egungo diseinuaren egilea Carlo Maderno da, Paulo V.aren garaian ataria diseinatu zuena. Berninik brontzezko baldakinoa eraiki zuen, Urbano VIII.a aita santuaren garaian.
[aldatu] Ikus, gainera
- San Joan Laterangoa
- San Paulo Harresiz Kanpokoa
- Santa Maria Nagusia