Israelgo historia
Wikipedia(e)tik
Israelgo historia honek Israelgo Estatuaren historia garaikidea aztertzen du, hots, 1948an estatua sortu zenetik gaur arte.
Eduki-taula |
[aldatu] Aurrekariak
Sakontzeko, irakurri: Palestinako historia
K. a. XII. mendean Jakoben ondorengoak garai hartako Kanaanen ezarri ziren, Egiptoko esklabutzatik irten ondoren. Dabiden garaian tribuak monarkiaren baitan batu ziren (K.a. 1000 urtean), baina Salomonen erregetzaren ostean bitan banatu ziren: Israelgo Erresuma eta Judako Erresuma. Ordutik aurrera israeldarrek botere politikoa galdu zuten, eta Babilonia, Persia, Mazedonia eta Erromaren menpe egon ziren.
Erromatarren kontrako matxinadaren ostean Palestinatik kanporatu zituzten, judutarren Diasporari hasiera emanez. XIX. mendean zehar Moses Hess eta, batez ere, Theodor Herzlen eraginez, sionismoa deitutako ideologia sortu zen. Honen arabera, juduek Palestinara itzuli behar dute beraien estatua sortu eta antisemitismotik libre bizi ahal izateko.
Lehenengo Mundu Gerraren ostean, Palestina Britainia Handiaren esku gelditu zen. Honek zalantzak zituen juduen itzuleraren gainean. Hala ere, 1917an Balfour adierazpena onartu zuen, juduek Palestinan beraien egoitza nazionala eraikitzeko zuten eskubidea aldarrikatuz. Hala ere, arabiarrekin ez hasarretzeko nahiak konpromisoak hartzea zailtzen zioten.
[aldatu] Independentzia eta arabiarrekin gatazka
Sakontzeko, irakurri: Lehen gerra arabiar-israeldarra
1947an Britainia Handiak argi ikusi zuen ezin zituela juduak eta arabiarrak adiskidetu, eta 1958ko udarako bertatik aldegin nahi zuela adierazi zuen. Horren aurrean Nazio Batuen Erakundeak Palestina bitan banatzeko plana onartu zuen: estatu judua eta estatu arabiarra, Jerusalen eta bere inguruak nazioarteko erregimen berezi baten baitan utziz.
Arabiar Ligak zatiketa hori gaitzetsi egin zuen, eta 1948ko maiatzaren 14an Israelgo independentzia aldarrikatzean gerra deklaratu zion estatu jaioberriari. Gerra horretan (Lehen gerra arabiar-israeldarra) Israel atera zen garaile, zatiketa planean zegokion lurraldeari beste %26 gehitu baitzion. Jordaniak Zisjordania eta Jerusalemgo alde zaharra konkistatu zituen, eta Egiptok Gazako zerrenda.
Gerran zehar eta beronen amaieran, Israelek konkistatutako lurraldeetatik hainbat arabiarrek alde egin behar izan zuten (600000 eta 900000 artean, kalkuluen arabera). Gehienbat ingurko estatu arabiarretan erbesteratu ziren, eta horrela sortu zen Palestinako errefuxiatuen arazoa, Israel eta bere auzokide arabiarren arteko gatazkan osagai garrantzitsua dena.
[aldatu] Suezko krisia (1956)
1956an Israelek Frantzia eta Erresuma Batuarekin batera Egipto erasotu zuen. Frantziak eta Erresuma Batuak Suezko kanalaren nazionalizazioa eragotzi nahi zuten eta Israelek, aldiz, Egiptotik barneratzen zitzaizkion terroristen baseak erasotu nahi zituen. Israelentzat Suezko gerra garaipen argia izan zen arren (Sinaiko penintsula bereganatu zuen), Frantzia eta Erresuma Batuarentzat erabateko porrota izan zen, nazioartean ordura arte izandako hegemonia galdu baitzuten bertan.
Nahiz eta gerra ondoren Israel Sinai eta Gazatik erretiratu behar izan, Egiptoko mugan segurtasuna lortu zuen, ondoren jarri ziren NBEtako soldaduei esker. Hala ere, bake egoera oso zalantzazkoa zen. Suezko gerratik aurrera Ekialde Hurbila munduko gune gatazkatsuenetakoa bihurtu zen.
[aldatu] Sei Eguneko gerra (1967)
Sakontzeko, irakurri: Sei Eguneko Gerra
Egipto, Siria eta Jordaniako armadek egindako mugimenduek Israelen susmoak piztu zituzten, eta estatuok erasotzea pentsatu zuen, geroko erasoren bat saihesteko. Armada arbiarren arabera, beraien mugimenduak Israelek Sinaiko penintsula konkistatzeko eginiko aproben erantzuna izan ziren.
Gerra honetan zehar, Israelek Sinaiko penintsula konkistatzea lortu zuen, Suezko kanaleraino. Ordura arte Jordaniaren esku egondako Zisjordania eta Jerusalem ekialdea ere bereganatu zituen, eta Siriaren esku zeuden Golango gainak ere hartu zituen.
Lurralde hauek duten arabiar jatorriko populazio handia dela eta, Israelek ez ditu inoiz anexionatu, okupazio militarpean eduki baizik. Lurralde hauek bere menpe edukitzea Israelen indargune garrantzitsuena izan da bere auzokideekin eduki dituen negoziazio eta gatazketan.
1968an Nazio Batuen Erakundeak alde biei konpromiso zehatzak eskatu zizkieten: Israeli gerra aurreko mugetara itzultzea eta herrialde arabiarrei Israel onartzea. Hala ere, garai hartan alde batek ere ez zuen agindutakoa bete.
1967ko gerraren ondorio garrantzitsuena palestinar nazionalismoaren sorrera izan zen, Arafat bezalako liderren eskutik. Gertaera honek arabiar eta Israeldarren arteko gatazka aldatu zuen erabat; ordundik aurrera, gatazka ez da estatuen artekoa, estatu baten eta berak okupatuta dituen lurraldeetako biztanleen artekoa baizik.
[aldatu] Yom Kippur gerra (1973)
Sakontzeko, irakurri: Yom Kippur Gerra
1973ko urriaren 6an (judutarrentzat Yom Kippur penitentziako jaia) Egiptok eta Siriak Israel erasotu zuten ustegabean. Israelek uko egiten zion bake segurua lortu arte okupatutako lurraldeetatik alde egiteari. Garai hartan, gainera, Ameriketako Estatu Batuen laguntza jasotzen hasi zen era erregularrean. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak aldiz, arabiarren aldeko jarrera hartu zuen, bereziki Egiptori laguntza militarra eskainiz.
Israelek lortu zuen egun gutxitan Sinaiko penintsulatik eta Golanetik jasotako erasoei aurre egitea, eta gerra amaitu zenean lurralde okupatuak bere menpe jarraitu zuten. Hala ere, gerra honek krisi ekonomiko sakona ekarri zuen herrialde kapitalistetara, petrolioaren prezioak ikaragarri igo baitziren arabiarren boikoten ondorioz.
[aldatu] Egiptorekin bakea
Egiptoko buruzagi Anwar al-Sadatek, Israelgo lehen ministro Menachem Beginen gonbiteari erantzunez, Jerusalem bisitatu zuen 1977an. Sadatek Israelen izateko eskubidea onartu eta Knesset edo parlamentuan hitzaldi garrantzitsua egin zuen, bakea eta adiskidetzea eskatuz. Hala ere, Israelek Sinai, Zisjordania, Gaza eta Golan konkistatzea gaitzetsi zuen.
1978ko irailean Jimmy Carter AEBetako lehendakariak Egipto eta Israelen arteko bake plana adostu zuen Begin lehen ministroarekin. Era berean, akordio hori gainerako estatu arabiarrengana zabaltzea pentsatu zen, behin hauek Israelen izaera onartu ondoren.
Akordio hori Begin eta Sadatek izenpetu zuten Camp Daviden (AEB). Horren ondorioz, 1982an Israelek Sinaiko penintsula itzuli zion Egiptori, eta herrialde bien arteko harreman diplomatikoak ezarri ziren.
Arabiar Ligak akordio hau erabat gaitzetsi zuen. Hori dela eta Egipto erakundetik kanpo bota zuten eta herrialde honen kontrako boikota hasi zuten. Sadat presidentea ere, desfile militar batean zegoela, tirokatu eta hil egin zuten.
[aldatu] Libanoko Gerra
1948ko gerraren ondoren (Lehen gerra arabiar-israeldarra) Israel eta Libanoren arteko muga nahiko segurua zen. Hala ere, 1970ean Jordaniak errefuxiaturik zituen hainbat ekintzaile kanporatu zituen, eta hauek Libano hegoaldean ezarri ziren. Hortik, Israelgo iparraldea erasotzen zuten sarri. 1978an Israel Libanoko hegoaldean sartu zen terrorista palestinarren aurka eraso egiteko. Hala ere, Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabaki bati jarraituz, Israel Libanotik erretiratu zen.
Hala ere, Palestinaren Askapenerako Fronteak Israel erasotzen eta Libanoko armada kristauaren aurkako ekintzak egiten jarraitu zuen. 1982an Israel berriro sartu zen Libanon, PAFko gerrilak deusezteko asmoz. Gerra honek Israelen bertan ere krisi gogorra eragin zuen, hildako asko izan baitzituen armadak.
1982an PAFa Libanotik erretiratu zen, eta AEBen bitartekaritzaz Israel eta Libano akordio batera iritsi ziren. Nahiz eta Siriaren eraginez Libanok ez zuen ituna berretsi, Israelek tropak erretiratu zituen 2000. urtean, Ehud Barak lehen ministroaren aginduz.