Nazio Batuen Erakundea
Wikipedia(e)tik
Nazio Batuen Erakundea 1945eko Urriaren 24an sortu zen, Nazioen Liga izeneko aurreko erakundea ordezkatzeko. Gaur egun, nazioarteko erakunde handiena da. Bere helburu garrantzitsuenak hauek dira: nazioarteko zuzenbidea, ordenua, garapen ekonomiko eta soziala eta giza eskubideak bermatzea.
[aldatu] Historia
Bigarren Mundu Gerraren ostean, estatuek beraien arteko gatazkak saihestu eta arazoak bide baketsu eta diplomatikoetatik konpontzeko mundu mailako foro zabal bat eratzeko beharra ikusi zuten. Garai hartan 50 estatuk sinatu zuten San Frantziskoko Ituna, geroago Nazio Batuen Gutuna izenez ezagutuko zena. Gaur egun munduko estatu gehienak bertako kide dira (192 kide), nahiz eta bere funtzionamendu moduak sorrerako botere banaketa islatzen duen oraindik; izan ere, Gerrako garaile izan ziren bost estatu nagusienek (edo beraien ondorengo zuzenek) beto eskubidea mantentzen dute Segurtasun Kontseiluaren erabakietan: Ameriketako Estatu Batuak, Errusia (garai bateko Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren ondorengoa), Frantzia, Erresuma Batua eta Txina.
1945eko apirilaren 25an San Frantziskon ospatu zen lehen batzarra (Nazio Batuen Erakunde Nazio Arteko antolakuntza batzarrari buruz). Gobernuak ez ezezik, Gobernuz Kanpoko Erakundeak gonbidatu zituzten. Ekainaren 26an 50 herriei ordezkatzen zituztenek Nazio Batuen Erakundeko eskutitza sinatu zuten, Poloniak bere izena geroago gehitu zuen ordezkatuta egon ez arren.
Nazio Batuen Erakundeko egoitza nagusiak New Yorken daude, besteak beste, Batzar Nagusia, Segurtasun Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Nazioarteko Justizia Auzitegia eta NBEtako Idazkaritza (Administrazio Fiduziarioko Batzordea, NBEko organoa, 1994an desegin zen, Palauk independentzia lortu ondoren). Atal horiez gain, NBEn barne sartzen dira bestelako hainbat agentzia, programa eta erakunde ere, gai zehatzetan jarduten dutenak: WHO (Osasunaren Munduko Erakundea), FAO (Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundea), UNESCO (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako erakundea), UNICEF (Haurren Nazioarteko Agentzia), UNHCR (Iheslarien gaineko Goi komitea), UNEP (Nazio Batuen Ingurumen Programa), etab.
Sei hizkuntza ofizial ditu: Gaztelania, errusiera, ingelesa, frantsesa, arabiera eta txinera.
2006. urterarte, Kofi Annan izan zen idazkari nagusia. Bere lekukoa Ban Ki-moon korearrak hartu zuen 2006ko abenduaren 14an.