Holokausto
Wikipedia(e)tik
Holokaustoa Bigarren Mundu Gerran zehar Alemania naziak eta laguntzaileek antolatutako etnia batzuen jazarpen eta genozidio sistematikoari ematen zaion izena da.
Holokaustoko lehendabiziko urratsak Kristallnacht-en (kristal gaua, 1938ko azaroaren 8an eta 9an) eta T-4 Eutanasia Programan gertatu ziren. Hortik Einsatzgruppen (hil-taldeak) sortu ziren. Holokaustoko kapitulu nagusia, dena den, kontzentrazio zein sarraskitze-esparruak izan ziren, zeinen bidez Naziak jomugan zituzten pertsona guztiak erailtzen saiatu ziren.
Juduak izan ziren Holokaustoko biktima nagusiak Azken Konponbide izeneko operazioan. Biktima kopuru ohikoena 6.000.000koa da. Baina beste giza-talde batzuek ere Holokaustoa pairatu behar izan zuten. 220.000 ijito (Europan zeuden laurden bat), Sobiet Batasuneko gerra-presoak eta garaitutako herrialdeetako populazioa: errusiarrak, poloniarrak (3 milioi poloniar judutarrak eta beste 2 milioi ez judutarrak); eta mendekoak zein nahi ez zirenak: gutxituak, homosexualak, Jehobaren Lekukoak, komunistak...
Historialari guztiek halere ez dute talde horien guztien jazarpena Holokaustoko definizioan sartzen. Batzuek juduentzako mugatzen dute hitza. Horren arabera, biktimen kopurua asko alda daiteke, 8 miliotik 26 arte.
1945ean amaitu zen genozidioa.
[aldatu] Azken konponbidea
Juduen Auziko Azken Konponbidea (alemanez Endlösung der Judenfrage) Adolf Eichmannek asmatutako esapidea da. Azken Konponbidearen gauzatzea Holokaustoko fase hilkorrena zen.
Milioi bat judu hil zeuden dagoeneko 1942an Azken Konponbidea erabat gauzatu baino lehen. Baina judutar populazio osoa desagerrarazteko erabakiarekin batera, sarraskitze-esparruak eta Europako juduen hilketa sistematikoa abian jarri zen. Erabaki hau Wannsee Bileran hartu zen 1942ko urtarrilaren 20an. Bilera honetako notak ukigabe aurkitu zituzten Bigarren Mundu Gerrako aliatuek. Nurembergeko Epaiketetan frogatzat hartu ziren.
[aldatu] Ikus, gainera