Heraklio
Wikipedia(e)tik
Heraklio, latinez Flavius Heraclius Augustus, grezieraz Ηράκλειος, Hērakleios, (Kapadozia, 575 - Konstantinopolis, 641eko otsailaren 11) Bizantziar Inperioko agintaria zen, 610eko urriaren 5etik hil zen arte.
Eduki-taula |
[aldatu] Jatorria
Heraklioren aita, Heraklio izen bera zuena eta Heraklio zaharra izenez ezaguna, jatorriz armeniarra Maurizio agintariaren zerbitzupean general garrantzitsu bat izan zen 590. urtean Pertsia eta Bizantzioren arteko gudan, honen ostean Kartagoko exarka izendatu zuten, hau da Kartagoko probintziako lehendakaria, botere asko lortu zuelarik. Heraklioren jaiotza non gertatu zen oso argi ez badago ere bere gaztaroa Afrika iparraldean igaro zuen.
[aldatu] Tronuratzea
608. urtean Heraklio zaharra eta bere anai Gregorio kontrolpean zuten Kartagoko exarkatutik Konstantinopolisen zegoen Fokas agintariaren aurka matxinatu ziren Fokasek sei urte lehenago Mauriziori tronua kendu ziolako. Garaian Kartagon ekoizten ziren txanponetan bi anaiak kontsul erromatarren dohaiekin agertzen ziren. Agintari titulua eskatzen ez zuten arren ejertzitu eta flota bat antolatu zuten. Nizetasek, Gregorioren semeak, lurretik Egipto eraso zuen eta 609. urtean Fokasek hara bidalitako Bonosus generala garaitu zuen matxinatuek Niloko probintzia bereganatu zutelarik. Heraklio gazteak flotaren agintea hartu eta Sizilia eta Txipretik pasa ostean Konstantinopolisera ailegatu zen. Hiriburutik gertu zegoenean hirian sarrera erraztuko zioten aristokrata garrantzitsu zenbaitekin hitz egin zuen. Harresira iritsi zenean hiria gordetzen zuten Exkubitoreak (Prisko Fokasen suhiak kontrolatzen zituen elitezko guardiak) Heraklioren alderdira pasa ziren eta hala hirira erresistentzi gabe sartu zen. Herakliok berak exekutatu zuen Fokas.
Heraklio 610. urteko urriaren 5ean agintari kortoatu zuten jauregi inperialeko San Estebango kaperan. Handik gutxira bere andregai Fabiarekin ezkondu zen emazteak Eudozia erregin izena hartu zuelarik. Bizantziarrek asko maite zuten Eudozia 612. urtean hil zen Heraklio bere iloba Martinarekin ezkondu zelarik.
[aldatu] Pertsiako guda
Herakliok boterea lortu zuenean inperioaren egoera ez zen batere xamurra. Alde batetik Fokasek Maurizioren kontra buruturiko matxinadak Danubioko muga babesik gabe utzi zuen abaroak balkanetako penintsulan sartzea ahalbidetuz, bestetik ekialdeko mugan Kosroes II.a pertsiako agintariak Maurizio bere aliatu ohiaren herailketa bizantzioren aurkako guda hasteko aitzakitzat hartu zuen. Pertsiako Sha-aren gortean Teodosio izeneko erregegai bat bizi zen Maurizioren semea zela zioena eta pertsiarrak Teodosio tronturatu nahiean zebiltzan. Guda hau Fokasen garaietan hasi zen pertsiarrek lehen garaipenak lortu zituztelarik besteak beste Siriaraino ailegatuz. Heraklio agintari bihurtu baino urte bat lehenago Shahrbaraz general pertsiarrak Antiokia konkistatu zuen.
Heraklio bake akordio bat lortzeko aleginetan aritu bazen ere Kosroesek ez zion jaramonik egin agintari izateko eskubiderik ez zuela arbuiatuz. Heraklioren lehen erabaki militarrek ez zuten ezer onik lortu pertsiarrak mendebaldera piskana piskana urbiltzen ziozelarik. 613. urtean Damasko galdu zuen, 614. urtean Jerusalen non pertsiarrek Hilobi Santuaren Eliza kaltetu eta Ktesifonra eraman zituzten erlikia kristau ugari bereganatu zituzten, besteak beste Gurutze Santua. Jerusalenen ostean Egipto konkistatu zuten bizantzioren zereal iturri nagusia eta Anatolian inkurtsioak burutzen hasi ziren zenbaitetan Kaltzedoniaraino iritsiz Bosforoaren ekialdeko hertzean. Zenbait iturriren arabera Konstantinopolisetik bertatik pertsiarren kanpamenduetako gaueko suak ikusi zitezken bai eta su hauen islada uretan.
Inperioaren estualdia ikusirik Heraklio hiriburua Kartagora aldatzeko puntuan egon zen azkenean bere hortan utzi bazuen ere ejertzituaren birrantolaketari ekin ziolarik. Oso argi ez badago ere Heraklio inperioa themata izeneko probintzietan banatu zuela uste da, zenbait iturriren arabera banaketa Konstante II.aren lana izan zelarik. Probintzia berri hauek aldi berean eskualde militar ziren eta heuren lehendakaritza strategos zeritzan buruzagi militar baten eskuetan zegoen.
Ejertzitoa birrantolatu ostean Heraklio bera aritu zen ejertzitoko buruzagi lanetan pertsiarren aurkako guda zuzendu zuelarik; Teodosio I.aren garaietatik halako lanetan zebilen lehen agintaria izan zen. Konstantinopolis nahikoa babesturik zegoela bermatu ondoren desgaste guda bati uko eginez etsaia zuzenean eta lehen baitleen erasotzea erabaki zuen. 622. urteko udaberrian itsasoz Isoraino bidaiatu zuen Pertsia berbera inbaditzeko asmoz. Udazkenean Kapadozian nonbait Shahrbaraz garaitu zuen eta zenbait urteetan zehar frontea ekialderuntz mugitu zuen kanpaina burutu zuen. 626. urtean agintaria frontean zen bitartean abaroek, pertsiarrekin aliatu ostean Konstantinopolis eraso eta setiatu zuten. Bizantzioko armadak pertsiarrek abaroak lagun zitzatela ekidin zuen eta hiritarrak Sergio patriarkaren zuzendaritzapean erasoei aurre egin zieten abaroek setioa desegin zuten arte. Bere aldetik Herakliok jazaro eta beste zenbait herri turkiarren laguntza lortu zuen eta Sasaniden inperio barneko hika mika eta gatazkak areagotzearren aritu zen. Shahrbarazek Kosroes bere inbiritan zela eta horregatik herail zezatela agindu zuela sinistea lortu zuen generala neutral mantendu zelarik. 627. urtean Bizantziarrek Ninibeko batailan Razatesen agindupean zegoen pertsiako ejertzitoa garaitu zuten. Garaitua izan arren Kosroes bake akordioak sinatzeari uko egin zion Heraklio Ztesifonteraino, Inperio Pertsaren hiribururaino, heldu zen arte. Bizantziarrak hiriburu bertaraino iritsi baino lehenago pertsiar aristokratek estatu kolpea jo eta Kosroesen semea zen Kavadh II.a izendatu zuten agintari. Pertsiako Sha berriak bizantziori harturiko lurralde guztiak itzuli zituen eta bake akordio bat sinatu behar izan zuen. Sasanida dinastiak ez zuen guda aurretik zuen bezainbeste botere berreskuratu eta hura dekadentzi haro baten hasera izan zen. Garaipen itzel honen ondorioz 628. urteko irailaren 14ean Heraklio Konstantinopolisera triunfoaren ohoreekin itzuli zen aintzinako general erromatarren antzera.
[aldatu] Azken urteak
Pertsiarrak garaitu ostean Herakliok "Erregeen Errege" titulu pertsa hartu zuen tradizioz agintari bizantziarren "Augustus" tituluaren ordez. Handik gutxira basileus, grekeraz errege edo agintari hitzen parekoa, titulua egotzi zioten handik aurrera agintari bizantziarrek jasoko zutena. Herakliok grekera inperioko hizkuntza nagusi bihurtu zuen latinaren ordez bizantzioren helenotasuna areagotuz.
630. urtean Heraklio bere agintaldiko botere erakusketa handiena burutu zuen Jerusaleneraino bere garaipenak ospatzera joan eta Gurutze Santua (Vera Cruz) Hilobi Santuaren Elizara itzuli zuenean. Garai hartan aurrerantzean bizantziarren etsai izango ziren tribu arabiarrak Muhammad profetaren doktrinapean batu ziren inperio baten hedatze azkarrenetakoari hasera emanez. 634. urtean arabiarrek Siria eta Palestina eraso zituzten Herakliok gaixo zegoenez bere ordez bidalitako generalak garaituz. 636ean arabiarrek beraiena baino handiagoa zen ejertzito bizantziar bat garaitu zuten Yarmukgo batailan, Bizantziok ez zituen Siria eta Palestina sekula berreskuratuko. Heraklio hil zenerako Egiptoko inbasioa hasia zen eta arabiarren kontrolpean zen probintziaren zati handi askoa.
Bere agintaldiaren bukaeran zenbait probintzia galdu arren Heraklio bizantziar agintari garrantzitsuenetakoa izan zen. Inperioa hiltzorian jaso zuen eta ejertzito eta administrazioaren birmoldaketari esker Pertsiarrei berebiziko jipoia eman zien eta gauzak arabiarren erasoei aldi batez ehusteko prest utzi zituen Ekialde Urbil eta Ipar Afrikan. Arabiarrek 60 urte behar izan zituzten lurralde hauek bereganatzeko.
Erlijio kontutan kristoren izatearen inguruko sekulako eztabaida zegoen Inperio Bizantziarrean. Herakliok monofisismoaren heresia eta ortodoxia kristauaren arteko konpromezuzko erabaki bat hartu zuen eta Sergio patriarkak predikatzen zuen monotelismoa inposatu nahi izan zuen. Juan IV.a Aita Santuak monotelismoa ere heretikoa zela erabaki zuen eta honek bizantzio eta Batikanoaren harteko urteetako ezinikusia ekarri zuen. Azkenean arabiarrek Afrika iparraldeko probintziak konkistatu zituztenean monofisismoak soilik probintzia hauetan indarra zuenez monotelismoa alde batera utzi zen inperio eta Aita Santuaren arteko arremanak obetu zirelarik.
Heraklio hil zenean bere bi emazteekin izandako seme nagusiek boterea batera jaso zuten, Eudoziaren seme zen Konstantino III.a eta Martinaren seme zen Heraklonas. Agintearen bikoitztasunak arazo ugari ekarriko zituen Heraklioren bi semeen agintaldia labur askoa izan zelarik azkenean Konstantino III.aren seme zen Konstante II.a izango zen berriro inperioari nolabaiteko egonkortasuna ekarriko ziona.
aurrekoa: Fokas |
Bizantziar agintaria 610 -641 |
ondorengoa: Konstantino III.a |