Tenpluko ordena
Wikipedia(e)tik
Kristoren eta Solomonen Tenpluko Zaldun Txiroak (latinez: Pauperes commilitones Christi Templique Solomonici) edo, ohikoago, Zaldun tenplarrak edo Tenpluko ordena, Kristautasunaren orden militar ospetsuenetakoa izan zen. Gutxi gorabehera bi mende iraun zuen erakundea; 1096ko Lehenengo Gurutzadaren ondoren sortu zen, konkistatu ondoko Jerusalemera joaten ziren erromesen segurtasuna babesteko.
Elizan ofizialki 1129an onartuta eta Europan zehar karitateak bultzatuta, kideen kopurua azkar ugaltzeaz gain, boterea handitu ere egin zuten. Gurutze gorria zeraman kapa zurian bilduta, zaldun tenplarrek Gurutzadetako borrokalari talderik osatuenetakoa, entrenatuenetakoa eta diziplinatuenetakoa eratu zuten. Europan eta Lurralde Santuan gotorleku andana eraiki zituzten.
Tenpluko Ordenaren patua Gurutzatuarenarekin zegoen loturik. Lurralde Santua galdutakoan eta porrot mingarria pairatutakoan, Ordenaren aldeko babesa desagertzen joan zen. Sartzeko zeremonia sekretuaren gaineko zurrumurruek egonezina sortzen zuten gainera. Ordenarekin zorretan, Frantziako Filipe IV.a erregeak Klemente V.a Aita Santua presionatu zuen eskua sar zezan. 1307ko urriaren 13an, Filipek Ordenako buruak atxilotuta zituen. Torturapean, krimen izugarriak aitortu zituzten, eta horietako asko sutan hil zituzten. Azkenean, 1312an, Klemente V.ak formalki Ordena desegin zuen.