Pazko uhartea
Wikipedia(e)tik
Pazko uhartea (gaztelaniaz Isla de Pascua; Rapa Nuieraz: Te pito o te henua) Polinesian dagoen txiletar uhartea da, Ozeano Barearen erdian kokaturik. 163,6 km² azalera du eta 3.837 biztanle, gehienak Hanga Roan, hiriburu eta herri bakarra.
Administratiboki, Sala eta Gomez uhartearekin batera Pazko uhartearen udala sortzen du Pazko uhartearen probintzian eta Valparaisoko V. eskualdearen barruan dagoena.
Pazko uhartea garrantzi turistikoa du, bertoko rapa nuik eginiko moai harri-iruditzarrak ikusteko. UNESCOk 1995ean Gizateriaren Ondare izendatu zuen.
Eduki-taula |
[aldatu] Izena
Uhartearen ohiko izena Rapa Nui da, Tahitiko antzinako biztanleen hizkuntzan uharte handia esan nahi duena. Atzerritarra izan arren, horixe zen rapa nuik erabilitako izena.
Bertoko Rapa Nuiz uhartearen izena Te pito o te henua (euskaraz "Munduko zilborra") edo Mata ki te rangi (euskaraz "Zerurantz begiratzen duten begiak") dira. Gero Rapa Nui uharteari deitzeko ez ezik, bertoko tribuari eta hizkuntzari deitzeko ere erabili zen.
Pazko uhartea izena Jacob Roggeween nederlandar itsas-gizonak jarri zion 1722ko apirilaren 5ean, egun hartan Pazko Igandea zenez. Paasers nederlanderaz Pazkoa delako eta horixe baita izen "nazioartekoa". Bertokoek bere burua pazkoartzat (gaztelaniaz pascuense) dute.
Espainiarrek Isla San Carlos (euskaraz San Karlosko uhartea) izena jarri zion, Espainiako Karlos I.aren omenez.
[aldatu] Historia
Kondairak dio rapa nuiak Hiva izeneko uharte batetik zetozela (zientzialarien ustez Polinesiatik etorriak dira) eta lehendabizko ariki (erregea) Hotu Matu'a zela IV. mendearen inguru.
Rapa nuiek krisialdi larriak bizi ziren XVII. eta XVIII. mendeetan. Hori zela eta moai eraikitzeari utzi eta Tangata manu (txori-gizona) erritual berria sortu zen, manu tara txoriaren lehen arraultza lortzen zuena urte osorako buruzagi bihurtu zen.
Gero europarrak uhartea bisitatu zuten, tartean James Cook eta Jean-François de La Pérouse. 1859 eta 1863 artean, esklabistek 2.000 uhartetar harrapatu zituzten. Honek sazerdoteen desagerpena suposatu zuen (eta hauekin batera rongo rongo Polinesiako idazkera bakarraren desagerpena). Europarrek ekarritako gaixotasunek 110 biztanle utzi zituzten 1877an. Gero Policarpo Toro txiletar kapitainak eta Tahitiko Salmon anaiek, Dutrou-Bornierrek eta John Branderrek uharte osoko lurrak erosi zituen (berez saldu ezinak zirenak).
1888ko irailaren 9an, Txilek eta Atamu Tekena rapa nuien buruzagiak ituna sinatu zuten. Idatziak gaztelaniaz Txileri subiranotasunaren lagatzeaz hitz egin arren, Rapa Nuiz "mau te hoa kona" kontzeptuaz (euskaraz "bertoko laguna" edo protektoratua) hitz egiten zuen.
Itunaren ondorioz, bertokoek ezin zuten uhartea utzi eta ez ziren Txileko hiritarrak 1966 arte.
[aldatu] Geografia
Pazko uhartea Txileko kontinentetik 3.526 kilometrotara dago. Gainera, uharteak Pitcairn uharteak 2.075 km mendebalderantz eta Papeete 4.251 kilometrotara ditu.
Pazko uharteak triangelu itxura du, hiru aldeak 16, 18 eta 24 kilometrokoak izanik. Angelu baikotzean sumendi bat dago. Uharteko lekurik altuena 539 metrotako Maunga Terevaka da.
Aldean zenbait uhartetxo ditu, hala nola Motu Nui, Motu Iti eta Motu Kaukau (hego-ekialdean), Motu Tautara (ekialdean) eta Motu Marotiri (mendebaldean). Pazko uhartearen herri bakarra eta hiriburua Hanga Roa da.
[aldatu] Demografia
Pazko uharteak 3.837 biztanle ditu (rapa nui edo pazkoarrak). Hizkuntza ofizialak gaztelania eta Rapa Nui dira.