Luis Luziano Bonaparte
Wikipedia(e)tik
Luis Luziano Bonaparte, frantsesez Louis-Lucien Bonaparte, (Worcestershire, Ingalaterra, 1813ko urtarrilaren 4a – Fano, Marche, Italia, 1891ko azaroaren 3a), frantses hizkuntzalari eta euskalaria izan zen.
Napoleon Bonaparteren iloba zen eta bere lanek euskalaritzaren historian berebiziko garrantzia izan dute, euskalkien lehen sailkapen zientifikoa egiten lehena izan baitzen: Carte des sept provinces basques, 1863an. Euskal Herrira bost aldiz etorri zen, 1856tik 1869ra.
Euskal herrialde guztietako berriemaileak baliatu zituen, hala nola Jean Duvoisin aduanetako kapitain lapurtarra, Fray Jose Antonio Uriarte, Jose Samper apaiza, Mariano Mendigatxa bidankozetarra, Prudencio Uhalde, Klaudio Otaegi zegamarra, Aita Ibarnegarai, Emmanuel Intxauspe kalonje zuberotarra. Lan-metodo moduan, berriemaile horiei Bibliako pasarte ezagunak toki jakin bateko euskaran jartzeko eskatzen zien eta barreiatuta zeuden eskuizkribu zaharrak bildu eta aztertu zituen. Bere sailkatze-lanean, hiru multzo handitan zortzi dialekto, hogeita bost azpidialekto eta berrogeita hamar barietate bereizi zituen.