Eva Forest
Wikipedia(e)tik
Eva Forest Tarrat (Bartzelona, 1928 - Hondarribia 2007ko maiatzaren 19) idazle eta editorea, torturaren aurka eta eskubideen defentsan konprometitua eta solidarioa. Sarri Julen Agirre ezizena erabili zuen lanak izenpetzeko.
Eduki-taula |
[aldatu] Biografia
Bartzelonako famili anarkista batean jaio zen eta gurasoek eskola errepresio tresna bezala ikusten zutenez, pozik bizi izan zituen bere haurtzarako egunak eskolara joan gabe. Espainiako Gerra Zibila hasi eta berehala hil zuten bere aita, eta Sobiet Batasunera erbestera eraman behar zuen itsasontzira zihoan kamiotik atera zuen amak azken unean. 1947. urtean itzuli zen Bartzelonara eta bertan eskolatu zen lehen aldiz. Urte bete beranduago Madrila joango zen medikuntza ikasketak burutzera, psikiatria arloa lantzen bereziki. Karreraren azken urtean Alfonso Sastre ezagutzen du 1955an eta urte bereko abenduan ezkondu ziren.
1956an bere senarra auzipetua izan zen eta ondorioz Parisera mugitu ziren.
Medikuntzak gizartea aldatzeko grina eta besteei laguntzeko beharra asetzen ez zuenez, idaztera eta argitaratzera bideratu zituen bere ahaleginak. Erbesteratzeko beharrak, bidaiatzeko senak eta egoerak bertatik bertara ezagutzeko gogoak hara eta hona eraman zuten, eta, besteak beste, Frantzian, Suedian, Sobiet Batasunean eta Kuban ibili zen.
Frankismoaren azken urteetan engaiamendu horrek berak jarri zuen Forest Euskal Herriarekin harremanetan. Hain zuzen ere, 1970ean, Burgosko Epaiketa zela-eta Euskadirekin Elkartasun Komitea sortu zuen Madrilen. 1974an, Operacion Ogro idatzi zuen Julen Agirre izengoitiarekin, ETAk Carrero Blanco Espainiako Armadako almirante eta frankismoko buruzagia hil zuela oinarri hartuta. Ondorioz, atxilotu, torturatu eta 3 urtez espetxean eduki zuten, ETAri laguntzea leporatuta.
Kartzelatik irtetean Tortura y democracia ikerketan lanean jarraitu eta testigantzak hartzen jarraitu zuen. 1979. urtean TAT sorrera bultzatu zuen.
1991ean Hiru argitaletxea jarri zuen abian, sakeleko liburuen bidez argitaletxe handien merkatutik eta indarrean den pentsamendutik kanpoko idazleen lanak ezagutzera emateko. Besteak beste, Dario Fo, Noam Chomsky eta Harold Pinterren lanak eman ditu, Sastrerenez gain.
[aldatu] Bibliografia
- Operación Ogro, Hendaia, Mugalde - Ruedo Ibérico, 1974.
- Diario y cartas desde la cárcel - Paris, 1975.
- Testimonios de lucha y resistencia - Paris, 1976.
- Tortura y sociedad - (eginkide) Madril, Revolución, 1982.
- Onintze en el país de la democracia- Madril, Ediciones Libertarias, 1985.
- Diez años de tortura y democracia - Gestoras pro Amnistia, 1987.
- Dispersión -Hondarribia,Hiru argitaletxea, 1993.
- Proceso al jurado -Hondarribia, Hiru argitaletxea, 1997.
- Los nuevos cubanos - 1997, argitaragabea.
- Manual de solidarios - Hondarribia, Hiru argitaletxea, 1999.
- Irak, ¿un desafío al nuevo orden mundial? - Hondarribia, Hiru argitaletxea, 1999.
- El uranio empobrecido - (eginkide), Hondarribia, Hiru argitaletxea, 2001.
- El retorno de los intelectuales - (eginkide), Hondarribia, Hiru argitaletxea, 2004
[aldatu] Narratiba
- Febrero argitaragabea, 1956.
- Huelga General argitaragabea, 1958.
- Cuentos argitaragabea.
- El jardín argitaragabea.
- La casa argitaragabea.
- Una extraña aventura - Hondarribia, Hiru argitaletxea, 2003.