Egutegi errepublikar
Wikipedia(e)tik
Egutegi errepublikarra (edo Egutegi iraultzaile frantziarra) Frantziako Iraultza garaian asmatu eta Konbentzio Nazionalak 1793ko dekretu baten bidez indarrean jarritako egutegia da. 1793ko urriaren 5ean hasi eta 1805eko irailaren 9a arte egon zen indarrean. Egutegiaren lehen urtetzat 1792. urtea aukeratu zen, hura izan baitzen Errepublika fundatu zen urtea. Napoleonek agintea zuela, XIII. urteko Frutilisaren hamartehiko bigunez, hau da, 1805eko irailaren 9an, beste dekretu bat hedatu zen, egutegi zaharrera itzultzeko aginduz.
Napoleonek boterea galdu eta gero, denbora labur batez berriz indarrean egon zen. Horren ondoren, 1871eko Parisko Komunan eta Mussoliniren agintepeko Italian 1922an erabili zen.
Eduki-taula |
[aldatu] Egitura
Iraultzak Frantzia laikoa eratu zuenez, egutegi gregoriotarra ez zen egokiena, kristautasunari oso lotua baitzegoen. Sistema hamartarrera hurbildu nahirik, urtea 30 eguneko 12 hilabetetan banatu zuten. Hortaz, banatze horrekin bost egun solte geratzen ziren, urte bisestuetan sei. Urtea irailaren 22an hasten zen, udazkeneko ekinozioarekin batean.
Mauleko udal kontseiluko kide batek egutegia euskaratu zuen, Konbentzio Nazionalaren garaiko beste hainbat agirirekin egin zen bezala. Hola, Çaspigerren ourtheko Qhoundaderra izenarekin, zazpigarren urteko (1799) Egutegi Errepublikarra euskaraz eman zen argitara.
[aldatu] Asteak
- Hilabeteak, zazpi eguneko asteen ordez, hamarte (décade) izeneko hamar eguneko multzotan banatzen ziren. Hamarteko egunen izenak:
- Legun (Primidi)
- Bigun (Duodi)
- Higun (Triodi)
- Logun (Quartidi)
- Bogun (Qintidi)
- Segun (Sextidi)
- Pegun (Septidi)
- Zogun (Octidi)
- Bedegun (Nonidi)
- Margun (Décadi): Margunean nahitaezko jai-eguna egiten zen. Hori ez zen herritar gehienen gustokoa, izan ere, zazpi egunetatik behin hartu beharrean, hamar egunetatik behin hartzen zuten jai langileek.
Hilabeteko lehen hamarteak hamarle izena zuen, bigarren hamarteak hamartebi eta hirugarrenak hamartehi.
[aldatu] Hilak
- Udazkeneko hilak (-te amaiera)
- Mahaxte (Vendémiaire, irailaren 22 ~ urriaren 21)
- Lainote (Brumaire, urriaren 22 ~ azaroaren 20)
- Izozte (Frimaire, azaroaren 21 ~ abenduaren 20)
- Neguko hilak (-kor amaiera, frantsesez -ôse)
- Elurkor (Nivôse, abenduaren 21 ~ urtarrilaren 19)
- Eurikor (Pluviôse, urtarrilaren 20 ~ otsailaren 18)
- Haizekor (Ventôse, otsailaren 19 ~ martxoaren 20)
- Udaberriko hilak (-dun' amaiera, frantsesez -al)
- Sapadun (Germinal, martxoaren 21 ~ apirilaren 19)
- Lilidun (Floréal, apirilaren 20 ~ maiatzaren 19)
- Belardun (Prairial, maiatzaren 20 ~ ekainaren 18)
- Udako hilak (-di amaiera, frantsesez -dor)
- Bihilis (Messidor, ekainaren 19 ~ uztailaren 18)
- Berolis (Thermidor, uztailaren 19 ~ abuztuaren 17)
- Frutilis (Fructidor, abuztuaren 18 ~ irailaren 16)
Frutilis hila amaitzean, bost eguneko jai nazionalak egiten ziren. Jai horiek hasieran les Sans-Culottides izenarekin ezagutu ziren, baina III. urtearen ondoren (1795) jours complémentaires izena hartu zuten, euskaraz bethagail egunak:
- Betagail legun: Fête de la Vertu "Bertutearen ospakizuna" irailaren 17an edo 18an.
- Betagail bigun: Fête du Génie "Aztitasunaren ospakizuna" irailaren 18an edo 19an.
- Betagail higun: Fête du Travail "Lanaren ospakizuna" irailaren 19an edo 20an.
- Betagail lagun: Fête de l'Opinion "Iritziaren ospakizuna" irailaren 20an edo 21an.
- Betagail bogun: Fête des Récompenses "Ordain-sarien ospakizuna" irailaren 21ean edo 22an.
- Betagail arrasgun: Fête de la Révolution "Iraultzaren ospakizuna" irailaren 22an edo 23an. Lau urtetik behin ospatzen zen, hau da, urte bisestu edo betarras urteetan (anné bixestile).
[aldatu] Bitxikeriak
Frantziako egungo dokumentu ofizialetan, egutegi errepublikarra indarrean egon zen urteetan onartutako legeek, jatorrian jarri zitzaien datarekin aipatzen dira.
[aldatu] Bibliografia
Joseba Sarrionaindia (1997), Hitzen Ondoeza, "Kalendario Errepublikanoa" 530. sarrera. Tafalla: Txalaparta.