Eskoziako Alderdi Nazionala
Wikipedia(e)tik
Siglak: | SNP |
---|---|
Burua: | Alex Salmond |
Sorrera: | 1934 |
Ideologia: | Eskoziaren independentzia, sozialdemokrazia |
Kokapen politikoa: | Zentro-ezkerra |
Europa: | Europako Aliantza Askea |
Eremua: | Eskozia |
Egoitza: | 107 McDonald Road, Edinburg, EH7 4NW, Eskozia |
Koloreak: | Horia eta morea |
Webgunea: | www.snp.org |
Eskoziako Alderdi Nazionala (eskoziako gaeleraz Pàrtaidh Nàiseanta na h-Alba eta ingelesez Scottish National Party) Eskoziako zentro-ezkerreko alderdi politikoa da, Eskoziaren independentzia aldarrikatzen duena.
Hauteskunde gehienetan Eskoziako bigarren alderdi politikoa izatea lortzen du, laboristen atzetik. Gaur egun Europako Parlamentuan Eskoziak dituen 7 eserlekuetatik 2 ditu, Westmisterreko Komunen Ganbaran Eskoziako 59 eserlekuetatik 6 eta Eskoziako Parlamentuan 129tik 25 ditu. Azken ganbara honetan oposizioko alderdi garrantzitsuena da uneotan.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
1934. urtean sortu zen National Party of Scotlandek eta Scottish Partyk bat egin zutenean. 1945ean lortu zuen lehen eserlekua Erresuma Batuko komunen ganbaran, baina Robert McIntyrek uko egin zion postua hartzeari bere burua independentistatzat zeukalako.
1967an Winnie Ewingek laboristak garaitzea lortu zuen ordura arte beraien barruti sendoa zen Hamiltonen. Horren ondoren, SNPren indartzea areagotu egin zen Eskozia osoan zehar. 1974an Eskoziako botoen herena lortu zuten, eta 11 eserleku irabazi zituzten Westmisterren.
1999an Eskoziako devolution prozesuaren ondoren zabaldutako parlamentuan bigarren indarra izan dira, laborista eta liberal demokratek osatutako gobernuari oposizioa eginez.
2007ko maiatzaren 3an egindako hauteskundeetan (Eskoziako parlamentua berritzeko hauteskundeak) Eskoziako alderdi bozkatuena izan da, urte askotan nagusitasuna eduki duen Alderdi Laborista bigarren postuan utziz.
[aldatu] Ideologia
Gaur egun zentro-ezkerreko alderditzat jotzen den arren, historian zehar bilakaera garrantzitsu baten ondorio izan da. Eztabaida ideologikoak egon ziren National Party of Scotlandeko ezkertiarren eta Scottish Partyko eskuindarren artean.
1960ko hamarkadan hasi zen ezkerreko bilakaera. Alderdiaren batzar nazionalean onartutako zenbait dokumentuk sozialismoaren aldeko jarrera azaltzen zuten. William Wolferen gidaritzapean izaera sozialdemokrata indartzeko nahia agertu zuten, hauteskundeetan laborismoaren aldeko zen beraien herrian arrakasta handiagoa lortu ahal izateko. Horretarako sindikatuen elkartea sortu zuten, besteak beste.
1970eko hamarkadan zehar, alderdiko buruzagitzak ezkerrerako joera indartzeko asmoa agertu zuen, baina kontserbadoreekin lehian zeuden zenbait alderdikidek (historian zehar kontserbadoreenak izan diren hauteskunde barrutietako kideek) joera hori moteltzea nahi zuten, kontserbadoreei ere lehia irabazi ahal izateko.
1979an alderdi barneko talde batek izaera sozialdemokrata kendu eta sozialista jartzea eskatu zuen. Beste talde batek, aldiz, ezker-eskuina ardatza gainditu eta SNP Eskoziaren alderdia bihurtzea eskatu zuen, alde abertzalea indartuz.
Ezker-eskuin gatazkaz gain, SNPren baitako eztabaida garrantzitsuena gradualisten eta fundamentalisten artekoa da (independentzia lortzeko bideei buruzkoa): lehenengoek pausuz pausu lortu nahi dute, devolution prozesua probestuz; bigarrenek, ordea, independentzia lortzeko indar gehiago egitea eskatzen dute.
Europako Parlamentuan EFA-Europako Aliantza Librea alderdian lan egiten dute. Bereziki Galesko Plaid Cymru alderdi abertzalearekin dute harreman estuena.
[aldatu] Alderdiaren buruzagiak
- Alexander MacEwan (1934-1936)
- Andrew Dewar Gibb (1936-1940)
- William Power (1940-1942)
- Douglas Young (1942-1945)
- Bruce Watson (1945-1947)
- Robert McIntyre (1947-1956)
- James Halliday (1956-1960)
- Arthur Donaldson (1960-1969)
- William Wolfe (1969-1979)
- Gordon Wilson (1979-1990)
- Alex Salmond (1990-2000)
- John Swinney (2000-2004)
- Alex Salmond (2004-gaur egun arte)