Eliza Katoliko Erromatarra
Wikipedia(e)tik
Aulki Apostolikoa | Aita Santua. G.e. Benedikto XVI.a | |
Gobernu-mota | Kuria Erromatarra | |
Partaideak* | 1.098 milioi | |
(*)= Bataiatuen kopurua kontuan hartzen bada. Elizaren datu ofizialak (2004). |
Eliza Katoliko Erromatarra edo Eliza Katolikoa katolizismoan sinesten duten kristauen adierazpen handiena da, 1.098.366.000[1] jarraitzaile ditu mundu osoan. Kontutan izan behar da Eliza Katolikoak katolikotzat hartzen duela bere baitan bateaturiko edonor, nahiz eta egun ez duen fede edo eliza bizitzarik, beti ere espreski Elizatik ateratzea eskatzen ez badu. Horrez gainera, gaur egun funtzionamenduan dauden estatutik kanpoko erakundeen artean zaharrena da.
Eliza hitzak, grezieraz (ἐκκλησία, ekklesia) biltzarra esan nahi du eta katoliko hitzak (καθολικός, katholikos) berriz, unibertsala.
Eliza katoliko izenari "Erromatarra" adjektiboa gehitzen zaio Aita Santuaren menpeko eliz erakundea aipatu nahi denean. Izan ere, batzuek eliza ortodoxoak eta anglikanoa ere katolikotzat hartzen dituzte.
Erlijio katolikoa nagusi den herrialdeetan, Eliza Katolikoa Eliza izenez ezagutzen da soilik. Termino horrek ez du balio Suediaren kasuan adibidez, Eliza esatean eliza protestantea ulertzen baita bertan.
Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean indarra hartu zuten eliza izendatzeko beste kontzeptu batzuk: Jainkoaren Herria, Kristoren Sakramentua, Kristoren emaztea, Kristoren gorputza, etab.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
[aldatu] Erdi Aroa
[aldatu] Elizaren antolakuntza
Erromatar Inperioaren garaian (Milango ediktuaren bidez, 313an, kristauek gurtzeko askatasuna lortu zuten) Estatuko erlijio bihurtuta, kristautasuna Europan zehar Erdi Aroko lehenengo mendeetan hedatu zen. Erlijioaren zabalkuntzarekin batera, elizaren hierarkia ere eraikitzen joan zen, Aita Santuaren inguruan. Elizaren burua izanik, Erromako apezpikua Mendebaldeko botere nagusienetakoa zen, haren autoritate espirituala Petri apostoluaren ondorengotzan oinarritzen baita.
Bilakaera hau motela izan zen (V. mendetik XIII. mendera), dena den, eta oztopo andana gainditu behar izan zituen. Lehenik eta behin, Elizako dogmak kontzilioetan finkatzen ziren, eta, horretarako, denbora igarotzea beharrezkoa zen. Izan ere, zenbait dogma ez onartzerakoan, heresiak sortzen ziren, Elizaren ustetan, desagertu beharrekoak, Kristoren benetako mezua nagusi zedin. Horietako bat bisigodoen arrianismoa izan zen, zeinek Iberiar Penintsulan VII. mendera arte iraun zuen.
Horretaz gain, Bizantzioko Elizaren gainean gailendu behar izan zuen Erromako Elizak. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren desagerpenarekin, askoz boteretsuago suertatu zen zutik zirauen Inperioaren hiriburuko eliza, Bizantziokoa hain zuzen ere; eta ez zen Erromarenganako mendekotasunik onartzeko prest agertu. Onartzekotan, berdinen arteko maila handixegoa aitortuko zion Erromari. Nolanahi ere, bizantziarren ikonoklasiaren krisialdiarekin (726-843), Erromako elizak gero eta autoritate gehiago lortu zuen ekialdekoen aurrean. Ekialdeko Zisma gertatzerakoan (1054an Erromako Aita Santuak eta Bizantzioko Patriarkak elkar eskumikatu zuten) norbanakoen aginte-eremua argi ezarri zen.
Hori bezain garrantzitsua liturgia bakarra ezartzeko auzia da. Izan ere, tokian tokiko elizak bere usadioak zituen ekitaldi kristauak ospatzerakoan. Irlandako liturgiak Bazkoa beste data batean kokatzen zuen, eta Britainia Handian ere eragin handia izan zuen Whitbyko sinodora arte (664). Kristautasuna hedatu ahala (batik bat erresuma anglo-saxoietan eta frankoen artean), Erroma saiatu zen Elizako ohitura orok bat egin zezan, besteak beste, bere nagusitasuna bermatzeko.
[aldatu] Europaren kristautzea
Ebanjelioetako apostoluen ereduari begira, irizpide katolikoen arabera, "lurreko mugetaraino" hedatu behar du Elizak, fedeak batzen duen erakundeak. Horretarako, Erdi Aroan bi modu erabili ziren; alde batetik, era bakezalea eta espirituala, predikazioa, gizabanakoen borondatezko konbertsioa; beste aldetik, ordea, era bortitza eta borrokazalea, Germanian gertatu zen bezala, non kristautzeko prozesua frankoen konkisten eskutik joan zen.
Goi Erdi Aroan, Erromak, ahal zuenean, babestutako misiolarien lanak bi helburu nagusi zituen, kristautzeari dagokionez. Lehenengoa herri baten elitea edo buru nagusia konbertitzea zen, honek herriaren gainerakoak kristautzeko egundoko babesa ekarriko liekeelakoan. Honen eredua frankoen kristautzea izango litzateke, haren erregea Klovisek 496an edo 498an kristautasun erlijioa hartu zuenean (kristautu zen lehen errege germaniar paganoa). Bigarrena, nagusien azpian zeuden jende xeheei Kristoren mezua helaraztea izango litzateke, neurtzen zailagoa den prozesua (ez dago ahazterik "paganus" landetan bizi denari izendatzen zitzaion latinez). Apaiz askoren lana izan zen, eta haietako batzuk ezagunak dira: San Kolonbano Galian, San Agustin Canterburykoa Kent eskualdean, edo San Bonifazio Frisian.
Antzinako germaniarrak kristautzeko prozesuan, lehenengo pausoak Erromatar Inperioan bertan eman ziren, honek eta honen erlijio kristauak zeukan ospea zirela eta. Hala ere, eskala txikiko banan banako konbertsioak izan ziren.
IV. mendean gertatu ziren lehendabiziko kristautze masiboak, godoek arrianismoa (Eliza Katolikoak heresia izendatutako adar kristau bat) hartu baitzuten. Kristautasun katolikoa bere erlijiotzat jo zuen lehen herri germaniarra frankoak izan ziren, 496an edo 498an Reimsen batailatu zenean. Hala ere, VII. mendean ere hainbat usadio paganok bizirik zirauten. Lonbardarrak ere, Italian sartzerakoan, VI. mendean, kristautu ziren.
Nolanahi ere, horren aurretik Irlandako kristautzea iritsi zen, San Patrizioren eskutik V. mendearen lehen erdialdean. Irlanda, kontinenteko mugimenduetatik at egon arren, azkar kristautu zen, eta 590 inguruz geroztik misiolari andana abiatu ziren bertatik Europa (Britainia Handia eta Germania batik bat) kristau bihurtzera. Britainia Handiaren konbertsioa Gregorio I. Aita Santuak Kentera bidalitako komisio batekin hasi zen 596an. X. mendera arte, hein handi batean era independientean, irla kristautzean jardun zuten.
Kontinentean, frankoak kristaututa, saxoiak bortizkeria erabiliz konbertitu zituen Karlos Handiak VIII. mendearen amaieraldean. Eskandinaviari dagokionez, lehen misiolariak VIII. mendean iritsi ziren, baina XII. mendera arte ez zen burutu. Samiek, ordea, XVIII. mendera arte pagano jarraitu zuten. Baltikoko herriak ere bortizki konbertitu zituzten Iparraldeko Gurutzaden bidez, alemaniarrak ekialdera hedatzen ziren bitartean. Poloniako erregeak, Mieszko I.ak 966an onartu zuen, bere boterea indartuko zelakoan. XIII. menderako, erromatar katolizismoa Poloniako erlijio nagusia zen. Hungariako Erresuma (egungo Hungaria baino handiagoa) 970 eta 1038 bitartean kristautu zen.
Bulgaria, mendebaldeko eta ekialdeko elizen artean, Boris I.aren agintaldian hasi zen konbertitzen ekialdeko elizaren eskutik. Eliza horrek egungo Bielorrusia, Errusia eta Ukraina ere kristautu zituen, VIII. mendean hasita. Nolanahi ere, 980 inguruan hartu zuen kristautasuna Vladimir Handiak, eta prozesua XIII. mendera arte ez zen burutu.
Islama erlijio nagusia zuten tokitan ere hedatu zen kristautasuna Erdi Aroan, bortizkeria erabiliz gehienetan. Hala, gertatu zen Iberiar Penintsulan 722tik (Covadongako borrokaren ustezko data) 1492ra arte, non Granada, zutik zirauen azken erresuma musulmana, erori zen. Ekialde Hurbilean prozesu berdintsua gertatu zen, era handiagoan, lehen aldiz 1095ean Urbano II.ak deitutako Gurutzaden bidez. Nolanahi ere, Ekialde Hurbilean eratutako estatu kristauak azkenean ere erori ziren, Bizantziar Inperioak Otomandar Inperio musulmanaren aurrean (1453) egin zuen bezala. Prozesu honetan kristautasunak atzera egin zuen islamaren mesederako.
[aldatu] XI., XII. eta XIII. mendeak
Elizak oztopo bat botere laikoetan topatu zuen, Aita Santuaren eraginari aurre egin baitzioten, nork bestearen aferetan eskua sartu nahi baitzuen bere kasa zuzentzeko. Esaterako, lonbartar erregeek Erroma azpiratu nahi zuten. Hori zela eta, Aita Santuak Karolingiarrengana zuzendu ziren laguntza eskean VIII. mendearen erdialdean. Elkarrenganako laguntza honen ondorioz, mendebaldean inperioa sortu zen berriro Karlos Handiarekin (800).
Hala ere, Enperadorearen eta Aita Santuaren paperak ez zeuden zehaztuta. Hastapenean, Aita Santuaren eragina atera zen kaltetuta, baina geroago enperadore titulua desagertu egin zen, hain ahulduta zegoen eta. X., XI. eta XII. mendeetan elizan barnan hainbat erreforma gailenduta, Aita Santuaren papera indartu zen. Inbestiduren Auzia deritzon prozesuan, germaniar Enperadoreari aurre egin zion. XIII. mendean botere erlijiosoak garaitu zuen, hein handi batean eskumikatzeko gaitasunari esker, baita gurutzadak eta lortutako benetako boterea eta aberastasuna zirela-eta ere. Inozentzio III.ak, bere agintaldian (1198-1216), Dictatus Papae izeneko bulan ezarritako printzipioak (1075), pontifize-teokrazia zeritzona, abian jarri zituen.
Lehen monasterio-erreforma nagusia X. mendekoa izan zen, non Cluny (909an sortua) monasterioaren bitartez saiatu zen jatorrizko diziplinetara itzultzen. Izan ere, bizitza zuzena izan ezean, mojek zeregin garrantzitsuak, Jaingoikoari bertutetsuentzat mundu hobea eskatzeak alegia, haien izatearen beraren arrazoiak, zentzua galtzen zuen. Zistertar erreforma (1098an sortuta) berriro saiatu zen jatorrizko diziplinara itzultzen klunitarrek bizkarra eman ziotelakoan.
Nolanahi ere, erreforma batzuek elizen mugak gainditzen zituzten. Waldotarrak eta humiliati gaitzetsi zituzten kalostrapeko bizitza ez onartzeagatik. Kataroek bere burua baizik ez zuten garbitzat jotzen. Eskeko ordenak, ordea, onartu zituzten Aita Santuek XIII. mendean, eta honela, frantzikotarrak, domingotarrak, karmeldarrak eta agustindarrak sortu ziren, domingotarren kasuan, hein handi batean aipaturiko heresien aurka borrokatzeko.
[aldatu] XIV. eta XV. mendeak
Filipe Ederraren garaietatik, Aita Santuak frantziar koroaren azpian geratu ziren. Izan ere, 1309an, San Petriren ondorengoen egoitza Erromatik Avignonera eraman zuten. Honi, Aita Santuen Babiloniako presoaldia (juduen Babiloniako presoaldia gogoraraziz) deitu zitzaion. Azkenean, 1377an, Aita Santuak Erromara itzultzea erabaki zuen. Alabaina Avignonen eta Erroman Aita Santu desberdinak aukeratu zituzten, eta, ondorioz, Mendebaldeko Zisma (1378-1417) sortu zen.
Konstanzeko Kontzilioan (1414-1418) Aita Santu bakarra ezarri zen berriro. Kontzilio edo biltzarren sistema aintzat hartu zen Elizaren barneko arazoak konpontzeko, baina berehala arbuiatu zen. Batasun berria gorabehera, Mendebaldeko Zismak kalte handia eragin zuen kristautasunean barnan.
Eliza Katolikoen arazoak konpondu nahian, barnetik erreformatzeko hainbat mugimenduak sortu ziren. Horietako bat Oxfordeko unibertsitateko irakasle John Wyclifena (1325 inguru - 1384) izan zen. Wyclifek adierazi zuen Biblia baino beste autoritate-iturririk ez zegoela erlijio auziei zegokienez. Halaber, transubstantziazio, zelibato edo indulgentzien aurka mintzatu zen. Ingalaterran jarraitzaleak, lolardarrak izenekoak, lortu arren, azkenean bertan behera geratu zen mugimendua.
Jan Hus (1369-1415) txekiarraren irakaspenak John Wyclifenetan oinarrituta zeuden. Nolanahi ere, haren jarraitzaileek, husitek, lolardarrek baino eragin politiko handiagoa izan zuten. Itzala handia eskuratu zuen Husek Bohemian, eta 1415ean heresiarengatik erre zutenean, matxinada eta Husitar gerrak piztu ziren.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Statistical Yearbook of the Church edo Elizaren Urtekari Estatistikoaren arabera, beti ere