Santa Grazi
Wikipedia(e)tik
Santa Grazi |
|||
---|---|---|---|
Zuberoa | |||
|
|||
Izen ofiziala | Sainte-Engrâce | ||
Antolaketa
Estatua
Eskualdea Departamendua Barrutia Kantonamendua |
Frantzia Akitania Pirinio Atlantikoak (64) Oloroe Atharratze |
||
Posta-kodea | 64560 64475 (INSEE kodea) |
||
Koordenatuak | Koordenatuak: | ||
Garaiera | 300 – 1 881 m | ||
Eremua | 7 269 ha = 72,69 km2 | ||
Biztanleria | 250 (1999) | ||
Dentsitatea | 3 bizt/km2 | ||
Distantzia | 33 km Maulera | ||
Sorrera | 1085 | ||
Herritarra | santagraztar, udaxtar | ||
Alkatea | Albert Aguiar (2008-2014) |
||
www.sainte-engrace.com | |||
Santa Grazi edo Urdatx Zuberoako udalerria da, Basabürüan kokatua. Ezaguna da bertan dauden Kakuetako arroila eta Done Jakue bideko eliza erromanikoa direla-eta.
Eduki-taula |
[aldatu] Izena
Udalerriak Santa Grazi eta Urdatx izenak hartzen ditu. Euskaltzaindiaren arabera, udalerriaren euskal izen arautua Santa Grazi da, Urdatx sinonimo gisa jasoz[1].
[aldatu] Geografia
[aldatu] Ingurune naturala
Santa Grazi udalerria Piriniotako ipar mazelan aurkitzen da, Uhaitza ibaiaren haranean. Bi herrixkek osatzen dute: Santa Grazi Kaserna eta Santa Grazi Herriak, biak 113 departamendu-errepidean kokaturik daudelarik. Eskola eta udaletxea Kasernan daude, eliza Herrian, 5 kilometrora.
Orografia malkartsua du udalerriak eta hainbat mendi aipagarri daude bere lurretan: Binbaleta (1.758 m), Izarbe (1565 m), Jora (1.069), Lakhura (1.877 m) eta Ütziagaña (1618 m), besteak beste.
Kakuetako arroila ezagunak ere udalerrian daude.
[aldatu] Hidrografia
Udalerria Uhaitzandiren ibaiadar hauek zeharkatzen dute:
- Uhaitza eta honen adarrek:
- Abitolako erreka
- Behizarieko erreka
- Gahardoiko erreka
- Kakuetako arroiletako erreka eta honen adarrak (Axurako erreka, Althañetako erreka eta Larregorriko erreka)
- Heileko erreka
- Inkhazkubuko erreka
- Itzaleko erreka eta honen adarra (Agarratzeko erreka)
- Lukhubiñeko erreka
- Montxolako erreka
- Murrubeltzeko erreka eta honen adarra (Basabarrondoko erreka)
- Letxartsu erreka
- Ihitsaga erreka, Uthurtzehetako errekaren adarra, berau Uhaitzarena.
Udalerrian zentral hidroelektriko bat dago.
[aldatu] Udalerri mugakideak
- Ligi-Atherei eta Hauze iparraldean
- Larraine mendebaldean
Udalerria, Biarnorekin da mugakidea ekialde eta ipar-ekialdean eta Nafarroa Garaiarekin hegoaldean.
[aldatu] Historia
Santa Graziko historia bere elizari lotua dago, Done Jakue bideko etapa izatearen ondorioz Erdi Aroa bitartean garrantzia handia izan zuen kolejiatatik gelditzen den ondare ikusgai bakarra.
Kondairaren arabera Santa Grazia 303. urtean bere senargaia zen Narbonako duke batekin biltzeko Pirinioak zeharkatzeko prestatzen ari zela Zaragozan harrapatu zuten kristaua zen. Aragoiko hiriburuan martirizatua, lapur batek bere besoa lapurtu omen zuen Urdatx inguruko haritz baten azpian lurperatzeko. Beste hainbat mito bezala, idi batek aurkitu omen zuen erlikia hau, haritzaren oinean belaunikatu eta adarrak pizten baitziren. Horrela, bertan eliza eraiki zen. Haritza antzinako herrientzat zuhaitz sakratua zen eta honek, eliza leku sakratu aurre-kristau batean eraiki zela adierazi lezake.
Erreferentzia zaharrenaren arabera Urdatxen 12 kalonjedun kolejiata zegoen. 1085ean Antso V.a herrialdeaz jabetu eta kolejiata Leireko monasterioaren esku utzi zuen.
XII. mende erdi inguruan Santa Graziko Kolejiata gune gorenean zegoen. Elizaren ondoan Done Jakue bideko erromesak hartzen zituen ospitalea zegoen. Zuberoako parrokiarako erromeri leku bezala ere hartu zen. Nafarroa, Aragoi eta Biarnoko printzeak bisitatu zuten.
Gorabehera politikoek Kolejiataren gahinbeherakada eragin zuten. XIV. mendean Frantzia eta Ingalaterrako erregeen arteko gatazkak (Ehun Urteko Gerra) izan ziren, XV. mendean frantses eta gaztela-aragoitarren arteko liskarrak Nafarroaren kontrola izateko, XVI. mendean Frantziako erreinua porrokatu zuen Erlijio Gerrak. Santuaren erlikia desagertu zen, Santiagorako erromesaldiak ia eten ziren, eta ospitalea erori. Iraultzarekin Estatuak erlikia konfiskatu eta saldu zuen. Eliza bakarrik gelditzen zen.
1841. urtean eliza monumentu historiko izendatu zuten. Bere zaharberritzea 1983an hasi zen.
[aldatu] Demografia
|
2006ko biztanleria INSEEk emandako behin-behineko datua da
[aldatu] Ikustekoak
Santa Grazi ezaguna da bata bestearen alboan dituen XI. mendeko eliza erromanikoa eta hilarri tradizionalak dauzkan hilerria direla eta.
Elizarekin batera, Kakuetako arroila da udalerriko turismo-erakarlerik nagusiena.
Santa Grazi 870 kilometroetan zehar Mediterraneotik Piriniotara doan GR 10 ibilbidean egokitzen da.
[aldatu] Eliza
Leireko monastegi nafarrak sortu zuen Santa Graziko eliza 1085. urtean, Donejakue Bidea egiten zuten erromesentzako ospitale batekin. Era honetan, Konpostelarako bidean geltoki garrantzitsua bihurtu zen Pirinioak gurutzatu baino lehen. [2]
Eraikin erromanikoa dugu, laukizuzen itxurako oinplanoa duena. Zirkuluerdiko formako absideetan bukatzen diren hiru nabeetan zatitua dago, erdikoa alboetakoak baino zabalagoa dela. Halaber, lauki formako kanpaidorreaz hornitua dago.
Azpimarratzekoak dira kanpoko ataria eta barneko 12 kapitel apainduak. Azken hauek hainbat aldiz zaharberritu dituzte eta jatorrizko kokaera aldatua egon daitekeela ohartarazi beharra dago. Kapitelon apaingarriek gai ezberdinak irudikatzen dituzte, besteak beste, Jesusen jaiotza, animalia ezberdinak, kristauak lehoiek irentsita, edo Salomon erregea Sabako erreginarekin.
[aldatu] Santagraztar ezagunak
- Haritxabalet (XVIII. mende amaiera) Santa Graziko apaiza eta kontrabandista.
- Junes Casenave (1924-) euskal idazlea.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Euskal Onomastika Datutegia Santa Grazi. 2008ko apirilaren 14an ikusia
- ↑ Santa Graziko udala
[aldatu] Kanpo loturak
- Santa Grazi Auñamendi entziklopedian Euskomedia fundazioaren webgunean