Hititak
Wikipedia(e)tik
Hititak Anatoliako penintsularen erdialdean finkatu ziren jatorri indoeuroparreko herri bat izan ziren. Hattusa hirigotortua zuten hiriburutzat, eta K. a. XVIII. eta K. a. XII. mendeen artean iraun zuten. Indoeuropar hizkuntza zuten, eta bi idazkera erabiltzen zituzten, beraiena eta asiriarrei harturikoa. Diziplina, indarra eta diplomazia erabiliz garaiko inperio handienetakoa sortu zuten, Babiloniar Inperioa eta egiptoar inperioaren alboan. Gudarako gurdi arina hobetu zuten (borroketan abantaila emango zien arma bihurtuz), eta burdina erabiltzen aurrenetakoak izan ei ziren ekialde hurbilean.
[aldatu] Hititen arkeologia
Egun asko dakigu hititen herriaz; baina, nahiz eta bere garaiko inperio boteretsuenetakoa izan, bere suntsipenaren ostean ia guztiz ahazturik gelditu zen XIX. mendea arte, bibliako eta beste testu batzuetako aipamen hutsak besterik ez zeudelarik.
Hitita izena erabiltzen dugun harren, ez dakigu ziur zein zen beraiek beren herria izendatzeko erabiltzen zuten hitza. Garaiko asiriar kronikek "Hatti-ko herria" deitzen zioten, eta gerora bibliako erreferentzia ezberdinetatik hartu zen (eraldaturik) hitita hitza.